Hasierako orrialdeaBideoakDoinutegiaArgazkiakPrentsaEuskal Herriko Trikitixa Elkartea

 

BINILOTIK KONPAKTORA

 

Mikel Markez

Inpernuko Poza Jardunaldiak, 2003-10-02

 

 

Historia txiki bat

 

Edisonena da ahots grabaketak egin al izateko gailuen lehen patentea. 1878. urtea aurretik egon ziren saiakerak baina urte honetan aurkeztu zuen fonografo izenarekin. Sistema honetan tronpeta bat erabiltzen zen, zabala alde batean eta estua bestean. Alde zabalean hitz egitean alde estuan itsatsirik zegoen diafragma batek dardara egiten zuen. Diafragmaren bibrazio hauek marfilezko orratz baten bidez biraka ari zen eztainuzko xafla batez estalirik zegoen kartoizko zilindro bati helarazten zitzaizkion. Horrela orratzak zilindroan ildo bat uzten zihoan. Hori irakurtzeko kontrako bidea egin behar zen. Orratzak ildoa irakurriko zuen diafragma dardararaziz eta tronpetaren alde zabalean ahotsa entzungo zen. Zilindro mota hau ez zen merkaturatu erreprodukzio gutxi bakar batzuekin izorratu egiten zelako. 1889an Edisonek eztainuz estaliriko kartoizko zilindroa argizarizkoagatik aldatu zuen. Kalitatea hobetu eta entzunaldi gehiago onartzen zituen argizarizko zilindroak. Sistema hau bai, merkaturatu zen. Euskal Herrian baditugu horrelako zilindro zenbait. Horietako batzuk Errenterian kokaturik dagoen Eresbil, Euskal Eresgileen Elkartean aurkitzen dira.

 

1887an Berlinerrek gramofonoa patentatu zuen. Grabaketa disko xaflan batean egiten zen modu kimiko baten bidez. Disko hori malguki mekanismo batek itzulika jartzen zuen eta orratzak ildoak irakurriaz diafragma dardarka jartzen zuen eta soinu bihurtu. Disko hauek egiteko arbelezko nahasketa bat erabiltzen zen. Disko hauek 78 bira minutuko abiaduran bira arazten ziren irakurri al izateko.

 

20ko hamarkadan grabaketak asko hobetu ziren grabaketa eta soinu hartze elektronikoen bidez, mikrofono, bozgorailu eta anplifikadoreen etorrerarekin.

 

Plazoka erosten ziren gramofonoak. 20ko hamarkadaren hasieran edozein gauza plazoka erostea oso gauza normala zen eta gramofonoak katalogoen bidez eta postaz erosten ziren askotan. Horrela zabaldu ziren gramofonoak Euskal Herrian, salneurria 150 eta 500 pezeta artekoak izaten zirelarik.

 

Mundo Gráfico aldizkarian asteazkenez, 1923ko Azaroaren 11ean. Argazki oinak hauxe zioen: “La Proveedora Popular debería llamarse la Sociedad Hispanoamericana S.A. (Avda. Libertad, San Sebastian), porque con sus múltiples facilidades y con los créditos que concede (hasta 36 meses) ha llegado a resolver el arduo problema igualitario de poner al alcance de todas las clases sociales artículos que las costumbres modernas hacen necesarios y que antes sólo podían disfrutar los capitalistas...”.

 

Donostian zegoen kokaturik Columbia etxe angloamerikarraren lantegia. Bertan diskoez gain gramofonoak ere egiten ziren. Ingalaterratik ekarritako motorrak eta piezak ekartzen ziren baina muebleen diseinuak bertan egiten ziren. Modelo guztietatik zabalkunde gehien izan zuena grafonola deiturikoa izan zen. Modelo honek bozina barnekaldean zuen eta eramangarria zen.

 

Bestalde Frantziatik etorritako etxeek beren gramofonoak ere ekarri zituzten euskal merkatura. Donostian Credito S. Loinaz izan zen ezagunena. 1908an sortu zen etxe hau eta Prim kaleko 29an kokatu zen. Espainiako estatu osora zabaldu zituen katalogo bidez Pathe markako gramofonoak.

