Hasierako orrialdeaBideoakDoinutegiaArgazkiakPrentsaEuskal Herriko Trikitixa Elkartea

 

"Soinujole onenak ere, jendearekin tratuan ez badaki, bide motza du"

 

Estitxu Eizagirre eta Ixiar Eizagirre

Argia, 2003-01-12

 

        Elgetak erakutsi zion tradizioari hauspoa ematen, herriaren doinu ondareari nork bere arnasa jartzen, zaharretik berria sortzen. Soinu txikia "infernuko hauspoa" izatetik, Kursaaleko fokoen atentzio puntu izaterainoko bidea bizi izan du Lajak. Landakanda izan du bikote lehial, hogeitaka urte "dibortziatu" gabe eman baitute. Zaila izango omen da halako gizon zuzena eta kantari ona topatzen. Lajak beste urte askoan segiko du erromeriaz erromeria, etxetik ateratzeko motibo ederra baita. Kanpoan festarik ez denean, berriz, erromeria berak ekartzen du etxera: Laja jatetxean afaria iragarri, jantokia bete-bete egin, eta oinetakoak puskatu arte joaz soinua.

 

        Hamahiru urterekin hasi zinen, aitak erakutsita. Aita nolako soinujolea zen, eta nola iritsi zen soinua zure eskutara?

        Aita hemengo auzoetan ibilia zen soinua jotzen, Izarraitz mendiko erromerian ere jotzen zuen. Gero, baserriari oso lotuta zegoenez, ez zen gehiegi azaldu. Baina bere kasa ikasia izateko nahiko egokia zen. Baserritik bestaldeko mendian bizi zen bere emaztea izango zena, eta baserritik soinua jotzen zion harantz begira jarrita. Hala bidaltzen zizkion arratsalderako seinaleak goizean. Berak hala esaten du, hego haizea zegoenean bestaldetik ederki entzuten zela! Garai hartan ondorengoei erakusten zitzaien, bati behintzat beti. Arreba eta bioi erakutsi zigun. Arrebak berak ere oso ondo jotzen zuen. Garai hartan emakumerik ez zen horrela inon ibiltzen, eta utzi egin zion. Apaizen beldurra, infernuko hauspoa bazela eta ez zela.

        Elgeta izan zenuen gero maisua

        Elgeta Tolosan zegoen, Miserikordian ordurako. Sakabiri hots egin zion, ea soinua jotzen ikasi nahi zuenik ba al zen galdezka. Nik beti Sakabiri lataka jarduten nion, ikasiko nuela eta zera, baina hark astirik ez. Sakabik bidali zuen nigana. Orduan 14-15 urte izango nituen. Oraindik gogoan dut nola etorri zen: ama kalera jaitsia zen tratura eta harekin etorri zen, behetik gora, gizon txiki bat, soinua asto gainean zuela.

        Nolako gizona zen Elgeta?

        Mutil zaharra zen. Oso argia. Gu denak apaizaren beldurrez, eta hark ordurako sekulakoak botatzen zituen! Gerran-eta ibilita zegoen, eta oso azkarra zen. "Zuei sartzen dizkizuete aleak!" esaten zigun. Hark esandakorik ez genion ezer sinesten, beti beldurrez gu. Oso gizon atsegina zen. Soinujole bezala zer esanik ez, maisurik onena. Denei berdin-berdin jotzen erakutsi zien. Hark erakutsitakoren bati esan "jo ezak halako pieza", jotzen hasi, eta denek berdin jotzen genuela konturatzen ginen.

        Eta nola erakusten zuen?

        Aurrez aurre. Bera jarri soinua jotzen, ikasten ari zena bere aurrean, eta hari begiratuta, hari segika ikasten genuen. Berak piezak beti paperetik ikasten zituen, baina erakutsi aurrez aurre. Oso interesgarria da aurrez aurre erakustea, zuk piezari ematen diozun zentzu hori zuzenean pasatzen diozulako ikasleari. Hori paperetik oso zaila da. Paperetik joko duzu bertan jartzen duen bezala, baina hain justu berak ematen zion aire hori oso inportantea zen. Buruan dagoenari ere zentzu hobea ematen zaio paperekoari baino. Kantatzean ere, buruan daukazun bertso bati ematen diozun zentzu hori, ezin diozu eman irakurrita kantatzen ari zaren bertso bati. Soinuarekin gauza bera gertatzen da.

