Hasierako orrialdeaBideoakDoinutegiaArgazkiakPrentsaEuskal Herriko Trikitixa Elkartea

 

TRIKITIXAZ ZENBAIT GOGOETA

 

Juan Mari Beltran, Jose Jabier Abasolo Tiliño, Imanol Arregi Iturbide, Iñaki Garmendia Laja, Joxe Mari Iriondo

Inpernuko Poza Jardunaldiak, 2003-10-01

 

Joxe Mari Iriondo: Gure amamak kontatu zidan ipuin batekin hasi nahi nuke gaurko aurkezpen lana: Ba omen zen gizon bat infernuko hauspoa jotzen zuena eta herriz herri ibili omen zen erromeriak eginez. Egun batean bere herriko apaizak hartu omen zuen konfesatzera: “Hi herriz herri habil soinua jotzen eta, motel motel, joan hadi atzera soinua jotzen ibili haizen herri guztietara eta banaka-banaka barkamena eskatu ezak. Orduan emango diat absoluzioa eta atera ahal izango duk Pazkoko txartela”. Hala egin behar izan omen zuen Pazkoko txartela lortuko bazuen. Gure amamak ordea, ipuina bukatu eta gehitu zuen, zein polita den trikitixa...

 

Juan Mari, Zer iruditu zaizu trikitixa ikasi dituzun tresna guzti horien artean?

 

JM Beltran: Niri iruditzen zait soinu tresna guztiek balio dutela. Soinu tresna guztiek daukate zerbait besteek ez dutena. Trikitixa nahiz euskal herri-musikan soinu tresna berriena izan, ia nagusitu egin da eta ehun urtetan bide luze eta zabala egin du eta altxor inportante bat sortu du gure berezko musikan.

 

JM Iriondo: Eta trikitixak etsai asko izan duelarik!

 

JM Beltran: Bai. Lehen aipatu duzu infernuko hauspoa eta nik uste dut hala esaten zitzaiola aurreko beste soinu tresnei ere. Soinu joleek problema handiak izan dituzte elizarekin, hori garbi dago, baina Aita Donostiak aipatzen du danbolintero bati kargu publiko izatea ukatu zitzaiola. Agonian zegoen danbolintero bati absoluzioa emateko lehendabizi txistua eta danbolina erre egin behar zituela eta, hori ez zen infernuko hauspoa baina bai infernuko soinua. Herri musikan eta kulturan sorturiko mugimenduek izan dute halako zigor bat.

 

JM Iriondo: Hala ere bistan da gure herrietan txistulariak, txistulari bandak, ofizialak zirela. Soinu txikia ostera ez zen jotzen herri handietan, beti leku ezkutuan jotzen zen.

 

JM Beltran: Herri handietan danbolintero mota bat onartua zegoen baina beste bat ez. Hernaniko udaletxean arkitektoa ia bezain inportantea zen danbolintero primero-a. Beste motatako gehienak herri txikietakoak ziren eta hain gaizki ikusita zegoen askotan ijitoak zirela edo Baztanen agoten lanak zirela esaten zela. Artotxa, garai hartako ezagunenetakoa ijitoa zen. Gero trikitilariak izan dira baina guzti horretatik danbolinteroak ere pasatu behar izan dira.

 

JM Iriondo: Tiliño, hasteko galdetuko nizuke Bizkaiko trikitiaren osasuna nolakoa den.

 