 

50eko hamarkadan microsurcoa merkaturatu zen. Diskoa binilozko erretxinaz egiten zen eta asko luzatzen zuen diskoen iraupena. Ordurarte 4 minutu ingurukoak izaten ziren grabaketak eta ordutik aurrera 30 bat minutu ingurukoak. Zarata ere asko gutxitu zen arbelezko diskoetatik binilozkoetara pasa zenean. Mota honetako lehen diskoa (microsurco) 1948. urtean argitaratu zuen Columbia etxeak. Disko hauek 45 bira minutuko abiaduran bira arazten ziren.

 

70eko hamarkadaren hasieran iraupena oraindik gehiago luzatu zen diskoak handituaz eta minutuko itzuli kopurua 33ra gutxituaz.

 

Beste formato erabat diferentea bobina edo zintarena zen. Formato profesionala zen grabatzea eta erreproduzitzea ahalbideratzen baitzuen. Formato honetan heldu zitzaigun adibidez Elgeta zenaren grabazio bakarra. Pepe Andoainek egin zion Donostiako Alde Zaharrean eta originala Zialtzeta, bere ikasle izan zenak zeukan.

 

Zintaren bilakaeran kasetea ekarri zuen. Kasetea txikia zen, eramangarria, kotxeetan ere entzun al zen kasetea eta hori baino hobea dena, grabaketan egin al ziren kasetean.

 

Halere biniloak eta kaseteak modu berdintsuan iraun izan du 90eko hamarkadan disko konpaktuak eta teknologia digitala azaldu den arte.

 

Trikitixa grabaketak

 

Akordeoi diatonikoari buruzko lehen dato idatzia 1889koa da. Bertan Juan Carlos Guerrak Urkiolako erromerian kokatzen du “akordeoi diatoniko berri bat” deitzen duena. Lehen erreferentzi hau Berlinerrek gramofonoa patentatu eta hiru urte beranduagokoa denez ez da posible pentsatzea arbelezko diskoa baino lehenagoko euskarriren batean trikitixa doinurik aurki daitekeenik, ez behintzat euskal herrian akordeoi diatonikoaren bidez jotakorik.

 

Trikitixaren lehen grabaketak beraz arbelezko diskoetan aurkituko ditugu. Columbia eta Regal erreferentziapean biltzen dira:

 

20ko hamarkadaren hasieran Trikitixa de Zumarragaren eta Trikitixa de Gipuzkoa izenburupean grabazioak biltzen dituzten arbelezko diskoak azaltzen dira.

Trikitixa de Zumarragaren grabaketak Donostiako Kursaal Jauregian egin ziren, jotzaile Etxesa-korta soinuarekin eta Joxe Oria panderoarekin zirelarik.

 

Trikitixa de Gipuzkoa izenburupean (Trikitixa de Elgoibar bezala agertuko dira beste erreferentzia batzuetan), Manuel Sodupe Gelatxo eta bere emaztea Juliana Esnaola Muxillo ditugu, gaur egun ezagutzen dugun Pedro Sodupe Gelatxo-ren aita eta ama.

 

Bizkaian, Frantziako Gramophone enpresaren La voz de su amo izenburua izan zuen sailean Serafin Aranzeta Oromiño soinu jolearen grabaketa bat ere ba dago. 1926-27 inguruan eginikoa dela uste da. Oromiño kamineroa zen eta lanean ari zela etorri omen zitzaizkion grabaketa egingo ote zuen galdezka. Laneko erremintak bertan utzi eta Bilboko Albia antzokira joan omen zen laneko arropak aldatzeko denborarik gabe grabaketa hura burutzera.

 

Puntu honetan egin dezagun Andaluziako flamenkoarekin konparazio txiki bat.

 

- Flamenkoan dozena bat argizarizko grabaketa ditugu. Trikitixan bat ere ez.

- Flamenkoan 300 bat arbelezko. Trikitixan 12 bat.

 

Honek gauza bat argi uzten du: flamenkoa lehenagotik erroturik zegoen eta trikitixa oso fenomeno berria zen.

 

Guk hitzaldi honetan 45 bira minutuko abiadako binilozko disko txikiei jende gehienak ezagutzen dituen moduan esango diegu: singel. Singeletan erreferentzia ugarituko dira baina ez gehiegi. Oso ohikoa zen disko berdinaren edizio diferenteek portada desberdinak izatea.