        Elgetak 45 urte inguru izango zituen, eta zu mutil kozkorra, haren ikasle zinenean. Lehen lehengo trikitixa hura nolakoa zen?

        Lehen-lehen, panderojole gabe ibiltzen ziren asko. Ni gogoratzen naizela, Sakabi eta Egañazpi hasi ziren bikote bezala. Lehenago berriz, Gelatxo ibiltzen omen zen andrearekin. Baziren gehiago ere. Baina bolada bat izan zen, auzoetan erromeri mordo bat egiten zena, Erreziletik Tolosara bitarteko auzo denetan festa jaiero egiten zena. Soinujolea bakarrik joaten bazen, askotan panderoa bada ezpada ere eraman egiten zuen; auzoetan beti bazen panderoa jotzen zekien bateren bat, eta hark laguntzen zion. Panderoa jotzen zekiena gustura, eta bakarrik ari zena ere bai, biak pozik. Debaldeko laguntza zen, garai hartan diru aldetik ordain gutxi izaten zen-eta.

        Erromeriatan sarrerarik-edo kobratzen zenuten?

        Mutil gaztea nintzela Ernion txartelak saltzen genituen, dantza duro bat-edo kobratzeko. Hori probatuta gaude. Diru-biltzailea eramaten genuen, edo bestela panderojolea jartzen zen txartelak saltzen. Dantza lotua jotzen genuenean, dantzan jende asko bazen, orduan sartzen zen jende artera. Eguraldi ederra eta jende asko bazen ondo, baina aldamenean soinujole hobea jartzen bazen, ni batere gabe. Orduan ahal zen eta builarik handiena atera behar soinuari, jende mordoa biltzeko! Orain, berriz, udala joaten da soinujole gazteengana zenbat kobratzen duten galdezka, eta eguraldi txarra eginda ere berdin-berdin kobratzen da. Garai hartan, gainera geuk pasa behar lotsa, eskera bezala joaten ginelako. Erromeriara joateko ere makina bat denbora oinez eman behar. Bizimodua, "larre motza" esaten zaiona huraxe zen. Orain orduko baldintzatan joan behar balute, pila ederra geldituko litzateke etxean. Guk sekulako gogoa izaten genuen eta joan egiten ginen.

        Nolakoak ziren orduko erromeriak?

        Oso onak. Orduan jendeak zuen dantzarako gosea! Dantzari asko zegoen, soinujole gutxi, eta auzoetan jendea amorratzen egoten zen dantzarako. Egundoko erromeriak egiten ziren, erromeri sano haiek. Auzoan neska ederrak bazeuden, kanpotik mutilak etortzen ziren; huraxe izaten zen etortzeko motiboa. Bukaera izaten zen polita: auzoko eta kanpoko mutilen artean sesioa. Ordu askoko erromeriak izaten ziren; arratsaldean garaiz hasi, bostetan, eta udan hamarrak aldera amaitzen ziren. Gauean tabernan, mutil zaharren batzuekin parranda pixka bat egin, eta aspertzean etxera.

        Emanaldiz emanaldi, bolada batean pasara ederra hartu omen zenuten Iturbidek eta biek...

        Diskoa atera eta ondorenean, hilean egunak baino emanaldi gehiago eginak ginen gu. Erreta ibiltzen ginen. Iturbidek esaten zidan: "Orain ez zaio igartzen soinu jotzen ari garen, edo makinan ari garen!". Hainbeste orduz jo eta jo arituta, azkenerako zentzurik ez genion ematen batere.

        Ezkontzatan asko ibiltzen ginen, erromeriatan ere bai, eta jaialdi asko izaten ziren garai hartan. Orduan galarazia zegoen dena, euskara kontuetan-eta kantatzea erabat debekatua zegoen, eta izen pixka bat zuen gitarra joleren bat jarriz gero, frontoi denak bete egiten ziren. Gogoan dut jendearen harrera ederra! Gu jaialdiari hasiera eta bukaera emateko eramaten gintuzten.

