Hasierako orrialdeaBideoakDoinutegiaArgazkiakPrentsaEuskal Herriko Trikitixa Elkartea

 

ABERTZALETASUNA ETA TRIKITIA

 

Josu Zabala, Joseba Tapia, Xabier Mendiguren Elizegi

2004.eko irailaren 29. 19etan, Koldo Mitxelena Kulturgunean

 

Xabier Mendiguren: Trikitia ez da betidaniko gauza bat, gure arbasoek Santimamiñeko kobazuloetan jotzen zutena. 150 bat urte izango dira soinu txikia gure artean sartu zela eta esan daiteke bizirik zegoen herri baten sormenaren fruitu izan dela eta sorkari mestizoa dela guztiz. Sasikoa zelako-edo, hasieratik persegitua edo debekatua-edo izan dela esan daiteke. Ez zuzenean estatuek, gehiago izan da bertako jauntxoek edo jauntxoen eskumakila izandako elizak edo elizaren eskumakila izandako sakristauak. Elizaren presio hori, infernuko hauspoa deitzen zitzaionekoa esan daiteke orain dela 40 urte edo lasaitu egin zela. Geroztik ezin daiteke pertsekuzioaz hitz egin. Zer gertatu da hemen musika honekin azkeneko urteotan? Esan daiteke orain dela 40 urte trikitixa zela poliki-poliki gainbehera zetorren gizarte modu baten espresioa, eta bera ere modu batean gainbehera zihoana, batez ere Gipuzkoako eta neurri batean Bizkaiko zona batzuetako baserri giroko erromeria. Euskal nazioa berpizteko saioak egin izan dira mende honetan hainbat aldiz, baina trikitia horietatik aparte gelditu zen. Gerra aurrean egin ziren saioetan PNVren eskutik dantza indartu zen, antzerkia indartu zen, momentu batean olerkiaren bitartez nahi izan zen herria jaso, gero Aitzolek-eta olerkia ez zuten gai ikusi horretarako eta bertsoa bultzatu nahi izan zuten; trikitia baldarregia, sasikoegia ikusiko zuten eta ez zuten hortik jo, ez bultzatzeko, eta izatekotan baztertzeko.

 

Beste pizkunde aro bat hasi zen XX. mendearen erdialdean edo 60tik aurrera, eta hor ikusten zen Euskal Herriaren, aberriaren, euskal gauzen berpizkundea ezin zela joan folkloreari lotuta, eta nahi zen Euskal Herri modernoago bat, hiritarrago bat, gaurkoago bat egin. Bultzatu ziren arte moldeak izan ziren euskal kanta berria, literaturaren barruan egile berriak eta estilo berriak, pintura eta eskultura, ahal zen neurritxoan zineman ere bazegoen fede apur bat. Trikitixa inori ez zitzaion burutik pasa ere egin bultzatzeko gauza izan zitekeenik; bertsoa bai, Oteizak-eta esaten zuten gure sustraien zera bat izateaz gain gauza modernoa izan zitekeela. Trikitixa gelditu da gauza horietatik aparte, bere martxa segitu du, bere gainbehera geldo horretan. Baina 80ko hasieran halako gorakada bat izan zuela esan daiteke, ez kanpoko faktoreek bultzata baizik eta, neurri batean, bere kasakoa. Alegia, txapelketetan partaide asko hasten dira parte hartzen, publikoa ere bai, nolabaiteko gorakada bat sumatzen da. Geroxeago, orain 20 urte-edo, gazte batzuk hasten dira, horrez gainera, berritzen; lehengo moldean jotzeaz gainera, molde berriak probatzen, lehengoak hausten eta gauza originalagoak egiten. Adibidez, Joseba Tapia eta Kepa Junkera.