 

- Columbia etxearekin, 60ko hamarkadan: (Presentado en España por la Fábrica de Discos COLUMBIA, S.A. San Sebastián).

- 1960-61-62-63: Triki-triki eta Triki tixa de Zumarraga: Hermanos Urteaga-Oria eta Joxe Migel Ormazabal, Ref: ECGE 70466, 70467, 71448, 71874.

Triki-triki de Zumarraga izenburupean azaltzen zaizkigun lanak arbelezko diskoan argitaratu ziren grabazio zahar haien edizio berriak dira. Etxasakortak Argentinara alde egin zuen eta Joxe Oriak Carlos Egiguren izeneko soinu jole batekin jarraitu zuen. Gerra ondoren zenbait grabaketa debekatu egin ziren zentsura ez zutelako gainditu. Zergaitia:

 

        Agur anai euskotarrak

        Bizkai, Zubero, Lapurdi,

        Araba, Napar, Gipuzku,

        Agur aberri Euskadi.

 

        Odolaren irrintzia

        Entzun bada euskotarra

        Abestu gora Euskadi

        Gure aberri bakarra.

 

Gerra ondorengo giroan kartzelara joateko modukoak ziren. Halere Triki-tixa de Zumarragak lan berriak argitaratu zituen, generazio berriko Zumarragako trikitixa Urteaga-Oria anaiek eta Joxe Migel Ormazabalek osatzen zuten. Soinuak beraz, Elgetaren inguruko liburuan Koldo Izagirrek ederki aipatu zuen moduan, nazionalisten aldeko hautu garbia hartu zuen zenbait kasutan, folklore hutsetik urrunduaz. Geroxeago arituko gara berriro trikiti tematikei buruz.

 

Beste erreferentzia batzuk:

 

- 1960: Triki-trixa eta triki-tritxa de Zaldibar: Joxe Mari Iriondo(Soinu handia) eta Benito Osa. Ref: ECGE 71395, 71396.

- 1963: Triki-trixa de Azpeitia: Zakabi y Egañazpi. Ref: ECGE 80582, 80583

- 1964: Alboka: “Ref: CI 126 CINSA lanza hoy al mercado el primer disco que existe grabado con música de alboka. Interpretan las obras contenidas en este disco: Mariano Barrenechea como albokari, Romualda Zuloaga como panderetera y cantante y Marcelo Arrieta como acordeonista, todos ellos pertenecientes al grupo de danzas vascas “Andra Mari”, de Galdacano”. Aurrerago: “En efecto, la alboka, instrumento pastoril y primitivo, estaba a punto de desaparecer, pues a pesar de haber estado extendida en la antigüedad por todo el País Vasco, fue perdiendo terreno hasta quedar reducida a una pequeña zona en el monte Gorbea, con escasamente media docena de albokaris”.

 

Piezei dagokionez diskoetan aurkitzen dugun errepertorioa oso berdintsua da, fandango, arin-arin, trikitixa, porrusalda eta biribilketa. Soinu txikiak lehendik zegoen errepertorioa erabat bereganatu zuen eta honi banden errepertorioa, musika militarra eta harrapatzen zuen guztia gehitu zion. Hasierako errepertorioa sueltokoa zen eta hori da 60ko hamarkadako grabazioetan aurkituko duguna. Errepertorio berdina beste tresna batzuekin jotzen zenaren seinale dugu Alboka izenburuko diskoa.

 

70eko hamarkadan lehen aipatu dugun bezala L.P. edo Long Play deiturikoak binilozko diskoen iraupena nabarmen luzatu zuen. Abiadura motelduaz eta diskoa handituaz 40 minutu inguruko grabaketak merkaturatzen hasi ziren. Belter eta Hispavox etxeak diskogintzan hasi ziren Donostiako Columbia etxearen fabrika itxi egin zen.

 

1972. urtean Philips etxeak Duo Amara-triki-ren diskoa kaleratu zuen: Jesús Piquer (Soinu haundia) y Primi Erostarbe (Campeona de irintxi 1970-71-72). Ref: Philips 62 24 034.