        Plaza gizona izateko, nortasuna ere klase batekoa beharko du...

        Jendearekin tratuan jakitea da garrantzitsua. Publikoarekin atsegina izan, harremana eduki, eta alaia izatea. Batzuek pentsatzen dute sekulako soinujole edo musikariak direla, eta publikoari kasurik ere ez. Hori motza izaten da. Hor benetan garrantzitsua jendearen aurrean nortasuna izatea da, normal ibiltzea, eta bromazalea izatea.

        Zer zen orduan plazagizona izan eta baserriko martxari eutsi beharra?

        Nire bizimodua gogor samarra izan zen. Baserrian bizi nintzen, gurasoekin, eta ganadu eta lur asko genuen. Auskalo zenbat lan egiten zen. Askotan idiekin goldan ari nintzela, Sakabiri aditutako piezaren bat akordatu, eta etxera joaten nintzen korrika, buruan nuen hura jotzera. Garai hartan ez zegoen kaseterik ez ezer, eta eskerrak gehiena buruan gelditzen zitzaidan. Baserriko lanak eta plaza gizon bizimodua batera egitea gogorra zen. Etxeko martxari ere segitu nahi izaten zenion, ahal zenuela. Aita soinujolea zen, ama ere oso zalea... Ni soinua jotzen ibiliz gero, haiek gustura, berdin zitzaien ezer egiten ez banuen ere. Baina tarteetan egin egin behar izaten nuen. Baserrian, badakizu...

        Frankismoak zer eragin izan zuen erromeri giroan?

        Pasa genituen susto ederrak! Behin, Landakanda eta biok Loiolan ari ginen jotzen, Kiruri jatetxean. Bi ezkontza ospatzen ziren, eta Azkoitiko Beti Alai orkestrak jotzen zuen batak ekarrita, eta gero guk txanda hartzen genien, beste ezkontzak ekarrita. Beti Alai euskal kantak jotzen ari zen; "Itziarren semea" edo horrelakoren bat zen. Behintzat, aldamenean hotel zaharra zegoen, eta guardia zibilen ezkontza bat bertan. Guk txanda hartzean, sartu zaizkigu zortzi bat guardia zibil, gorbata gorri eta traje urdin urdinarekin. Batek galdetu zigun: "Que estais tocando?". Nik, "trikitixa". "Habla en cristiano" esan zigun, eta ea lehen jotzen ari zirenak nor ziren. Guk ez genekiela zein ziren (bitartean isilik egoteko keinua egiten ziguten orkestrakoek). Atxilotuta geundela. Landakandak txapela poltsikoan sartu, nik soinua bota mahaipera, egundoko jende mordoa sartu zen guardia zibilen gainera, eta atzeko atetik ospa egin genuen, Azpeitira. Han salbatu ginen epelak hartu gabe. Leku askotan bozgorailu eta traste tartetan gelditzen ginen, beldur galantarekin. Bertsolariekin-eta jarduten genuenean ere etortzen ziren, beti zer ari ginen jotzen edo zer ari ziren kantatzen galdezka. Bertsolariek multa pilo galanta ordaindu zuten garai hartan, eta gu ere beti tartean.

        Elizaren presioa ere antzemango zen erromeriatan...

        Gaztea nintzela, akordatzen naiz Azkoitian dantza sueltoa bakarrik jotzen zela. Amezketan ere bai, arratsaldeko bostetan hasi eta gaueko hamarrak arte, dena sueltoan; denak izerditan lehertuta! Hanka hotsa, kriskitina eta soinua bakarrik aditzen zen, beste ezer ez. Epeldek-eta kontatzen didate, alde batean dena sueltoa jo behar, eta etxe atzean edo ezkutu samarrean lotua jarri, eta sekulako istiluak izaten zirela. Gerora, gurekin saxofoia jotzen zuen Poxpiren aitak, alkate jarri zenean, dantza lotua jarri zuen Azkoitian. Zer gertatuko, eta gure arrebak eta denak, han dantzan jardun zutenak eta ez zutenak, kongregaziotik kanpora bota zituzten!

