Hasierako orrialdeaBideoakDoinutegiaArgazkiakPrentsaEuskal Herriko Trikitixa Elkartea

 

KLASEA IZAN DU GELATXOK

 

Pako Aristi

Gelatxo, soinuaren bidai luzea, 2003

 

        Garai hartan halako hirutasun bat zegoen soinujoleen artean, besteen gainetik ageri zen hirukote bat: Elgeta, Sakabi eta Gelatxo. Bakoitzak zeukan bere abilezia partikularra. Elgetarena, esate baterako, pasodobleak jotzea omen zen; horretantxe izan hura maisu berezia. Gelatxo, aldiz, trikitian nabarmentzen zen. Trikitia jotzen zuen asko, eta bizi-bizi, estilo berezi batekin, dantzarako erritmo sutsu, ero eta graziduna markatzen zuena. Ilara bakarreko teklak jotzearen teknika haren ondorioa izan omen liteke bere estilo hura, aditu batzuek diotenez: Botoiek baino gehiago, hauspoak markatzen baitzuen erritmoa.

        Hau jakitea funtsezkoa da, gero bere seme Pedrok edukiko duen estiloa ulertzeko. Ikusi dugu zer musika giroa ezagutu zuen etxean: mozolo samarra edo oso petrala izan behar zen familia hartan musika ez ikasteko. Baina nola jotzen zuen Gelatxo gazteak?

        Gelatxo gazteak soinu handia hartu zuen, baina bere jotzeko era, haren piezek zeuzkaten melodia eta aldaketak, soinu txikirako egokiak ziren, eta soinu handiarekin jotako doinua bete-betean ezartzen zen soinu txikiaren aukeretara. Hau Martinek kontatu zidan, Ikaztegietan:

        —Gelatxok pianozko soinua jotzen du, baina trikitirako moduko piezak egiten zituen. Akordeonista gehiago baziren, Pepito Yantzi, Enrike Zelaia, Isidro Larrañaga, baina haien piezek bariazio gehiago edukitzen zituzten, ez ziren trikitirako modukoak. Gelatxok jotzen zituenak zuzenean trikitiarekin ateratzeko modukoak ziren, izugarrizko airea zuten, eta klasea: klasea eduki izan du Gelatxok. Guk entzun eta segituan pasatzen genuen trikitixara, eta sonatzen zuen berdin-berdin. Horregatik, Gelatxok ez zuen guk haren piezarik grabatzerik nahi izaten, hartzen zuen amorru bat!