Tiliño: Beti esan izan da trikitixa gipuzkoarra dela, hainbat trikitilari egon direlako. Baina apur bat aztertzen hasten zara eta Bizkaian trikitilari asko izan dira. 1974an hasi ginen Serafin Kamiñeruarekin Iurretan festa antolatzen. Hurrengo urtean bertan elkartu ziren trikitilariek esan zuten: zergatik ez dugu jarraituko jai hori ospatzen? Horrela hurrengo urteetan, urtero Salba Ugarte, Tomas Arrizabalaga, etab izan ziren. 1900etik hasita trikitilari pilo bat izan zen Bizkaian, Serafinek berak esaten zuen Gipuzkoara asko etortzen zela trikitixa jotzen. Bizkaian izen pilo bat daude eta momentu batean trikitixak indar handia hartu zuen. 1915 inguruan jende gehienak soinuak Tenderia kalean erosten zituen, Zengotitanean. Denda oso garrantzitsu bat egon zen mende hasieran Bilbon. Bertan erositako soinu pila baten lista dago. Gero beste tailer bat Bilbon egon zen, Cele Rodriguezena, baina soinu gutxi egiten zituzten eta itxi egin zuten. Gero gaur egun Bizkaian badugu beste tailer bat Gernikan, Baraiazarraren tailerra, bertara jende askok eramaten ditu soinuak konpontzera. Tailerrak egon dira, soinuak saltzen ziren, soinu jole asko egon ziren... Rufinok zioen emakume batek erakutsi ziola soinu jotzen, Fasio Arandak ikasi zuen Arratian baina apur bat hobeto jotzeko joan zen Celestino Rodriguezengana, Celestino honen anaiak ere erakusten zuen, Salba 1901ean jaio zen eta 13 urterekin ikasi zuen bere aitak erakutsita. Trikitilari pila bat egon da Bizkaian. 60ko hamarkada inguruan trikitixa oso jende gutxik jotzen zuen. Gero hasi ziren Maurizia, Leon eta Fasio eta Txilibrin, Mungia inguru horretan Rufino Arrola, Tomas Arrizabalaga Sitze eta Luis Bilbao, Durango aldian Serafin Aranzeta, Mallabian Modesto Solozabal, Markinan Frutos Aulestialde... Horiek denak dira mende hasieran jaiotakoak.

 

Gazteen artean zuek Laja aipatzen duzue. Guk edade horretakoa dugu Kepa Arrizabalaga, pandero jotzailea baina ez trikitilaria. 1977an Beti Jai Alai dantza taldeak soinu bat erosi zion Felipe Aranari. Hor hasi zen ikasten Iñaki Zabaleta, belaunaldi berrikoa da hori. Hurrengo urtean Kepa Junkera hasi zen soinuarekin. Beste maisu bat Rufino Arrola izan zen eta honek bere ilobei erakutsi zien. Urte pila batean ez zen egon ezer baina gaur egun Bizkaian trikitilari pilo bat dago eta eskola pilo bat.

 

Nik ere uste dut trikitixak txistu eta dultzainaren melodiak hartzen zituela.

Infernuko hauspoa esan diozue baina nik beste izen batzuk batu ditut: soinua, infernuko hauspoa eta Bermio aldean farrea.

 

Aipatu dituzuenez dultzaina eta abadeak nik ere baditut pare bat kontu:

 

Bat Mañariako Juan Bilbaorena da. Igande arratsaldean kanpaiak jo eta gero egon zen dultzaina jotzen eta hurrengo igandean aita mezatara joan zen eta abadeak kristorenak eta gehiago esan semearengatik. Aita hori joan zen etxera eta ez zen atera 15 egunean lotsatuta.

 

Bestea Basilio Indabeitia, Basilio Txiki-rena. Hark esaten zuen: “Abadeak asko aldatu dira, erlijioa asko aldatu da, ez dakit zer pasatzen den. Lehen elizara joan eta...”. “Zuek, infernuko hauspoa jotzen duzuenok, denok infernura. Orain, zerurik baldin bada zeuentzat zerua”.

 

JM Iriondo: Durangon ere pandero hutsez eta musugitarraz erromeriak egiten ziren, ezta?

 

Tiliño: Nik ezagutu nituen bi ahizpa panderojole, Juanita eta Felisa Bermeosolo. Ereñokoak ziren eta nik 92 urterekin ezagutu nituen. Pandero eta anis botilarekin hainbat eta hainbat erromeria egindakoak, kantatu eta dantzan egin. Toki guztietan ez zegoen musikaririk, ez zegoen txistularirik eta ez magnetofoirik eta orduan kantuz ikasten zen dantzan. Lehendabizi kantan ikasten zen eta gero dantzan, hori oso normala izan da. Txistularia jaietan bakarrik etortzen zen.

 

JM Iriondo: Iñaki Garmendia Laja edo paper zaharretan Laranja baserriaren izena. Elgeta zenaren azkenekoetako ikaslea izan zen. Asto gainean joan omen zen Elgeta Lajanera, egunean bost duro, bi puru eta jan edanak.