 

Aldi berean, eta mahaiaren beste aldera begiratuko dut, rock-arekin zer gertatzen zen ere aipa daiteke. Euskal kanta berria, euskal abertzale mugimendu berriak hainbeste bultzatu zuena, esan daiteke 70eko hamarkadaren amaiera aldera gainbehera zetorrela, zirkunstantziak-eta aldatuz zihoazelako. Hor nolabaiteko euskal rock and roll bat sortzen-edo hasi zen, hainbat aldetatik. Errobi, zenbait pop talde Hegoaldean, Itoiz bera, eta gero rockeroago batzuk ere sortu ziren: Hertzainak, Zarama, erdal taldeak mordoxka bat, eta euskal kulturak jarrera bikoitz bat hartu zuen. Batetik, ondo ikusten ziren gauza horiek, gazteak, modernoak eta gainera euskaraz. Baina baziren begi txarrez ikusten zituztenak ere, eta ez gutxi, droga, zikina, eredu kanpotar yanki inperialista eta abar. Hasi ziren gauzak aldatzen; “Rock Radical Vasco” etorri zen bere on-gaitz guztiarekin. Mugimendu abertzaleak bultzatzen du kultura-modu bat, eta elkarri mesede egiten zaio: talde batzuei sortzen zaizkie mila aktuazio, gehiago saltzeko aukera, mugitzeko, baina neurri batean etiketa bat ere jartzen zaie. Trikitiarekin ere antzeko gauza bat gertatu zela esan daiteke. 80ko hamarkadaren amaieran, lehen halako baserritarren gauza ikusten zen trikitia ikusi zen ez zela baserritarrena bakarrik. Tapiak-eta sortu zuten mugimenduaren atzetik beste asko sortu ziren. Euskalduna da, gurea da baina modernoa ere izan daiteke, homologatu daiteke, dantzarako ere balio du eta ez bakarrik baserrian. Perretxikoak bezala ugaldu ziren eskolak, bai eskola pribatuak eta bai kontserbatorio nahiz udaletako musika eskolak. Sortu ziren urte gutxitan triki-mex, triki-rock, triki-pop, triki-hip-hop, triki-punk, triki nahi duzuen guztia. Halere ez zen izan mugimendu sendo bat, sustrai sakonak zituena, eta pixkanaka indarra galduz joan da eta behera etorri da. Diagnostiko bat egitekotan, batetik multinazionalak dauzkagu, mundu osoan funtzionatzen dute eta artista gutxi batzuk bultzatzen dituzte, berberak mundu guztian. Beste botere maila bat badago, Espainiakoa. Saiatzen da bere artistak indarrez bultzatzen, neurri batean globalizazioaren kontra, telebistaren bitartez bere artistak bultzatzen eta zaintzen ditu, artista batzuk. Hor ere ez da egiten ahalik eta artista gehien egon dadila, baizik eta egon daitezela dozena bat eta benga horiekin bonbardeatuz. Beste botere maila bat badago, hurbilagoa, gureagoa, txikiagoa, ahulagoa, eta horrek zer egiten du: “Bueno, egon dadila euskal artista bat kanpora erakusteko eta esateko guk ere badaukagula”. Gainerakoan, kanpoko horri euskal hitz batzuk jartzen dizkio, presentazio hitz bat jarri, Euskadi Gazteak egiten duena, eta bota edo sartu kanpoko musika hori. Horren aurrean indar gutxi daukagu eta sormen eskasa. Ez dut sumatzen ideiarik, krisi hitza oso topikoa da baina esan daiteke ez gabiltzala esne aparretan. Momentu bateko goraldiaren ondoren trikitixa itzuli da lehen hartua zeukan martxaren egoera natural ustezko hartara, Gipuzkoako baserri inguru bateko erromerietara.

 

Josu Zabala: Krisi handia dago, batez ere profesionalak estutzen dituena, baina oinarrian, base sozialean ez dago krisirik. Badator trikitilari uholde bat inoiz baino hobeto prestatuta dagoena, baina trikitiaren profesionalak sosak irabazteko orain arte erabili duen zirkuitua krisian dago. Eta gainera, krisi hori ez da bakarra, euskal musika eta kulturaren krisi orokor batekin koinziditzen du alde batetik baina bestetik musikaren industria, globalizazioa eta teknologia berriak direla eta, mundu osoan ari da krisi handi bat pasatzen eta trikitixaren mundu txiki honek jasotzen ditu krisi handi horien ondorioak. Joseba Tapiak ez du lehiatzen Hernaniko beste musikari batekin, konpetitzen du Lou Reed-ekin, Tom Waits edo Metallica-ekin.