        Donostiako Trinitate Plazan jokatu zen Lehen Trikitilari Txapelketan atera zinen zu. Nola gogoratzen duzu txapelketa hura?

        Urte mordo batean ez zen txapelketarik egin. Sakabi eta Elgetaren gazte denboran egiten omen zen, baina gero urte askoan geldirik egon zen, eta berriz ere hastea nahi izan zuten, Donostian. Rafael Agirre hasi zen aurren aurrena Trinitate Plazan egiten. Joxe Mari Iriondo Loiolako Herri Irratian zegoen, eta hark esan zigun joateko. Halaxe, ni Berastegirekin joan nintzen, Iturbide Errotarekin, eta ahal zen bezala bikote mordoska bildu ginen. Nire lehenengo txapelketa hura oso polita izan zen. Bikote bezala, Sakabi eta Egañazpik atera zuten onena. Beste sari bat ere bazen, soinujole onenarentzat, eta beste bat panderojole onenarentzat. Ni Berastegirekin joan nintzen, eta nik atera nuen soinujole onenarena. Eta Iturbide beste soinujole batekin joan zen, eta hark panderojole onenarena atera zuen. Hasiera hura sorpresa handia izan zen niretzat. Txapelketak egundoko indarra eman zigun, eta lan asko etorri zen handik aurrera. Lehen dezente ibiltzen ginen. Txapelketara joan ostean, berriz, askoz ere gehiago.

        Lehenengo diskoa 1974an atera zenuen, Iturbiderekin. Nahiko saltsa jarri omen zuen...

        Orduan ez zegoen disko askorik ere. Sakabi-eta izango ziren diskoren bat atera zutenak. Gure disko horretan zeuden, lehendabiziko aldiz, piezak bikotean jota, lehenengo melodia grabatu eta gero horren bariazioak erantsita; hortik etorri zen misterioa. Soinu handia jotzen zutenak etorri ziren Debara, eta gauza bat galdetu behar omen zidaten: "Oraintxe goia aditzen duk, altutik notak aditzen dituk, oraintxe baxutik aditzen dituk... horiek denak batera soinu handiarekin ez zegok egiterik, eta hik nola egiten dituk?". Nik, berriz, "hor zeudek behintzat eginda-eta...", lehenengotik esan ez! Ez zeuden erantzunarekin konforme, eta berriz ere horri bueltaka hasi zirenean, azkenean esan egin nien, eta nola egiten zen jakinda konforme joan ziren. Baina lehenengotik magia handi samarra zela pentsatu zuten!

        Landakandarekin lehenengo diskoa Madrilen grabatu zenuen. Handik pasadizo bat baino gehiago ekarri ere bai...

        Seat 133 batean joan ginen, lau lagun, bi soinu, maletak... ateak lehertu beharrean, Madrileraino. Bidean aurrera gindoazela, diskoetxeko bi gizonek oraindik ez zekiten zer jotzen genuen ere. Batak besteari esan zion: "Hi, hauek zer jotzen duten arrastorik gabe Madrilera bagatxik ba!". Eta bide ertzeko taberna txiki batean gelditu ginen, pixka bat jotzeko. Hasi nintzen jotzen, Landakanda hasi zen kantuan, eta nagusiak: "Bale gaituk! Honek daukan bozarekin, kristoren diskoa egitera goaz!". Hala joan gara Madrilera, eta sartu gara estudio famosoren batera. Hura guretzat ikaragarria zen. Hasi da Landakanda soinua ateratzen, eta barruan armiarma handi bat. Erdi lotsetan, "hori ez duk Lajakoa, e? Hori beste nonbaiten sartuko ziaten!" esan nien nik. Ez nuen aitortu nahi baserrian sartua zenik!

        Trikitixa eta soinu txikia nahastu egiten ditugu askotan.

        Asko nahastuta daude. Trikitixa deitzen diote soinu txikiari, eta ez da hala. Trikitixa soinu txikiarekin jotzen den pieza klase bat da, kantatua den pieza hori. Eta soinu txikia akordeoi diatonikoa esaten zaiona da, bi ilarako soinua. "Trikitixa jotzen ari dira" esaten dute askotan, eta gerturatu eta tangoa jotzen ari dira agian, edo kalejira!