 

Laja: Asto gainean ekarri zituen arropak, sukaldera sartu eta bere ekipajea jaitsi zuen. Pixka bat jotzen nuela nik eta jotzeko esan zidan. Hasi nintzan jotzen nire ustez onenetik eta esan zidan: “hobe batere jakin ez bahu”. Hura disgustua. Ordurako bi urtean nenbilen erromerian, gaizki jota bale zen eta. Harekin hasi nintzen eta behatzak eta denak gaizki hartuta neuzkala. Batekin jo behar nuena bestearekin jotzen nuen eta izugarriak egiten nituen. Asko korregitu nuen.

 

JM Iriondo: Zenbat denbora egin zuen zuenean?

 

Laja: Hiru hilabete eta erdi, ia lau. Egunean erretzen zituen hiru puru, zigarroak ere egiten zituen berrogei bat. Gauean goizaldera arte jokoan aritzen zen bakarrik eta gero arratsalde arte lo. Bi ordu edo egiten genituen soinu jotzen.

 

JM Iriondo: Imanol, hire lehenengo esperientzia soinu jotzen?

 

Iturbide: Urrestillan. Aita eta guraso denak panderistak ginen. Iturbideko semea nintzela eta lehenengo aldian panderoa eman zidaten, fandangoa jotzen asmatu nuen, arin-arinarekin ez. 16 bat urte izango nituen. Berezkoa genuen.

 

JM Iriondo: Aitarekin eta osabarekin ikasi ez?

 

Iturbide: Ez, ez, ez... Tokatu eta jotzen jardun bai baina, ez baitzen Iturbiden panderorik eta denak panderistak. Gerra ondoren denek utzi zioten. Osaba Migelek Zarautzera Antonianotara etorri behar eta bera lotsatu egiten jotzen, soinu txikia gaizki ikusita zegoen eta utzita egon ziren. Sakabik eta horiek eutsi ziotelako, bestela...

 

JM Iriondo: Antonio Aranaga Auntxa-k kontatu ohi zuen Urrestillan, herri gogorra izan da oso zeren han mezatara nor joaten zen eta nor ez apuntatzen egoten ziren garai batean, behin berari oso txantaje gogorra egin ziotela. Bere amarengana joan ziren esanaz semea zaintzeko, herriz herri soinu zahar hori hartuta ibiltzen zela eta amak pena handia hartu omen zuen. Zuri Laja inoiz horrelakorik gertatu al zaizu?

 

Laja: Nire etxean oso zaleak ziren, elizara joatea nahi izaten zuten baina soinu jotzea ere bai. Soinu jotzera joan eta hurrengo egunean ganadutara goiz jaiki behar izaten nuen.

 

Tiliño: Nik datutxo batzuk baditut. Felipe Arana bizkaitarrak Arroako Pipasekin ikasi zuela eta Julian Larrinagak Elgetarekin.

 

JM Iriondo: Bueno, koplak eta dantzak. Nik badakit Bizkaian ikaragarrizko kopla aberastasuna egon behar duela. Azken urte hauetan kopla kantatzeari beste buelta bat egin zaio, lehen tesituraz goi-goitik hartzen zen eta orain ez.

 

Tiliño: Oraindik Kepa Arrizabalagak horrela kantatzen du.

 

JM Iriondo: Eta dantza soltea?

 

Tiliño: Bueno, dantza soltea nik uste dut momentu honetan mito bihurtu dela. Gaur egun tangoen ikastaroak daude, pauso oso zailekin, baina herriak ez du horrela dantza egin. Herriak jatorrizko pauso batzuekin egin izan du, horrek ez du kentzen batzuk abildade handia eduki eta pauso berriak sartu izan dituztela baina jatorrian pauso errazak erabili izan ditu, herri guztietan gainera. Arratiako jota dela eta Andra Mariko Artetxerekin behar asko egin dut, jende pilo bat joan da, pausoak ikasi ditu baina nik ez dut uste hori Arratiako jota denik, hori Arratiako batzuek egin duten dantza da. Nik horri bezala txapelketei ikusten diedan arriskua da gutxi batzuk pauso batzuk hain ondo egiten dituzte gero jendeak ez duela parte hartzen. Nik uste dut dantza hori baino gauza naturalagoa dela, hori ez da dantza soziala ez dutelako denek parte hartzen. Abadeak, hori beste kontu bat da. Ukitu edo ez ukitzearena ere bai. Sokan neskei edo mutilei ipurdia ukitzeko aukera zen, “las culadas” bezala idatzita daude, hori zen momentua ukitzeko zeren bestela ez ziren atrebitzen. Iurretan aguazilari baimena eskatzen zitzaion soka bat egiteko eta hori zen neskekin hartu emanetan hasteko aukera. Oso politak dira Arratiako dantzak baina nik uste dut herriak beste modu bat zuela.

