Hasierako orrialdeaBideoakDoinutegiaArgazkiakPrentsaEuskal Herriko Trikitixa Elkartea

 

"MUSIKAK ALDAKORRA IZAN BEHAR DU"

 

Joxi Ubeda

Berria, 2003-07-22

 

        Ia hogei urte dira joseba tapiarekin jotzen hasi zela. Urteotan, hamaika kantu eta saio egin dituzte elkarrekin. Saltsa ugari dastatu. Laukote gisa ari dira azken urteetan, arkaitz miner eta txus aranbururekin, eta horko oinarria da leturia, erritmoa panderoaz eta zapatez eramanez

        Gustura izan ginen Leturiarekin solasean. Bere ohiko irribarre kutsakorraz mintzatu zaigu musikaz eta bere gainerako zaletasunez: mendia, bidaiak...

        Edozein musika tresna jotzera ausartzen zara?

        Ausarta izan beharra dago. Baina ausarta ez da suizida izatea. Plazan jendaurrera atera aurretik oinarri bat eginda badaukazu, eta galtzen baldin bazara badakizu nora joan behar zaren. Hogei urte baino gehiago daramatzat pandero bat daukadala eskuan, eta oinekin hasi nintzenean, une batean zapata erritmikoekin galduz gero, panderoak ekartzen ninduen bidera. Sei urte badaramat hankekin jotzen, hasi besterik ez naiz egin, baina quebectarrek eta irlandarrek beren bizitza osoan hankekin jo dute, guk panderoarekin bezala. Euskal Herrian hasten ari gara. Hemen, ni eta beste hiru lagun egongo gara, besterik ez.

        Aitzindaria zara 'death metal' musika panderoarekin jotzen.

        Panderoak beste usain bat, beste kolore bat ematen zion musika horri. Panderoak normalean ez du inon molestatzen. Perkusioak, berez, ez du inon ere traba egiten. Hor dago, oinarri bat da, eta disko batean, nahi baldin baduzu, bolumena eman edo kendu egiten diozu. Tapia eta Leturia Banden disko horietan, gainera , beste tresna bat ere erabiltzen nuen, garbitzeko taula -garai batean erabiltzen zena- titareekin. Geroztik utzita daukat. Louisiana aldean erabiltzen da tresna hori, cajoon eta egiteko.

        Munduko beste hainbat tokitako panderoak dauzkazu etxean. Guztira, zenbat?

        Ehundik gora. Leku askotakoak. Jerusalemetik ekarri zidaten bat, Palestinako beste bat ere badaukat, eta Egipto, Japonia, Amerika eta Afrikako iparraldeko beste batzuk ere bai.

        Pandero bakoitzak bere ezaugarriak ditu.

        Sekula ez daude bi pandero berdinak. Denak desberdinak dira. Egiten ari zaren diskoaren arabera, erabiltzen dituzun tresnen arabera, pandero bat erabiliko duzu edo beste bat. Indiako pandero jotzaile bat ezagutu dut duela gutxi: Ganesh Anan Dan. IZ estudioetan lanean egon da. Ikaragarria da. Grabatzeko garaian hainbat pandero probatu beharrean, berak panderoak afinatu eta pandero bakoitza tonu batean zeukan. Nota edo tonuaren arabera, pandero bat edo beste bat erabiltzen zuen. Garrantzi handiko xehetasunak dira.

        Panderoa, hala ere, ez da zure lehenengo musika tresna izan.

        Ez. Nire aita musikaria zen eta txikitatik hasi nintzen solfeoa ikasten, hiruzpalau urterekin. Aurrena izan zen pianoa, gero gitarra, trikitixa, eta flauta txikia ere bai. Eluterio Tapiarekin, Josebaren osaba zenarekin, trikitixa jotzen ari nintzela, ezagutu nuen Joseba. Orduan, panderoa jotzen hasita nengoen, nahiz eta trikitixa ikasten nuen. Ordurako, Txanbela taldean nengoen. Han gitarra jotzen nuen, atabala. Gero Josebarekin hasi, panderoa hartu, eta perkusioak jotzen hasi nintzen.