 

Orain dela 30 urte hemen hautatzen genuen oso disko gutxiren artean, orain merkatua saturatua dago eta diskoetxe multinazionalek menderatzen dute merkatua askozaz preparatuago baitaude beraiek izan direlako musikaren industria bilakatzen asmatu dutenak. Gaur egun musika eta kultura saltzen diren produktuak dira. Diskoetxe handiek zabaltzen dituzte beren produktuak beraiek kontrolatutako komunikabideen bitartez merkatu kuotak irabazteko eta helburu ekonomiko hutsarekin.

 

Baina gero ere badira gure faktoreak. Trikitixaren krisian faktore inportante bat da beti bideratu izan dela plazako dantzara, trikitixa beti izan da batez ere dantzatzeko eta ez hainbeste entzuteko. Horregatik azken urtetako dantzaren funtzio sozialaren bilakaerak garrantzi handia du. Trikitixa heldu aurretik txistua zen festaren erregea baserri giroko herri honetan, erromeria zen neska-mutilek elkar ezagutzeko aukera ia bakarra eta dantzariak taldetan edo bikotetan baina elkar ukitu gabe ari ziren. Trikitixarekin erromeriak efektu musikal handiagoa lortzen du. Eta gainera berarekin moda berriak datoz. Moralaren bilakaerari esker dantza lotua nagusitzen da eta hor, bere modernotasunean, datza trikitixaren arrakastaren portzentaia handi bat. Beraz txistu zaharra parora edo lehengo estiloko dantza erritualetara.

 

Baina 60ko hamarkadan hemen mundu ruralaren deskonposaketa azeleratzen den artean, iraultza sexuala dator mundura eta horrela dantzak galtzen du sexuen arteko hurbilketarako funtzioa neurri handi batean. Musika estilo berriak sortzen eta hedatzen dira. Geroan garapen teknologikoari esker industria musikal handiak sortzen dira eta eskaintza musikala ugaldu egiten da. Estilo musikal berriei lotutako tribu urbanoak sortzen dira. Garai berrietako dantza estiloak libre eta kaotikoak dira. Orain bakoitzak bere buruarekin dantzatzen du bere tribuaren erdian. Baina tribuak bilatzen du bere ghettoa eta ez du plazan dantza egiten. Instrumentu bat garatu bada plazako dantzarako, dantzaren bukaerarekin bukatu da bere funtzioa.

 

Euskal Herrian, batzuk esango dute abertzaletasunak ondorio txarrak ekarri dizkiola trikitixari baina ni ez nago erabat ados. Euskal instrumentua kontsideratua izan delako, trikitixa hedatu egin da. Ni gazte nintzenean hiri handietan soinu handia jotzen zen bakarrik eta ni soinu handia ikasten hasi nintzen, Gasteizen... Garai hartako disko gehienak soinu handiarekin grabatuak daude, “bilbainada” guztiak, Nafar joteroek, “El coro de la armonía” Gasteizen. Gaur egun gehien jotzen dena trikitixa da, krisian dagoena soinu handia da. Beste kontu bat da profesionalak zertan dabiltzan plazako giroa bukatu danean eta gure buruei galdetu behar dieguna da zergatik gaur ez dagoen inor plazatan eta zer egin daitekeen. Erantzukizunak banatu behar dira agente desberdin askoren artean, gobernuak eta industriak badute bere erantzukizuna, baina gizarteak eta trikiti zaleek ere berea, sortzaileek ere. Heziketa eta transmisioan ez da gehiegi asmatu.

 

Joseba Tapia: Guzti hau kokatu behar da munduaren aldaketa baten barruan. Euskal pizkunde bat ezagutu dugu eta mundu itxi batean kokatzen zen dibertsio bat etorri da ia hirietako festa nagusienetara. Tranpa batean erori izan garenaren sentsazioa daukat. Nik ezagutu nuen trikitixa nire koadrilatik aparte, haiek ez zuten trikitixa gustuko. 15 urte nituela “40 Principales” sortu zen eta gu horren zaleak ginen, guretzat berria zen musika entzuten hasi ginen, Eric Clapton, Lou Reed, Bob Dylan, hori gurea zen, ez zen arrotza, ez genuen konplexurik. Gero familiatik trikitixa mundua ezagutu nuen eta ikaragarri apasionantea zen, bazituzten hainbat gauza, dibertsioa, izateko modua, hizkuntza... Hortxe murgildu nintzen eta kolpeka ikasi behar izan dugu. Garai hartako trikitilariak oraindik jarraitzen dute eta inork baino lan gehiago egiten dute.

