Hasierako orrialdeaBideoakDoinutegiaArgazkiakPrentsaEuskal Herriko Trikitixa Elkartea

 

GEHIAGO BALIO ZUELA ARIMAK

 

Xabier Gantzarain

Epelde, mende baten soinua, 2004

 

        Egizue kontu: Epeldek, gerra aurretik, Azkoitiko txapel-fabrikan egiten zuen lan, Hijos de E. Hurtado de Mendoza izenekoan. Goizean goiz jaiki, Munotik herrirainoko bidea egin, egun osoa lanean pasa, eta gauean, berriro aldapan gora Munoraino. Aste guztia lan egin ondoren, 10 duro ematen zizkioten.

        "Kortarenean egoten nintzen apopilo. 3 duro gordetzen nituen astean."

        Beraz, igandeetako erromerietan ateratzen zuen dirua, ez zen dirutza ikaragarria izango, baina bai laguntza polita. 15 mutilek pezeta bana botata, neskek ez baitzuten ordaintzen, aste osoa fabrikan pasatuta adina irabaziko zuen.

        Ez zen dirua izango soinua jotzera bultzatzen zituena, baina eza zer den ezagutu duenarentzat, gutxi hori asko da, eta lagunduko zuen horrek ere.

        Garbi asko esaten du Epelderen adin ingurukoa den Urrestillako Auntxak:

        "Halako batean, gutun anonimo bat iritsi zitzaion nire amari. Gutunak zioenaren arabera, semea galtzen bazen bere arima galduko zen lehenengo, eta amarena ondoren. Orduan amak esan zidan diruak baino gehiago balio zuela arimak eta soinua jotzeari uzteko eskatu zidan. Nik garai hartan gehiago begiratzen nion diruari arimari baino, eta, ondorioz, jotzen jarraitu nuen beste sei bat erromeriatan. Nire ama, etxera bueltatzen nintzen bakoitzean, negarrez hasten zen erromerien asuntoa uzteko eta azkenean utzi egin nuen."