Hasierako orrialdeaBideoakDoinutegiaArgazkiakPrentsaEuskal Herriko Trikitixa Elkartea

 

GUK ALDATUKO DUGU

 

Xabier Gantzarain

Epelde, mende baten soinua, 2004

 

        Josu Zabalari Hertzainak taldea sortzearen zergatia galdatu izan zaionean, tradizioarekin hausteko izan zela erantzun du. Ez zela ikusten ordura arte egiten zen horretan. Ez zuela nahi nolako euskalduna izan behar zuen esan ziezaioten.

        "Garai hartan, ematen zuen Euskadi zela kantautoreak... herria, baina dena oso idealizatua. Ematen zuen Euskadik...flotatzen zuela. Eta guretzat, Euskadi zen gure lagunak, gure tabernak, larrua jotzea... bizitzea."

        Xabier Montoiak euskaraz ikasi zuen Euskadin punk talde bat osatzeko. "El problema era que en Euskadi si tenía que ser punk, tenía que ser en euskera". Muskaria, 13. alea, 1982ko ekaina.

        "Banekien, punk filosofia horri jarraituz, taldeak euskaraz abestu behar zuela. Baina ni erdalduna nintzen. Eta euskara ikasi nuen talde hori osatzeko. Nik, hasieratik garbi neukan talde hori Hertzainak izango zela."

 

        Hertzainak taldeak hau esan nahi zuen, entzun nahi ez zuenarentzat:

        Barkatu baina, orain arte egin duzuenak ez du balio garai hauetarako, mundua azkar eta asko aldatu da. Eta Euskal Herria ere bai. Eta aldatu ez bada, guk aldatuko dugu. Rokanrol batzokian!

        Euskalduna ez du RHak egiten, ez eta txapelak ere. Euskalduna ez da abizen euskaldunak dituena, euskalduna ez da baserritarra; ez behintzat hori bakarrik. Gu ere euskaldunak gara, euskaraz abesten dugu, hemen bizi gara.

 

        Horregatik gustatzen zitzaizkigun hainbeste. Eta kantuan eta dantzan jartzen gintuztelako ere bai.

 

                Ixilik inola ez hobe abestu (bis)

                Gainera mundu zaharra musikaz deuseztu

                Abestu ta zaharra deuseztu

                Hau maite ez duenak bizitzerik ez du

 

        Honela hasten da Hertzainaken aurkezpen kantua, euren asmoen berri ematen diguna: zuzeneko diskoko lehenengo kantua, "Hertzainak" izenekoa.

        Baina, hara: kantua pandero batekin eta soinu txikiarekin hasten da. Gero sartzen dira bateria, baxua, gitarra, eta txistua! Eta hitzak koplatan banatuta daude!

        Tradizioa hausteko behar-beharrezkoa, ezinbesteko eta garrantzitsuena, tradizio bat izatea da.

        Eta hara tradizioaren paradoxa zoragarria: hautsiz eta puskatuz, egurtuz eta aldatuz, sendotu egiten da.

        Askoz nahiago ditut tradizioaren hertzainak, tradizioaren ertzainak baino.