 

JM Beltran: Nik uste dut askotan gauzak nahastu egiten direla. Arratiako horrek erakusten duena zera da, norberak sortzen zuela pausoa eta joera horrek sortu duela kristoren aberastasuna. Gelditzen baldin bagara holako dozena bat pauso koreografiko aukeratu eta kieto, horrek galtzen du dena. Arratiako horretan ez dago pauso hain zailik, herriak egin ez lezakeenik. Konplexutasuna dator errepertorio zabala dela eta. Sueltoko aberastasun hori gaur Arratian daukagu baina denboran atzera eginez gero toki gehienetan aurkitu gintezke. Orain dela gutxi neronek ikusi ahal izan dut besteak beste Amasako jubilatuen bazkarian jotzen tokatu eta Arratian bilduta dauden modu diferente horiek adina ikusi izana arratsalde batean. Denak ari ziren dantzan, denak diferente eta denak harmonian. Edo Oiartzungo Ergoiengo festetan jubilatuen afarian Kapeo eta biok dultzaina eta soinuarekin ari ginela. Jubilatuak dantzan hasi ziren eta gauza bera, denak diferente ari ziren. Bat bazegoen espeziala, fandangoa hartzen zuen bi hiru konpasetan arinaren moduan eta aurrean zeukan emakumea nahasten zenean berriro fandangoan sartzen zen, dominatu egiten zuelako. Insinuazioak Arratiakoan ez dakit baina, Ergoiengo hartan segidan zihoazen. Zorionez iritsi zaigu Arratiako hori baina horretan gelditzen baldin bada, akabo.

 

JM Iriondo: Laja eta Imanol, zuen garaiko trikitia eta erromeri giroa eta oraingoa...

 

Iturbide: Hori oso erraza da ulertzen, soinua jotzen hasi eta denak dantzan. Orain 30 urte edozein jaialditan trikitixa behar zen; “despedida de soltero”: trikitixa behar zen; soldaduskara joateko trikitixa behar zen; gaur ezin daiteke sinistu. Kantaldietan Benito Lertxundik eta Letek esaten ziguten: “jo eta astindu, nik denak lotan utzi ditut eta...”.

 

Laja: Orain 35 bat urte Amezketara Azkoititikan etortzen ginen baterijolea edo panderista hartuta. Autobusa hartu, taxia gero eta hara joan. Arratsaldeko bostetan hasi eta gaueko hamarrak arte dena sueltoa. Han entzuten zen kraskitin hotsa, hanka hotsa eta irrintzia. Aia aldea ere mundiala izan da, Aiako auzo guztiak, jende dantzaria, umoretsua.

 

JM Iriondo: Dantzan egiten da orain oso ondo, harrigarri. Txapelketetako jendeak automatak bezala egiten du dantza. Orduan, horiek ikusita gero zeinek sartu behar du ondoan? Gainera trikitilari asko dago. Asko eta onak. Ba al dago denentzat lanik?

 

Laja: Denentzako dago lana baina gutxi. Bertsolariei pasa zaiena da, hamar punta xamarrean dabiltzanak gelditu gabe ibiltzen dira eta besteak tarteka. Hor igual gertatzen da, fama pixka bat dutenak badabiltza eta besteak gutxi.