 

Entzuten genuen trikitixa moda guztien gainetik zegoela, ez ziola afektatzen hirian gertatzen zen hark. Nolabaiteko babes handi bat zuen trikitixak mundu itxi horretan. Nik hor egin nituen nire aurreneko urteak, ermitatako festatan, ezkontzatan... Orduan etorri zen lehendabiziko aldiz anplifikagailua, teknologia etorri zen. Hor ere kolpeka ikasi genuen. Trikitilari batek anplifikadorea barrura begira jarri zuen eta soinua bere aldera botatzen zuen. Jendeak esaten zion: “Ez da entzuten, jarrizak altuago.” Eta berak: “Nik ondo entzuten diat bat!” Kolpeka ikasi behar izan genuen. Gure osaba Eleuteriok “tierra” egiteko kable bat anplifikadoreari lotu eta galtzerdian sartzen zuen. Gero derrepente talde modernoak interesatzen hasi ziren trikitixarekin eta gu hor tokatu, ez ginen baserri mundukoak eta egokiagoak ginen talde mestizatu hauekin lan egiteko, izugarrizko inportantzia eman genion geure buruari. Hor ere kolpeka ikasi behar izan genuen, guri eskolak ez zigun erakutsi nola jo behar zen gitarra eta bateria batekin. Talde horiekin egindako gure aurreneko grabazioak entzuten ditugunean barre egiten dugu, baina gauza berria zenez jendeak babes handia eskaintzen zuen. Mundu ruralean rock hitza oso arriskutsua zen, beldur handia zitzaion kanpotik zetorrenari eta rock hori gauza beldurgarria zen. Zikinak, gurasoak beldur ziren beren alabak haurdun gelditzeko arrisku handia baitzuten jende klase horrekin, bazeuden horrelako mamuak. Guztiek nabarmentzen dute gure txapelketa garaia trikitixaren goreneko unea hori zela. Une horretan trikitixa berri horri ezetza esateko termino hori erabiltzen zen: Hori ez da trikitixa, hori rock da. Berriz ere kolpeka gatoz eta entzuten duguna mestizatu egin behar dugula da, ireki egin behar genuen, simaur usaina antzematen zitzaigun urrutira.

 

Gu ez ginen baserri mundukoak eta jauzi egin genuen horretara. Gure froga eta esperimentuek fruitu onak ematen zizkiguten nahiz eta txapuzeroak izan, triki-rock egin genuenean kristoren babesa eduki genuen. Modernoak ginen, irekiak, mestizatzeko prestatuak, gero triki-rap... Gaur ere erraz imajina dezakegu zein erraz mestizatzen jarraitu litekeen. Triki-bakalao edo trikitixa utzi eta DJ-triki izan gaitezke. Munduaren kanbio horretan ikusi dugu abertzaletasuna gora egiten, euskal komunikabideen babes handia baina bestalde mundu rurala pixkanaka bukatzen ikusi dugu. Baserritar jendea kalera doa, telebista sartzen da eta ia babesik gabe gelditu gara mundu horretan. Berriz ere kolpeka gatoz, gure nazionalismoak festa handia egin behar du dirua lortzeko eta trikitixa ondo portatzen da. Ameriketatik datorren influentzia horretan ondo kokatzen da. Ez da harritzekoa guk gaztetan “40 Principales” izan genuen bezala orain gazteek Euskadi Gaztea daukate, baina mezu oso argi batekin: “Trikitixa jarriko duzue irrati horretan?”. “Bai, rockeroa baldin bada”. Trikitixa mestizatua nahi dugu. Nire ondorengo belaunaldiak lan bikaina egin du eta Estatu Batuetako kantariak bezala kantatzen dute. Orain izugarri gaizki hitz egiten da beraietaz baina musutxuek eta horrelako exitoekin izugarrizko orgulloa sentitu izan dugu entzun izan dugunean diskoteka beltzenean ere. Baino munduaren aldaketa honek oraindik gehiago eskatu digu, artista izatea. Zer da artista izatea? Berriz ere kablea galtzerdian sartuta, “tierra” egitea. Orain txarlak ematen ditugu arteari buruz, kolpeka eta hanka sartuz. Nire ondorengo belaunaldiak komertzioa ezagutu du. Multinazionalak dirua azkar atera nahi du kantu batekin, baino aste bete irauten du eta orduan beste bat… Euskal Herria txikiegia da urtero “hit” milionario bat asmatzeko. Multinazionalek ez die babesik eskaini. Abertzaletasunarengandik ere ez daukagu babesik, honek dirua behar du, ezin duelako pentsamendu utopikoetan gelditu. Funtzionatuko duen taldea behar du eta euskalduna ez bada erdalduna. Babesik gabe gelditu da trikitixa eta sentsazioa tranparena da, ez gaitu inork babesten.

