Hasierako orrialdeaBideoakDoinutegiaArgazkiakPrentsaEuskal Herriko Trikitixa Elkartea

 

ITXAROMENDI

 

Domingo Agirre

Garoa, 1912

 

        Baño batez ere Garagarrillaren amairuan izan oida billerarik ospatsuena. Egun artan Urkiolako mendiak erririk andienaren itxurak artzen ditu.

        Goizean goizetik azaltzen da eliza barrua argiz ta gizadiz betea, ta eliz-ataria liburu, bederatziurren, errosario, kutun, gurutze ta Antonio Donearen irudi saltzallez ornitua; laster agertzen dira, mendi egian, maitxo banatan edanontzi garbiak eta mai azpian sulla-pedarrak dituztela, ur gozatuaren emale txukunak, eta beren aurrean, urez ezin ase diran mutiko ta emakumeren batzuk; zelaien erdian, egun baterako tajutu dituzten sukalde apalak, eltze, tupi, zartagi, plater, pitxar, antosin, katilluz inguraturik, eta suaren urrean, mendiostatuak, oialezko txosnak, ogi, ardo, aragi, bakallao, arrai, piper, egazti, arrautza ta gizon jatunez ugariegi bezela; txosna ostean, opil gozodun mendarotarra, bala-saskia lurrean zabalduta, erosle gozozaleak noiz agertuko zai patxadarik andienean ixil ixillik; zuaitz ondoan, era guztietara eskale arrotz zirpiltsuak, anka ta. beso igarrak erakutsiaz, ingurukoen biotzak biguntzeagatik ¡Santa Lucía le guarde! ta ¡San Antonto le ampare! erdi negarrez oiuka: tokirik txokoenetan, atso zimurrak eta agure adikatuak, mezatara baño len amilla jazten, oñetakoak aldatzen, buruko oiala ipintzen edo salda beroa zurrustadaka; bide-ari danetan, siñiste, itxaropen ta maitetasunak Doneagana daramazkian gizadi berriak, egunerako jakiz, otarra edo pardelez zamaturik; nondik noranai, atzerritar arloteren bat merke merke! deadarrez, orratz, orrazi, aiubet, ispillu, labana, txilibitu, paper, luma, jostallu, eraztun, belarritakoak eskeñika. Edonun ta edonoiz ikusi litezke euskaluri danetako gizaseme ta andrazkoak, banaka, biñaka edo samaldaka, oni ta besteari, aurreko ta albokoari bultza egiñaz, gallurrean ta egalean, elizan ta zelaian bear aña leku idoro eziñik; or daude Durango, Elorrio ta Ermutar elizkoiak, an dabiltz Billarreal ta Otxandioko langille irmeak, arutzago Bilbotar apañak eta Bergara, Tolosa, Azpeiti-azkoitiar atsegiñak; emen Bermeo, Lekeitio, Mutriku, Ondarroako arrantzaleak; aldean Zeanuri, Billaro, Dima ta Larrabetsuko nekazariak.. . jaungoikoak daki zein ez ta nongoa ez, erritar, ezagun, adiskideak alkarri eutsika, kaixioka, galdezka ta agurka, egundañoko itzots, zurrumurru lazka zaratarik bizienean. Ta batzuk elizatik erten orduko, beste batzuk sartzen dira gogozko arrenetara; egarbera zeudenak alde egiten, egarri daudenak inguratzen dituzte urzalien maiak; ase ta beteak txosnetatik ertetzean, salobre ta goseztoak jartzen dira aien tokietan; opil edo jostallu saltzalleak erosle bat aurretik kendu baño len, aurrear dituzte iru edo lau ikusle urduri; goiztarrak edo urrutikoak, gizadizko erreken antzera, etxeruntz dijoazenean, urrekoak edo berandutarrak badatoz mendira txindurriak txindurtegira bezela, oñez edo zalpurdietan, manaz edo neketsu, aberien indarrez edo norbere adorez, arpegia aizemalez egurastuaz edo aurren bat lepoan dutela izerdi patsetan; dana batera esateko, eguzkia jaikitzen danetik lotara dijoan arteraño alderdi guztietan ikusi ta entzun litezke, naspillaturik, nagusi jaunak, maizter txikiak, etxeko andreak, neska gazteak, mutil eroak, lurbarrukoak, itxasgizonak; usaibelarrak eta eliz-kandelak, krabelin sortak eta opil mordoak, eskeak eta eskeintzeak, algarak eta txilioak, otoitzak eta irrintziak, arrenak eta aurreskoak, tuntuna, panderoa, gitarra ta filarmonika.

        Bai, gitarra ere bai, filarmonika ere bai. Egun orretan eztira danak Urkiolara Doneagatik joaten: gazte asko jan edanaren usaiak eta jolasaren durundiak jasotzen ditu mendiraño, ta orrelakoak Donearen oroimenik eztaukate. jaia da oientzat ere Garagarrillaren amairugarrena, baño urdall-jaia, jantzi berriak eta buru arroak erakusteko ereti ona, jaikika trisketan egiteko aroa, txorakeri, nasaikeri, astakerietan ibiltzeko egunik egokiena. Orrelakoentzat jotzen dituzte gitarra-filarmonikak, txorakerien laguntzarako, astakerien indargarritzat.