 

Tiliño: Nik pentsatzen dut bajatuta dagoela. Gauaz ibiltzen gara gazteak eta hurrengo eguerdian etxean gelditzen gara. Erromeria guztiak daude bajatuta, ez trikitixa bakarrik. Iurretan normalean jaietan erromeria polita egiten da, jende asko eta dantza. Baina normalean erromerietan jende gutxi ibiltzen da. Pentsa, Karakolek esanikoa: “Gorbeian bakoitzari dantza egiteagatik bost zentimo kobratu eta 75 pezeta biltzen zituztela”.

 

JM Iriondo: Oker ez banago saioko ipintzen zen txartela, ezta?

 

Tiliño: Korruko.

 

Laja: Piezako ere bai.

 

JM Iriondo: Oletan soinu jole bakoitzak pago adar batzuekin egindako aulki bat jartzen zuen eta soinu jole bakoitzak bere korroa zeukan. Han dantzan egiten zutenei txartela ipiniaz kobratzen zutenaren kontura bizitzen ziren. Orduan jakina korro batetik bestera joaten zirenei bestean ere ipiniko zioten. Juliana Zubizarretari entzun izan diot Madarixan piezako ere txartela ipintzen zutela.

 

Iturbide: Beste gauza bat oso polita zen, lau neska eta lau mutil dantzatzen, normalean hala izaten zen, batzuetan sei eta sei ere. Beste lau mutil zain egoten ziren fandango baten erdian sartzeko eta azkena bukatzen zuenak neskekin kontuak esateko aukera gehiago izaten zuen.

 

Tiliño: Serafin Aranzeta, Iurretako Kamiñeru edo Oromiñok gutxi gorabehera 1926an disko bat grabatu zuen bere arreba Antoniarekin. Kamiñeruak, alferrak ere bai eta irabazi gutxi eta soinuarekin bizia atera behar. Bide ertzean zegoela bere bila etorri ziren eta: “Oye, ¿vienes a grabar un disco a Bilbao?”. “Vale”. Karretilla eta aitzurra utzi, zegoen moduan Albiara joan eta diskoa grabatu. La voz de su Amo, grabazio zaharrenetarikoa izango da.

 

JM Iriondo: Loiolako Herri Irratian egin zen lehendabiziko grabazioa Aita Joxe Mari Bergara jesuitak egin zuen. Hiru grabazio zeuden: Gillermo Aldalur Pikua, Migel Sagastume “El mago de Urki” eta hirugarrena Kandiko Beristain zen. Oso grabazio politak dira gainera Txalintxoko Arin-arina eta Loiolako Fandangoa Pikuarenak. Guri oso ondo etorri zitzaigun soinu txikiaren grabazioa egiteko behin Sakabi, Egañazpi eta Justo Goikoetxea etorri izana. Hurrengo egunean egin genuen grabazioa. Han komentatu nien ea zergatik ez ziren ausartzen disko bat egiten. Jendeak eskatzen zuena soinu txikia zen.

 

Laja: Programa ere izan zenuten, Beti Jai edo nola zen?

 

JM Iriondo: Bat ostegun gauetan bederatzietatik hamarretara Gure Erromeriak zen. Arrate, Segura eta gu ginen soinu txikia jartzen genuenak. 1969an txapelketa egiteko asmoa zen; 70ean egin genuen azkenean, Trinitate Plaza jendez bete zen. Lehenengo urte hartan jende asko gerturatu zen “a ver la aldeanada que van a presentar estos”, baina handik atzera soinu txikia ibili zen Donostiako kalejira guztietan.

 

Iturbide: Lehenengo urtean ez zegoen parte hartzeko jende asko. Niri asteazkenean esan zidaten: “Hi Iturbide, datorren jaiean joan behar duk Donostiara pandero jotzera”. “Nik ez zeukaat ez panderorik eta ez soinulagunik”. “Berdin da, nik topatuko dizkiat biak”. Eta hala joan nintzen.

 

Laja: Txapelketak soinu txikiari indar handia eman ziola bai. Pixka bat bazterturik zegoen, ez zela ailegatzen, bajurik ez zeukala... Txapelketarekin hasi zen kristoren indarra hartzen eta izena horrek eman zion soinu txikiari. Soinu handia joan zen erromerietatik erretiratzen eta txikia sartzen.

