Hasierako orrialdeaBideoakDoinutegiaArgazkiakPrentsaEuskal Herriko Trikitixa Elkartea

 

ETENGABE BILATU

 

Jose Inazio Ansorena

Inpernuko Poza Jardunaldiak, 2004

 

        Azken hogeita hamar urteetan horrek iraultza ezagutu du. Arrazoi asko tartean (Batzuk soilik teknikoak: errazagoa da soinua sonorizatzea txistu danbolina baino, soinuak armonia ere egiten du... Beste batzuk sikosoziologikoak: danbolinen eginkizun protokolarioak sortutako ezinikusiak, PNV-EAJrekin identifikatu izana, danbolinteroak pop eta folk-etik urruti samar ibili garela, e.a.), txistu eta danbolina ez ditu euskal gazte jendeak maite eta soinu txikia euskal tresna autoktonorik autoktonoena dela sinistu nahi dute. Hori dela medio, trikitrixak urrezko urte batzuk ezagutu ditu. Baina ematen du pattaldia ere etorri zaiola. Eta guri gertatutako berbera ari zaio orain gertatzen. Urte batzuk geroago. Horixe da aldea.

 

        Ostikada asko hartutako danbolintero batek  zerbait esango dizue honen inguruan:

 

        1) Lasai. Itxuraz, gezurra ematen badu ere, tradizioa modak sortu du. Garai bateko modu eta modak beste garai batean tradizio bihurtzen dira. Balio duten seinale. Ezertarako balio ez duten modak desagertu egiten baitira. Adibide bakarra: XIX. mendearen hasieran polkaren moda haize bortitz baten antzekoa izan zen Europa osoan. Geroago charleston,  twist edo rock and roll-aren antzera Europako bazterrak erotu egin zituen. Gaur egun, polka ez dago modan. Baina Mendebaldeko folklore osoan bizi bizirik dago.

 

        2) Tradizioak ere modak izaten ditu. Txistu eta danbolinaren nagusitasuna euskal musika tradizionalean XIX. mendearen amaieran eta XX.aren hasieran izan zen (Lehenago ez zen tradizionala, baizik eta bizi bizia. Eta geroago... badakigu). Trikitixarena 1975tik hona izan da (Lehenago ere, soinu bizia zen). Baina, sinistu, moda, tradizionala edo ez, pasatzen denean patxada ederra hartzen da.

 

        3) Debeku hitzaren inguruan ibiliko zarete egun hauetan. Debekurik handiena norberak bere buruari jartzen dio. Modaz pasata egonda ere, bada komunikaziorako eta arterako zirrikiturik. Baina —aipatu dizuet lehenago horixe zela gure arazorik handiena— nor garen garbi jakin eta batez ere sentitu behar dugu. Zuen benetako lekua bilatu behar duzue, etengabe bilatu. Musika gehiegi baitago gaurko egunean. Benetan diotsuet: kontua ez da sagua edo mamuta izatea. Saguak izan arren, pozik eta osasuntsu bizi gaitezke... mamutak garela inori, eta are gutxiago geure buruei, sinestarazi nahi ez badiogu.