 

Elgetak soinu txikiari sostenidoak erantsi zizkion eta horrela soinu txiki jotzaileek beren aukerak handitu zituzten nabarmen. Soinu txikiak halere bazuen nolabaiteko konplexu bat soinu handiarekiko. Horregatik soinu txikirako pieza asko soinu handia jotzen zutenek egin zituzten: Gelatxo edo Pepe Yancik adibidez... Pieza batzuk propio eskatu edo enkargatzen ziren eta beste asko ezkutuan grabatu, ikasi eta norberaren errepertoriora gehitu. Diskoetan dauden pieza askoren aitatasuna aldatu egiten da, nori galdetzen zaion. Gelatxok esaten zigun orain bizpahiru urte: “Oraindik ere ez da pasatzen aste bat zeinetan irratia piztu eta ez dudan entzuten nire piezaren bat beste norbaitek joa”.

 

Soinu handiak txikiarekiko zuen beste harrotasun bat bajo gehiago edukitzearena zen, soinu txikiak zenbait piezatako armonia ezin osatzeak ekartzen zion gabezi modukoak sortua.

70eko hamarkadaren hasierako beste disko aipagarri bat alboka, gaita eta soinua batzen dituen da:

Trikititxa: Txilibrin y Balbino (1972) Columbia (Madrid) CPS 9224.

A aldea: “Trikititxa con acordeón”.

B aldea: “Trikititxa con alboka, trikitixa con dulzaina”.

 

Kepa Perez de Urrazaren ustez trikitixa, “akordeoi diatoniko eta panderoaz egindako bikote instrumentala da”. Juan Mari Beltranek berriz hitzaren etimologiari erreparatzen dio gehiago: “Trikitixa onomatopeia bat da eta onomatopeia hori ez dagokio soinu txikiari, panderoaren soinuari dagokio, trikiti-trikiti-trikiti...”.

 

Ez du arrazoi faltarik Kepa Perez de Urrazak baina esan beharra dago lehendabiziko trikitilariak, Elgeta adibidez eta gerra aurreko trikitilariak Auntxa, Beobate eta beste panderistarik gabe aritzen zirela gehienetan. Horren arrazoietako bat ekonomikoa zen. Trikitilari-panderista bikotea finkatu zenetik eboluzio eta aldaketa handiak pairatu ditu trikitixak estilo aldetik. 80ko hamarkadara arte estilo bariazio gutxi izan baziren ere. Trikitixaren osagarriak soinu txikia eta panderoa ziren Gipuzkoan, Bizkaian alboka ere erabiltzen zen.

 

Disko honetan alboka eta soinua panderoarekin azaltzen zaizkigu baina dultzainak erritmo laguntzaile atabala du. Diskoan gainera garbi jartzen du, “trikitixa con dulzaina” edo “trikitixa con alboka”. Trikitixa beraz, ez da disko hau grabatu zutenentzat instrumentua, estiloa edo ildo musikala baizik.

 

70eko hamarkadak ekarri zuen beste nobedade bat, Herri Gogoa zigiluaren sorrera izan zen. Hamarkada bat iraun zuen Iñaki Beobideren zuzendaritzapean. Ez Dok Amairu taldeak markatu zuen ildoaren jarraipen ziren kantarien argitaratzaile izateaz gain, trikitixa diskorik ere argitaratu zuen. Laja eta Iturbiderena 1974an, Columbia etxearekin hamar urte lehenago Trikitixa de Azpeitia izenburupean singel pare bat kaleratu zuen Sakabi eta Egañazpi bikotearena 1975ean eta Bizkaiko Trikitilariak lana 1979an. Lan honetan soinua Luis Bilbao eta Rufino Arrolak jotzen zuten eta panderista Kepa Arrizabalaga zuten, gaur egun Roberto Etxebarriaren panderista da Kepa.

 

Herri Gogoa argitaletxeari txanda IZ disko etxeak hartu zion. Fernando Unsainek zuzentzen zuen IZ izan ziren 70eko hamarkadaren amaierako eta 80ko hamarkadaren hasierako trikitixa disko ia guztiak argitaratu zituena.

