Hasierako orrialdeaBideoakDoinutegiaArgazkiakPrentsaEuskal Herriko Trikitixa Elkartea

 

DANTZA DEBEKATUAK ZUZENEAN

 

Luis Astiasaran, Iñaki Garmendi "Laja", Joxe Mari Esteibar

2004.eko irailaren 30. 19etan, Koldo Mitxelena Kulturgunean

 

        Hona hemen, kantu eta kantu artean esandakoak:

 

Esteibarren ustez egoera oso txarra da: “Urtero 40 bat boda egin izan dut orain arte, aurten bi bakarrik. Orain dena diskoarekin egiten da, hori gauza berria da, pieza modernoak jartzen dituzte. Rockaren moduan, etorri da eta ez da joango. Macarena eta horiek derrigor jo behar izaten ditugu bestela ez dugu lanik, nahiz hori ez den gurea”.

 

Astiasaranek orain hamazazpi urte plazari utzi zion: “Nik uste hoberen-hoberenean utzi geniola, hoztu egin da gauza. Orain etxe bakoitzean musika aparatu bat dago eta jendea aspertu egin da baina berriz etorriko da, igual bai. “Diskjokey”-en gauza hori hotza iruditzen zait”.

 

Karnetarekin ere izaten ziren gorabeherak. Musikari izateko azterketa pasatu behar zen Donostian eta hilero hiru pezeta pagatu. Lajari ere gertatu zitzaion karnetik gabe jotzera joan eta etxera bueltatu beharra jo gabe: “¿No tiene usted carnet?”. “Pues a casa”. Joko ziren piezen zerrenda ere eman behar izaten zen, “hoja de autores” delakoa.

 

Astiasaran hasi zenerako altabozak etorriak ziren, Sakabi ikusi zuen lehenengo hala. Lajak Azkoitiako Kandidori erosi zion 18 watteko altaboz bat, ondoren Casa Carrión-en Gasteizen erosi zuen beste bat, markarik gabekoa. Magnetofoiak aurrerapen handia ekarri zuen piezak ikasteko garaian eta irratitik ere ikasten zituzten. Belarriz ikasten ziren pieza gehienak eta gerora soinu handi joleak hasi ziren piezak propio egiten eta piezak soinu txikirako moldatzen.

 

“Caja de ritmos”-ek ere kontrario handiak izan zituzten hasiera batean baina trikitilari gehienak azkenean erromeriak hala egiten bukatu zuten. Izugarrizko “txolloa” zen soinu joleentzat, bateri joleak beti kexan egoten omen ziren, ordu bete jo eta erromeria noiz bukatuko zen galdezka. “Caja de ritmos”-a ez zen sekula kexatzen. Jendeari dantzarako lagundu egiten zion eta soinua ere jantzi egiten zuela iruditzen zaie soinu joleei. Aurreneko “caja de ritmos”-ak etorri zirenean panderistak haserretu egin omen ziren, sobran egongo ote ziren beldurrez edo. Gero ohitu zirenean kantatzeko asko laguntzen ziela konturatu omen ziren.

 

Bizimodu gogorra ote da soinu jotzearena? Lajaren ustez soinu jole lana ezin da egin gustatu gabe. Astiasaranek negarrez eta odoletan ere alde egin izan du soinu jotzetik, aste osoa oilasko biltzen ibilita. Esteibar bere etxe inguruan jotzen ibiltzen da, 20 kilometro bueltan, agian horregatik ez zaio hain gogor egin. Lajari berriz, askotan gertatu zaio soinu jotzen ari dela momentu batean imajina galtzea, segundo batean lo gelditu eta berehala esnatzea. Normala kontutan edukita zenbait lekutara eguerdiko 11tarako joan eta goizeko 5etan irtenez ibili izan direla.