 

J. Zabala: Garaiko txistulariek zuk deskribatu duzun antzerako sentsazioa izango zuten ikusi zutenean fandangoak eta arin-arinak nahiago zituela jendeak trikitilarien eskutik. Gaur musikari askori gertatzen zaio hori, “diskjokey”-ak irabazi du arrazoi ekonomiko eta besteengatik. Krisi guztiaren zergatiak bi dira: bat globalizazioa, bi euskal arazoa. Hau da, erdal eta euskal munduaren arteko banaketa azken 20 urte hauetan suertatu izan dena. Hertzainak sortu ginen Zarama bezala gune erdaldun batean, euskaldunen artean oso txarto hasiko ginatekeen zeren gure gizarteak ez zukeen onartuko egiten genuena. Erdaldunei esker hasi ginen, ulertzen zuten guk euskaraz kantatzea, erdalduna zen gure lehen publikoa. Horren eraginez etorri zen gero euskal publikoa eta guk konpartitu genuen Euskal Herrian zegoen jendea. Horrekin lotua dago euskaldunen erantzuna. Hor politikaz hasi behar gara eta publikoak erantzuteko duen moduaz. Baditugu euskaldun izateko hiru modu: A, B eta D. Bi telebista: 1 eta 2. Telebista batean gauza batzuk emititzen dira eta kate batekoak ez zaizkio batere interesatzen besteari. Euskaldun 1, 2, A, B eta D klaseak daude eta horien arteko nahasketak. Badago kristoren eskizofrenia mentala, badirudi ezin dugula euskaldunok eta erdaldunok gure nortasun propio bat topa, komunikabideetan kultura berdina transmititzea mundu guztiari. ETB1 daukagu euskal munduarekin konplitzeko eta ETB2 kate pribatuen ildotik dabilena, kanpoan arrakastatsua diren gauzak kopiatzen hemengo erdal komunitateari eskaintzeko. Sekula ez dute emitituko Bertsolari Txapelketako finala erdal komentarioekin. Erdaldunek ez dute trikitixa entzuten. Gobernutik ere horrela bideratzen da. Ezker abertzalean ere badira zenbait akats eta kontutan hartuta trikitixaren publiko gehiena abertzalea dela badira hor fundamentalismo batzuk, burura etortzen zait Lin Ton Taun-en kasua. Hau bere garaian modan zegoen rock talde bat izan zen bere liderra trikitilari bat zuena. Egun batean bururatu zitzaien Madrileko disko etxe batekin fitxatzea, beren mezua zabaltzeko diskoa euskaraz eta erdaraz egitea eta klaro, horrekin ya taldeak desagertu egin behar du. Desagertzen da hemen, torpedeatuta. Ez dakit gure gizartean norainoko kapazitatea daukagun gure ideiak kanporatzeko eta ez ote garen pixka bat fundamentalistak horrelako gauzatan. Beste faktore oso inportantea da, azkenean gehien aztertu behar duguna, ibilera kulturalen aldaketa da zeren hortik eragin ahal dugu gehiago. Mundu rurala desagertzen da, naturarekin kontaktua galtzen da, erritualialtasune galtzen da, masifikazioa, asoziazionismoaren beherakada bat, indibidualismoa, pasibitatea, dena eginda, bizitza erosoagoa, denbora libre gehiago, gorputzari kultua, moralaren bilakaeran suposatzen da inoiz baino libreagoa dela, erlijioa hor mantentzen da eta inork ez du atakatzen inportako ez balu bezala, intimitatea saltzen da, balore klasiko asko desagertu da eta klaro, trikitixa ez da bekatua gaur egun. Badaude gauza gehiago, migrazio korronteak, mestizaia, zeren hemen egin dena imitazioa izan da eta ez mestizaia. Gizartean daukagu arrazismo bigun bat, niri gustatuko litzaidake euskal gizartea kanpotik datorren jendea integratzen ikustea eta trikitilari beltz bat fandango bat jotzen modu berezi batean, hori da benetako mestizaia. Harremanen bilakaera: bidaiak, telefono mugikorrak, garapen industriala eta komertziala izugarria izan da, harreman birtualaren gorakada ikaragarria, plazak galdu du boterea eta balorea. Lehen plaza behar genuen etxean ez genuelako ezer, anai asko eta lekurik ez guretzako. Lehen askatasuna zegoen kalean eta gaur egun askatasuna dago etxean. Ordenagailu batekin hor duzu kristoren eskaintza kulturala aberraziorako, hazteko edo nahi duzunerako. Aisialdiaren bilakaera izan da izugarria, 70eko hamarkadan izan zen Europa osoan leherketa kultural bat. Ordutik ekintza kulturalak ugaritu dira leku guztietan eta gaur egun politika dira. Donostiako Udalak badauka programazio bat urtean zehar, hainbeste emanaldi, guztiak izan behar dira espektakularrak, oso garestiak eta “de puta madre”. Hor gure gauzatarako oso leku gutxi egongo da eta gure mundua jardunaldi kultural horietan nahiko ahaztuta dago. Publiko horrek, beti arrazoia duen publiko horrek ez du exijitzen. Konformatzen da eginda ematen zaionarekin eta ez du bere burua babesten. Heziketa familiatik estatura eta komunikabideetara pasatu da.