 

        - Auntxa eta Iturbide, Urrestillako trikitixa (1975)

        - Laja eta Landakanda (1977)

        - Laja eta Landakanda (1981)

        - Martin eta Iturbide (1979)

        - Maltzeta aita-alabak (1981)

        - Larraitzko Trikitixa: Mujika Anai-Arrebak (1986)

        - Epelde-Iturbide (1988)

        - Imuntzo eta Epelarre (1988)

        - Zabale Anaiak (1992)

 

Arbelezko eta binilozko singeletan azaltzen zaizkigun tematika nagusiak gai tipikoetan lotu al ditugu: aizkolariak, neska zaharrak, mendia eta natura, erromeriak (Urkiola), maitea noiz helduko den herrira, maiorazgoa...

 

        Mendirik mendi lainua

        Pagarik paga usua

        Ez da errez harrapatzen

        Maiorazgoaren pausua.

 

Ezkutuko berdekeriak:

 

        Baratzeko pikua hiru txurten ditu

        Neska mutil zaliak hankak arin ditu

        Hankak arinak eta burua arinago

        Dantzan hobeto daki artajorran baino.

 

Castellanoa eta euskara nahasturik:

 

        No te cases con la Lutxi

        Porque tiene diru gutxi

        Cásate con la María

        Porque vende loteria.

 

Parrandaren ondorioak:

 

        Ama buruan min dut ez esan aiteri

        Gaueko parrandeak galdu nauela ni.

 

Bukaerako puntua:

 

        Akabadie da ta ibili kontuen

        Akabatzera noa hurrengo puntuen.

 

Dantzan ari zirenentzako oharra...

 

Trikitilariek bertsolari jakinei enkarguzko lanak eskatzen hasi ziren gerora, batzuetan gaia emanda (neska laguntzeak, pelotariak, ehiztariak...) eta beste batzuetan libre. Ohitura horrek gaurdaino iraun du eta kasu bakan batzuk kenduta trikitilaria ez da bere piezen hitzen sortzaile izan.

 

80ko hamarkadaren erditik aurrera Elkar disko etxea hasi zen trikitixa diskoak argitaratzen. Bertan ikusi zuten argia Esnaola eta Urruzolarenak 1986an, Maurizia, Leon eta Basiliorenak 1988an eta Iñaki eta Ramonenak 1989an.

 

“Gizonak behar badu bere deskantsua, andrea hartu dezala zaharra eta antzua” zioen Mauriziak.

 

Binilozko diskoen azken epoka edo aldian Elkar etxea izan zen argitaratzaile nagusia. Tapiaren eta Junkeraren sormen garai aipagarria izan zelarik. Hona hemen Elkar etxeak argitaratutako beste zenbait binilozko disko handi:

       

        - Tapia eta Leturia, Jo ta hautsi (1987)

        - Kepa Zabaleta Motriku (1987)

        - Tapiatarren Trikitixa (1989)

        - Kepa Zabaleta Imanol, Triki up (1990)

        - Tapia eta Leturia, Juergasmoan (1990)

        - Imuntzo eta Beloki (1991)

        - Tapia eta Leturia, Dultzemeneoa (1992)

 

1987an Kepa, Zabaleta eta Motrikuren lehen lana eta Tapia eta Leturiaren Jo ta hautsi argitaratu ziren. Ildo tradizionalari jarraitzen zioten baina uka ezinezko berrikuntzak ekartzen zituzten armonia eta erritmoari dagokionean. 1988an Imuntzo eta Epelarreren diskoaren generazio berri baten bidea irekitzen zihoan.

 

90eko hamarkadaren hasieran iraultza bat, trikitixaren eklosio antzeko bat gertatu zen. Honek diskogintzan izan zuen bere ondorio garbiena. Bi disko dira generazio berri baten aldaketaren ispilu: Tapia eta Leturia: Juergasmoan, Kepa, Zabaleta eta Imanol: Triki up. Bi disko hauek 1990. urtean ikusi zuten argia eta 90eko hamarkadan sortuko ziren bikote eta talde berrientzat mugarri izango ziren.

 

Txapelketak

 

Txapelketen inguruan bakarrik hitzaldi oso bat osa daiteke. Guk bi hitz esango ditugu eta izan zuten garrantzia aipatu. Lehendabizikoa 1970.ean egin zen Trinitate Plazan, Donostian. Izugarrizko deialdia izan zen.

 

Diskotan bildutako lehendabizikoa IZ-k argitaratu zuen, Anoeta Frontoian egin zen 1979an Trinitate Plaza txiki gelditu zitzaielako. Gerora etorriko ziren 1980, 1982 (IZ-169-170), 1985 (IZ-220-221), 1986, 1988 (IZ-300-301) eta 1991(IZ-354-355) urteetako txapelketak.