        Zein musika tresna joko zenuke gustura?

        Biolina ikasteko aukera eman diot nire alabari. Niretzat biolina oso kutuna izan da beti. Tresna hori eskuetan hartzeko aukera ez dut izan sekula.

        Biolinarekin oso doinu politak egin ahal dira, musika klasikoaz gain.

        Nire alaba orain ikasten ari da, baina momentuz ez dut nahi klasiko aldetik sartzea. Klasikoan, ume bat aspertu egiten da, nazkatu. Niretzat, hobe da 11 urteko haur bat saiatzea gauzak belarriz ikasten eta tresnari gustua hartzen. Piezak ikasi, tonua hartu, eta gero teknikak-eta berak aukeratuko ditu behin maila bat daukanean.

        Lehen Euskal Herrian biolinistak bazeuden, herri biolinak, eta denak galdu ziren, niretzat denak joaten zirelako klasiko aldera. Orkestratan eta, klasikoa jotzen ari den jende askori partitura kendu eta ez dakite jotzen. Galduta daude. Ez dakite zein tonutan jotzen ari diren. Eta afinatzeko ere ez dira gai, belarriak huts egiten dielako. Benetan penagarria da hori.

        Lehen, panderista soinu jotzailearen laguntzailea zen, diru gutxiago irabazten zuen. Tapia eta Leturia alde horretatik ere aitzindariak izan zarete: bikote gisa arituz, eta biek kantatuz, bi ahotsetan.

        Garai batean, XX. mendearen hasieran, albokalariek, biolinistek edo txirula jotzaileek panderoa erabiltzen zuten oinarri erritmiko gisa -120 urte dauzkaten panderoak ezagutzen ditut-. Soinua etorri zen Euskal Herrira, eta soinuak aukera gehiago eskaintzen zituen, baxuak dituelako, tresna osoagoa baita. Orduan, musikariak soinua jotzen hasi ziren, trikitixa jotzen. Gainera, piezako kobratzen zen. Soinua baldin bazegoen -trikitixa edota soinu handia-, jendea guztia soinua zegoen tokira joaten zen. Soinuarekin, erritmoa egiteko zerbait behar zen. Irlandarrek hankak eta gero bodhram bat erabiltzen zuten, eta hemen panderoa. Hark markatzen zituen fandangoak eta arin-arinak. Erromeria horretara joan zen.

        Panderoa jotzeko teknika aldatu egin da.

        Bai. Garai hartako teknika eta oraingoa oso desberdinak dira. Lehengoa oso aberatsa zen eta galdu egin dugu, zoritxarrez. Galdu egin dugu orain dela ehun urteko teknika. Gailegoek, adibidez, gorde dute. Ganesh Anan Dan indiarrak ere badaki teknika hori.

        Gu beste teknika batekin hasi ginen, atabalen, danborraren teknikarekin. Gero txapelketak etorri ziren, 70eko hamarkadatik aurrera, eta txapelketetan behar zen protagonismoa. Txapelketetara bi lagunek ondo konpenetraturik joan behar zuten, eta panderoa azaltzen hasi zen, jotzeko teknikak. Horrekin batera etorri zen abiadura garbitasuna, bai panderoan eta bai soinuan. Panderoak orduan hartu zuen bere burua. Zer esanik ez, kantatzen hasi ginenean. Gu baino lehenago, Oria anaiek, Zumarragakoek, biek kantatzen zuten beti.

        Jendaurreko saioetan jotzen duzunean nabarmena da musika sentitu eta bizi egiten duzula. Transmititu egiten duzu hori.

        Jotzen nago, baina jotzeaz gain, jolasten. Orkestra sinfoniko batean jo beharko banu gauza bat, ez nuke barrerik egingo. Paperari begira egongo nintzateke, non jo, non sartu... Tapia eta Leturia taldean ondo dakigu jo behar duguna, eta jotzeaz gain jolasten nago, esperimentatzen.