 

Guraso abertzaleak, zerbait egin behar dela eta, nahiago dute judo edo makrame baino haurrek trikitixa ikasi dezala. Trikitixaren funtzioak bi izan dira, bata euskal sinbolo izatearena, euskal jaia antzeztea, triki-poteo eta Ibilaldia eta holako historiak eta bestea izan da dantzarena. Haurtzaindegiei esker mantentzen da trikitixaren funtzio bat. Garapen teknologiko basati batek ekarri du guzti hau, ekologi arazoak baditugu, kontsumismo basatia. Gazteak kontsumitu egiten dute orain, gu gazte ginenean ezin genuen hainbeste kontsumitu. Etxetik joaten ginen eta lau harrirekin kristalak apurtu eta primeran bizi, libre. Gaurko umeek gurasoek aginduta egiten dute guztia.

 

Komunikabide pribatuak sortu dira, lehen telebista estatuaren kontua zenean helburu kultural batzuk zituen, bere nazioaren nortasuna zaintzea zen helburuetako bat. Komunikabide pribatuekin asmatzen da jendeari askozaz gehiago interesatzen zaizkiola beste gauza batzuk, norekin oheratu den ez dakit zein printze eta programa horiek oso errentagarriak direla. Mentalitate horrek gure gobernuko telebista ere kutsatzen du, programa horiek imitatzen ditu, ez gure baitatik sortu direlako edo gure nortasunarekin bat datozelako, baizik eta beste kateetan oso errentagarriak direlako. Gero eta txikiagoa da gure presentzia komunikabideetan, Euskal Herriko komunikabideetan. Besteak kristoren abiaduran hazten ari dira eta gu geurean mantentzen gara beraiena imitatuz. Multinazionalen industriako parte bat bilakatu gara. Kultura negozio bat bihurtu da non balore efimeroak erabili behar diren, lehen musika espresiobide bat zen, gaur banalizatu da, ez dago lekurik musikarik gabe, edozer gauza egiteko erabiltzen da musika. Nire gurasoentzako soinu bat entzutea kristoren poza zen, gutxitan gertatzen zitzaielako eta asko baloratzen zuten jai egun hori, musikak dena aldatzen zuen, paisaia janzten zuen eta alaitasuna eta poza nagusitzen zen. Gaur hori etengabe daukagu, festa da edozein egunetan, gaurko gazteek ez dute gaupasa egiten beren herriko jaietan bakarrik, aurreko astean egiten dute eta ondorengoan berriz. Musikaren balorea debaluatu da, asko, eta hemen gehiago.