 

Txapelketek ekarri zuten eklosio honen ondorioz eta kaseteen agerpenarekin pirateoa eta espioitza ugaritu ziren. Martin adibidez, oso famoso egin zen, berak sartu zuen lehen “caja de ritmos”-a eta berak sortu zuen eskola handi bat.

 

Trikitixaren sonidoan ere esperimentuak egin ziren eta Midi esaten zaion formatua hautatu zuten trikitilari askok. Midi sistemarekin trikitixa joaz beste instrumentuen soinuak imitatu al dira eta baxuekin bajo elektronikoak eta akordeak osatzea ahalbideratzen du.

 

90eko hamarkada, eklosioa

 

1991ean Kepa Junkerak Trikitixa zoom kaleratu zuen aurreko diskoarekin markaturiko bidean sakonduaz eta 1987an Zabaleta eta Motrikurekin egindako lanetik erabat aldenduaz. Urte honetan Imuntzok Beloki bikote berriarekin lehen lana bideratu zuen: Jo ezak.

 

1992tik aurrera trikiti bikote asko talde bihurtu ziren. Hasieran hirukote (trikitxa, pandero eta baxua, “caja de ritmos” bidez lagundurik), bestetan laukote (bateria gehituaz) eta azkenik boskote (trikitixa, panderoa, baxua, bateria eta gitarra). Azken formazio hau rock talde tradizionalen formazio berdina da gitarra bat trikitixagatik aldatua eta panderoa sartuz gero. Formula hau Ameriketan (tex-mexa, vallenato...) erabili izan da 90eko hamarkadaren aurretik. Formula hau hautatu zutenetako batzuk: Imuntzo eta Beloki, Gozategi, Maixa eta Ixiar, Iker eta Larraitz, Zabaleta eta Imanol...

 

Eklosio honek onddoen garaia ekarri zuen: trikitixa eskolak ugaritu ziren, instrumentuak berak nolabaiteko euskalduntasun musikalaren erreferentzi papera hartu zuen eta bikoteak, eta ordurarte erromeri talde zirenak plaza talde bihurtu ziren. Beren sormen lanak pieza tradizionaletatik pop-rock inguruko piezak egitera eraman zituzten, heavya, kajun musika, punkya, baladak, ska erritmoak. Mota guztietako talde eta bakarlariekin kolaboratu du trikitixak. Trikitixa taldeen beste adar bat udako abestiarena izan da. Tapia eta Leturiak band formatuan, Alaitz eta Maiderrek, Maixa eta Ixiarrek, Gozategik eta Etzakit taldeak sorturikoak dira aipagarrienak. Talde hauetako batzuk bere lanak Japonen argitaratuak ikusi dituzte bitxikeria modura. Tapia eta Junkerak nazioarte mailan ere beren lanak argitaratuak ikusi dituzte (EE.BB., Hamburgo, Trans Europe Diatonique...)

 

90eko hamarkadaren bukaera eta mende berriaren hasierak bide berdinari jarraitu dio. Lanak konpaktoan bakarrik argitaratzen dira baina zenbait adituk diotenez ez du formato honek asko iraungo eta internet izango da urte gutxi barru kantuen hedaketa eta salerosketako bidea. Hautaketa naturalaren legeak talde eta bikote asko desegin ditu, Kepa Junkera multinazional batekin ari da lanean eta bere diskoak mundu osora hedatzen dira, Tapia bakarka lan monografiko zenbait argitaratu ditu (Apoaren edertasuna, Québec, Agur Intxorta maite) eta Leturiarekink laukotean ari dira plazarik plaza folk kutsuko zuzeneko lanarekin. Armonian bizi dira Laja eta Mikel, Epelde eta Larrañaga eta Maltzetaren ildo tradizionala Gozategi, Alaitz eta Maider, Maixa eta Iker Goenagarenak. Azken hiru hauek bikotea utzi eta bakarlari moduan ari dira plaza taldeen estilotik urrundu da kontzertu formatuan. Bertsolarien hitzak poeten hitzekin nahasten dira disko askotan.

 

 

Mikel Markez, 2003ko iraila