Hasierako orrialdeaBideoakDoinutegiaArgazkiakPrentsaEuskal Herriko Trikitixa Elkartea

 

DEBEKATUAK INDARRA HARTU

 

Xabier Gantzarainen erantzunak Joxean Agirreri

Gara, 2004-11-29

 

        Zer izan da Epelderen biografia egiten hasi eta gehien harritu zintuen gauza?

        Lehenik eta behin Azkoitian XX. mendearen hasieran zegoen giroak harritu ninduen. Hiru alderdi zeuden Udalean, Integrista, Karlista eta Jeltzalea, eta indar handiena zuena Alderdi Integrista Katolikoa zen. Eta justu gizartean errepresioa gorienean zegoenean, gerra aurretiko giro horretan alegia, gertatu zen Azkoitia inguruetan trikitiaren loraldirik handienetakoa. Azkoitian dultzainak eta txistuak indar izugarria zuten. Festa gehienetan parte hartzen zuten itxura hartu diot nik. Baina festa instituzionalagoak ziren horiek. Soinu txikiak, aldiz, elizaren edo erakundeen kontroletik urrunago zeuden auzo eta erromeria lekuetan bota zituen sustraiak eta sekulako indarra hartu zuen. Dantza lotua ekarri zuen, baina ez hori bakarrik, trikitiak dibertitzeko modu berri bat ere ekarri zuela esango nuke. Imanol Eliasen liburu bat bada Azkoitiko historiari buruz, eta musikari buruzko atalean trikitilariak ez dira agertu ere egiten. Beharbada, dultzaina eta txistua Udalak kudeatzen zituen eta soinu txikia auzoetako jendeak.

        Nola esplika daiteke jende xeheak soinu txikiari egin zion harrera hain bero hori?

        Trikitiak dantza lotua ekarri zuen eta hori ez zen gutxi gizarte hartan. Dantza solteari, bestalde, halako erotismo bat erantsi zion eta soinu txikiak badu, azkenik, festa bat antolatzeko beste instrumentuek ez duten indar bat, baditu beste baliabide batzuk. Melodia eta erritmoa batera eramaten dituen instrumentua da.

        Soinu txikiaren iraultza hori kokatzeko Elgoibar, Bergara eta Azkoitiaren arteko triangelua aipatzen duzu.

        Badirudi Bizkaitik sartu eta inguru horretan hartu zuela indarrik handiena. Elgoibar-Bergaratik Azpeitira bitartean. Auzo guztietan zeuden erromeriak eta trikitilariak.