Hasierako orrialdeaBideoakDoinutegiaArgazkiakPrentsaEuskal Herriko Trikitixa Elkartea

 

IRAGANA ETA KORRONTE BERRIAK

 

Kepa Junkera

Jon Abrilek elkarrizketatua

Argia, 1996

 

        Trikitixa orain mende bat pasatxo sortu zen. Euskal Herrian aldiz, eboluziorik eta iraultzarik nagusiena azken hamarkadan izan du. Zein neurritan uste duzu izan zarela horren "errudun"?

        Garai hartan ez nintzen gertatzen ari zenaz jabetzen. 1986 eta 1988ko txapelketen ondorioz izan zen batik bat. Erantzule bakarra baino, faktore ezberdinek eragin zutela iruditzen zait. Batetik, musika-tresna hauek hiritan sartzen hasi ziren, inguru urbanoan. Ikuspegi ezberdina izaten da hemen. Ordura arte baserri eta herri txikietako giroetara mugatu zen trikitixa eta zabaltze horrek ere eraginik izan zuen. Hirietan jende gazteak kontzertu gehiagotara joateko aukera du, estilo ezberdin gehiago ikusteko, jasotzeko... Ikasteko aukerak ere handiagoak dira eta horrek ere ideia berriak sortzeko orduan laguntzen du.

        Nitaz gain Oskorri edota Joseba Tapia hor egoteak eraginik izan zuen. Trikitixaren eklosioa izan zen. Denbora asko pasa beharko da berriro ere antzeko zerbait gerta dadin. Garai ia ideala izan zen niretzat, iragana eta korronte berrien uztartze bat izan zen. Baina gertatzen ari zenaren kontzientziarik ez genuen.