Hasierako orrialdeaBideoakDoinutegiaArgazkiakPrentsaEuskal Herriko Trikitixa Elkartea

 

KOPLARI BILDURGARRIA

 

Xabier Amuriza

Rufino Arrola, Vulkanoren atzamarrak, 2002

 

        Pentsetakoa da Rufinok zelako irrintziak eragingo eutsazan soinu barriari. Urtebetetik gora, erdi isilean ziharduala, hara non Urdulizen leihaketa bat iragarten daben. Ustez ondo preparauta, ez eban birritan pentsau eta joan eta bigarren gelditu zan. 1970 inguran gabilz, frankismoaren errai-erraietan oraindino, erantzunaren olatua gorantz etorrela eta euskal nortasunaren aldeko edozerk indarra eukanean. Folklorean motibo sakonagoak ikusten ziran arren, halako erakustaldiai kutsu politikoa esleitzea gatxa zan ezkero, dantza eta musika jaialdiek gora egin eben. Giro haretan, trikitilarien estimazinorik ezin falta, leihaketak eta antzekoak nahinon zirala. Denpora batera, Berangoko Santa Anan beste sariketa bat iragarri eben. Hara aurkezteko panderojole barik geratu zan Rufinok laster topau eban soluzinoa eta ez edozelakoa. Txetxu Urrutiak, Rufinori berari entzundako moduan, kontetan deusku:

        —Rufino Arrola ez zan gorengoa baino bajuago ibiltekoa. Semeak kotxean  eroanik, badoa Arteako Mauriziagana eta dinotso: "Berangon jota sariketea dago eta ez daukat panderojolerik. Neugaz etorri behar dozu".  Artean bere jaietan egozan, irailgo Andra Marietan, eta Mauriziak dino: "Herriko jaiak bertan behera itzita, zelan joango naz, ba?" —  "Andrakatik honaino alperrik etorri naz, orduan?". Mauriziaren senarrak, —berau bere soinularia-, erruki harturik edo gizalege konponbereak agindurik, andreari esan eutsan: "Zoaz eta egizu egin beharrekoa, hemengoa egingo dogu eta". Arrasti erdian, han presenta zan bikotea Berangon, nor baino norrago, eta irabazi egin eben.

        Maurizia koplari bildurgarria zan. Haren kantakereak eta ahots tinbreak bere sasoiko rocklariak be harriturik eukazan. Esan eitekean Rufino zati baterako kontsolauta geldituko zala, Berangokoa irabazitakoan, baina dino: "Maurizia! Gaubean beste sariketa bat dago Laukiz Txikerrean eta haraxe joan behar dogu" — "Egun bakarrean danak egitea ez da derrigorra, Rufino. Hurrengoan be Jaungoikoak emongo deusku argia" — "Baina Laukiz Txikerrekorik hurrengoan ez da izango!".  Mauriziak, bakearren edo gizalegearren beronek be, amore emongo eban, esanaz: "Ea kontsoletan garan, sariakaz ez bada, bideakaz".  Eta irabazi egin eben.  Rufinoren kolkoan bizarrik baegoan, ederto harrotzeko motiboak sartu ziran. Bere alaba Maria Jesusek gogoan dauka zelan behin, —beharbada egun horixe izango zan—, euren aitak, Mauriziagaz, egun berean hiru sariketa irabazi zituan. Bata ziur dago Mungia ondoko Birlen izan zana, beste biak (Gorliz, Leioako Ondiz, Laukiz Txikerra, Berangoko Santa Ana...) non izan ziran guztiz seguru ez dago baina. Eta guztiz gogoan dauka, berak hamalau bat urte eukazala, zer harro etorri jaken aita etxera, bere hiru kopakaz, Mauriziari zelan esan eutsan kontauaz: "Eroan sariok 'Karakoleri', 'Karakolilloaren' partez". Mauriziaren senarraren ezizen artistikoa "Karakol" zanez, bere burua elegantziaz txikitu eban, andrakaz galaia izaten be baekian Vulkanoren semeak.  Soinura bueltakera hau ikusita, ez dago gatx sinesten sutegian baztartuta gelditu zalako burdineak haren gorputzean haragiturik jarraitzea erabagi ebala.