 

Pirateriaren kontuaz, hemen ez da baloratzen produktua, Ingalaterran pirateria askozaz txikiagoa da, industriak salmenta kuotatxo bat galdu du baina ez hemen galdu den adina. Jendeak ez du baloratzen interpreteen lana, produktua, diskoetxeak oso ondo aprobetxatu direlako urteetan diskoen salmentekin, prezio garestietan eskainiz merkeagoa izan behar zuen produktu bat.

 

Badago baita ere espezializazio bat. Musika gaur profesionalentzat bakarrik da, diskoetan eta eszenatokian egon behar dute. Amateurrak kalean gelditzen dira dirua eskatuaz Errumaniarrekin batera edo bestela euskaldunon jai egun batean txapela jantzi eta euskaldunarena egiteko. Jaiak espektakularizatu eta pribatizatu egin dira eta herritarren partaidetza pilo bat bajatu da. Gehiena delegatu egiten dugu, dena egina nahi dugu eta topatzen dugu zerbitzu enpresa batek eskainitako jai egitaraua. Ibilera kultural honek ematen dizkigu hainbat pista eta esplikatzen du zergatik honelako mundu txiki eta itxi batek arriskuan ikusten duen bere burua eta zergatik dagoen gainbeheran.

 

Planteatu behar da zer egin. Hartu behar dira neurri politiko batzuk, trikiti zaleek ere erru pixka bat badute, sortzaileek ere, trikitixaren transmisioa eta trikitixa zertarako erakutsi den ere berraztertu beharko litzateke.

 

X. Mendiguren: Josuren ikuspegian ikusten da halako faktoreen kateatze bat eta erremediorik gabeko fatalismo bat. Txistuaren eboluzio berdina eraman duela trikitixak. Aurrena soinu txikiak ordezkatzen du plazatik, jaitik, dibertimendutik txistua eta pasatzen da gauza erritualetara, folklorera eta soinua gaur ari da erritual eta folkloriko bihurtzen eta jendearen dibertimendu naturaletik baztertzen. Hau erremediorik gabeko bilakaera ikusten duzu? Eta, honekin lotuta, Josuk aipatu duen beste puntu bat: zertarako erakusten da trikitixa, transmisioa? Zeren trikitixa asko erakusten da baina ez da ikusten sormen berezirik.

 

J. Tapia: Trikitilariei esaten zaigu, bilatu beharko genukeela unibertsalak diren kodigo batzuk. Kodifikatze sistema horretan sartu beharko genukeela iraun ahal izateko. Baina akats nabarmenak ikusten dizkiogu beren sistema unibertsal horri. Kontserbatorioek adibidez ez dute trikitixa instrumentu ofizial bezala onartzen. Musika eskoletan sartu gaituzte eta irakasleak habilitatu dizkigute, soinu handia jotzen duten irakasleak errazago onartzen dituzte, “domatuak” titulatuak daudelako. Baina porrotetik datorren ikasleak dira titulatu hauek, gogorra da horrela esatea baina ez dugu seinale onik sentitzen eskola horretatik. Musika eskola hauek trikitilarien irtenbide bakarra bihurtu dira, soldata finkoa lortzeko aukera ikusten dutelako eta bestelako kezkak bigarren maila batean geratzen dira. Baino bestalde egoera profesionala beherako doanez klaseak ematea da aukerarik egokiena eta ia bakarra.

 

Profesional mailari dagokionez, multinazionalak du gaitasun eta boterea kultura mundu guztian zabaltzeko. Eta esaten zaigu multinazionalaren bidea jarraitu behar dugula aurrera egiteko. Baina babes gutxiko aukera dela uste dut, dirua emateari uzten diozunean hortxe akabatzen delako zure karrera musikala. Gaur dibertitzeko beste modu bat dago eta gazteek ez dute trikitixaren beharrik. Gure irrati eta telebistek horiekin egiten du negozio eta gure utopia artistiko eta intelektualarekin talka egiten dute. Berdin ikastolek eta txosnek, nahiago dute produktu masiboa geroz eta gehiago erdaraz gainera.