        Nola ikusten ditu Lajak Kepa Junkera eta Joseba Tapia?

        Guk beti pena handia eduki dugu jendeak soinu txikia gutxiagotzat jo izan duelako. Soinujole handienak ere hamaika aldiz lotsatuta eduki gaitu, esanda: "Soinu horrekin? Horrekin ez zegok ezer jotzerik, baxurik ez zeukak-eta!". Alegia, ezkerrarekin ez daukala kapazidaderik. Gaur pentsa ezazu noraino ailegatu den soinu txikia. Egundoko poza ematen dit. Pentsa Kepa bat noraino heldu den soinu txikiarekin, orkestrarekin jotzera ere ailegatu da. Tapia ere taldean ibiltzera iritsi da. Nik uste gauza denak egin litezkeela. Beti ez dituzte jo behar Elgetaren piezak. Jendeak denetik behar du. Baina denetatik esaten denean, ordura artekoa ere ez dela gutxiagotzat jo behar esan nahi du. Trikiti modernoarekin hasi zirenean, gertatu zen jada herri mailan inork ezin zuela dantzarik egin. "Horrekin ez zegok dantzan egiterik" esaten zuten dantzariek haserre;baina gazteentzat eta saltoka ibiltzen diren horientzat primerakoa zen. Badakigu onak direla, eta trikitiari izena eman diotela. Baina askotan gauza bati ematen zaio sekulako inportantzia eta beste batzuei batere ez.

        Nazioarteko Trikitixa Jaialdira Piamontetik, Kataluniatik, Kolonbiatik etorri dira soinujoleak. Haien berri bazenuten orain arte?

        Bai. Andorra inguruan, Seu d'Urgell-etik joanda bada herri txiki bat, Arseguel izena duena, eta han jaialdi bat antolatzen dute kanpoko soinujoleekin; Kolonbiatik, Txinatik, Italiatik eta toki askotatik etortzen dira. Iturbide 20-25 urtean joango zen hara, eta ni ere askotan joan naiz. Gaueko hamarretan hasten da erromeria edo jaialdi hori, eta jendea arratsaldeko bostetarako jartzen da plazan, tokia hartzeko! Orain jende inportantea hasi dira ekartzen jaialdira, aurtengoan Errusiatik txapelduna ere etorri zen; baina orain arte han inguruan erromeria asko egindako aitonak etortzen ziren, 60-80 urteko aitonak, hartu soinua bizkarrean eta jotzera. Eta nola estimatzen zituzten! Epelde eta Iturbide lehenengo aldiz joan zirenean, hasi omen ziren jotzen, eta hangoek ez omen zuten sinesten soinu txikia zenik. "Hau kromatikoa izango duk" esaten omen zuten, ez zuten sinesten hemen jotzen den bezala jotzerik zegoenik. Eman eurei soinua, probatu eta orduantxe sinestu omen zuten. Haien instrumentua ere ez baitago hemengoa bezala prestatua. Gureak sostenituak ere baditu, ondo egindako soinua da eskuinetik. Beraiek agian izango zituzten bi sostenitu bakarrik, eta gainera euren kasa ikasiak izango ziren, maisurik gabe.

        Aitaren soinu hartatik oraingoetara aldaketa handia al dago?

        Harenak bi sostenitu zituen goian, eta oraingoek lau dituzte. Bi nota horiek falta izateaz aparte, gainerakoan beste dena gaurkoen berdin-berdina zuen, ezkerra ere berdin berdina, garai hartarako. Eta pentsa, gaur egunean 80 urte edukiko zituen soinu hark. Honner etxekoa zen, Alemaniarra. Ez dakit nondik ekarria zen soinua, ez nion horixe behin ere galdetu aita zenari. Amerikan badauzkagu senitarteko mordo bat, nire aititeren anaiak, Lajatik joan zirenak. Uste dut, senideren bat handik etorri zen batean oparitu ziola aitari soinua; orain, nondik ekarria zen, behin ere ez nion galdetu. Nahiago nuke jakingo banu!