        Erromeriak aldatu egin dira denboraren poderioz. Baserritarren mundu horretako festak galtzen hasi dira. Mundu hori amaitzen ari al da?

        Niretzat dena batera etorri da. Galdu da baserria, baserriko hizkera galtzen ari da. Musika, kultura, ohiturak. Baserria hustu eta gainera kalera etorri da. Duela 25 urte baino liburu gehiago idazten da orain, euskaraz, eta euskarak garrantzia handia hartu du. Musikan, berriz, multinazionalek dominatzen dute. Gure gauzak museokoak bezala geratzen ari dira. Joera nagusi batzuk daude. Horren aurka zer egin? Gu, adibidez, moldeak hausten saiatzen gara, gauza bereziak eginez. Orain beste folk ikuspegi bat ematen dugu. Musikak aldakorra izan behar du, bestela bat-batean porrot egiten duzu. Eta aldakorra izanda ere, mirari bat da mantentzea eremu urriko kultura bateko berezitasunak. Oso zaila da. Musutruk gabiltza. Bestela, beste erremediorik gabe, zure burua multinazional bati saldu behar diozu. Nik beste lanbide bat daukat, Josebak beste zeregin batzuk ere baditu. Hobby bezala hartu dugu musika, eta aurrera.

        Badaude trikitilari gazte batzuk lehengo joera zaharrean jarraitzen dutenak, udan ohiko erromeriak egiten dituztenak, herri txikietan eta auzo txikietan. Ederki. Hori ere mantendu beharra dago. Guk pare bat egiten ditugu urtero, erromeria klasikoak, kapritxoz, betidanik egin izan diren tokietan. Jendeak ondo pasatzen du. Jendea ibiltzen da, dantza egitera joaten da. Horiek ere bete behar dira. Hori ezin da utzi. Oraindik jende bat badago, nahi duena trikitixa eta panderoa. Posibilitateak dauzkagu erakusteko gai garela gauzak egiteko, saltzeko eta kanpoan ibiltzeko, euskal musikarekin.

        Mundu osoan ibilia zara, jotzera joan aurretik ere bai. Urtero egiten zenuen txango bat hainbat lagunekin.

        "Joseba, urrian lanik ez hartu, ni ez naizelako egongo", esaten nion Josebari. Orain dela hamabi urte ezkondu nintzen, eta familia daukat, eta horrek pixka bat mugatu egin nau batera edo bestera joateko garaian, nahiz eta geroztik egin izan dudan halako abenturatxoren bat. Txikitatik, musikaz gain, mendia izan da nire kutuna. Beti mendian ibili izan naiz: espeleologia egiten, eskalatzen, mendiko eskia egiten... Musika emanaldirik ez bazen asteburuan, nire ohea mendi tontor bat izaten zen normalean. Horrek zer eskatzen zuen? Prestatua egotea, espedizio batzuetan sartzea. Dhaulagirira joan izan gara espedizio batean, laguntzera; Kilimanjaro igotzea; Huascaranera; Saharara. Kontua ez zen Huascaran edo Kilimanjaro igotzea bakarrik: berrogei egun hartu, mendia igo edo Sahararen erdian ibili eta Hogarreko mendiak eskalatu, eta ikusi, begiratu. Horrela, hamahiru bat bidaia egin nituen, bidaia handiak. Australian ezik, beste kontinente guztietan izan naiz.

        Villabonan jaio, Elgoibarren bizi, eta Villabonara itzultzean murgildu zinen musika munduan.

        Bai. Zazpi urterekin nire aita Elgoibarrera joan zen lanera eta familia guztia hara joan ginen. Elgoibarren amaitu nituen ikasketak, eta han sekulako lagun piloa dut. Nire benetako koadrila elgoibartarra izan da. Bestela, harreman handia dut Goierrirekin. Ataunen baserria baitaukagu. Orain, Villabonan lan egiten dut baina Adunara joan naiz bizitzera.