 

Tiliño: Bizkaian ere Luis Bilbao eta hainbat jende soinu handiarekin hasi zen eta ondoren trikitiarekin. Guardia Civil-arekin sekula problemarik izan duzue? Bizkaian multa bota izan dute jotzeagatik eta soinu txikia apurtu ere bai. Fasiok esaten zidan niri obligazioa zutela jotzeko bi soltean eta bat agarrauan, bi soltean eta bat agarrauan.1930ean gutxi gorabehera.

 

Publikotik: Madrilera joaten zineten zuek diskoa grabatzera?

 

Laja: Behin bai, IZ-rekin. Ez naiz akordatzen teknikoa zein zen, uste dut barre nahikoa egin zuela gurekin baina. Soinu, pandero eta kantatu denak batera grabatu genituen eta gero nik doblajeak sartu nizkion hura entzunez.

 

Publikotik: Noiz etorri ziren lehendabiziko altabozak?

 

Laja: Nik edukiko nituen 20 bat urte. Vitoriako Casa Carrión-era joan nintzen erostera, hartu taxia eta. Nik hura erosi nuenean kristoren kritika egiten zidaten trikitilari gehienek. Soinu txikirako ez zela altaboza egiten eta... Askotan ez genuen behar bezala jartzen asmatzen. Azkenerako gehienek erabili zuten.

 

Publikotik: Zuen irakaslea Elgeta izan zen. Zuek erakusteko pauso hori elkarrekin hitz eginda eman zenuten?

 

Laja: Guk ikasi nahi genuen eta inork ez zigun erakutsi nahi: ez Maltzetak, ez Sakabik... Niri Elgeta bidali zidaten eta suertea izan nuen. Gero Epelarre hasi zen, Martin ere bai, eta handik aurrera denak.

 

JM Iriondo: Batez ere fandango eta arin-arinetan izugarrizko dinamita, birtuosismoa, erabiltze hori txapelketak ekarri zuen.

 

Laja: Baina dantzarako problematikoa izaten da hori. Pieza ezagutzen ez duenak dantza pausoa galtzeko arriskua dauka.

 

Tiliño: Kontradizio bat dago: erromerian jotzen da dantzan egiteko, baina txapelketan jotzen da dantzan ez egiteko.

 

JM Iriondo: Txapelketa exibizio bat da.

 

Publikotik: Panderoak ere izugarrizko exibizioa egin zuen, hanka ta buru. Zu Imanol iaioa zinen hanka eta buruan. Geroztik asko txalotu izan den estiloa izan da.

 

Iturbide: Hasiera batean niri ez zitzaidan gustatzen baina besteek egiten zutelako eta... Landakanda eta beste eibartar bat...

 

Laja: Bestea oso ona Etxasakortarekin ikasi zuena zen.

 

Iturbide: Eta epoka eta momentu bat izan zen izugarria. Jendea harritu egiten zen eta txaloak eta. Gero hoztu egin zen, orain oso gutxi ikusten da.

 

JM Iriondo: Maltzetaren alabaren eskolakoek egiten dute.

 

Tiliño: Artxandako Gillermin ere hasi zen hori egiten.

 

JM Beltran: Garai batean soinu joleek panderorik ere ez zuten erabiltzen. Nik ezagutu nuen soinu jolea Iribasen, Allin eta Etxarriko hartan bakar bakarrik ibiltzen ziren. Nik ez dut uste tablatxoekin, harriekin edo osatutako kastañuela moduko horiek jotzen zituztenek kobratuko zutenik, lagundu bai. Lehen Lajak aipatu du Amezketako horretan kriskitin hotsa, hori normala izaten zen sueltorako. Hots lagungarri soinurako. Profesionala edo kobratzen zuena soinu jolea zen, askotan bakar bakarrik jotzen zuen...

 

Iturbide: Bai Maltzetak, bai Zabaletak, pandero bat edukitzen zuten eta gero norbaitek laguntzen bazien...

 

Tiliño: Basilio Txikik pittuak eramaten zituen poltsikoan beti, edozein egunetan. Toki batera joaten bazen eta norbait soinua jotzen hasten bazen, ta-tarrra-ta... Baina ez zen normalena.

 

Iturbide: Kobratzen ez zuenak bentaja bat bazuen, gogoa emandakoan hasi eta gogoa emandakoan utzi.