Hasierako orrialdeaBideoakDoinutegiaArgazkiakPrentsaEuskal Herriko Trikitixa Elkartea

 

BAERTELEN MISIOAK

 

Amagoia Iban

Grafia askorik gabeko historia apur bat, 2003

 

Dantzarako musika eta nahastea, izan ere, beti etorri dira eskutik helduta gurean. Daniel Baertel frantziskotarrak 1886an Durangon egin zuen hitzaldia oso adierazgarria da, esaterako: "Euskaldun bihotzekuak, neure indar guztiakaz esaten deutsubet: atzera erdarazko berba astun eta zantarrak, gorde daiguzan geure usadio eta ohitura onak, solas garbiak ta dantza nahaste gabekuak". Durangon bertan jaioa zen Baertel, euskaltzale, garbizale eta foruzale petoa izateaz gainera, eta, duela mende eta laurden eman zuen prediku haren bukaeran, asko kezkatzen zuen gaiari buruz hitz egin zuen, berak "zorigaiztoko"-tzat jo zuen dantza baten kontra abiarazia zeukan gurutzada aurkeztuz: "Egin dot ahalegiñik asko eztarria sikatu, galdu eta garraztu arteraño, kenduteko ekandu hori Euskal Herritik. Misiño santuban nabil herririk herri, bazterrik bazter Bizkaiko uri ta eleizaterik asko igaro ditudaz". Misiño santuban Bizkian zehar ibilia zen 1886rako fraide hura, eta misiño hori burutzeko herrietako agintarien laguntza eskatu zuen Durangon: "Euren mesediak egon bihar dabe dantza lekuetan begi argi ta zolijakaz, eta agindu hau berau Erriko Zaiñlarijari egin ez deitekian garbitasunagaz oker datorren gauzarik". Zelatan egon behar zutela herriko zaindariek, alegia, dantzaldietan. Zeren zelatan, baina?: "Hemen daukaguz geure aurrezku eta atzezkuak, bana-banakua, ta beste dantza garbijak; bada geure txistu, bolingozo edo albokiñen soiñugeijak ez dator ondo arrotz eta erbestekuen jira-bira nahastu ta barrijakaz, eta esaten ez badugu euskaldun guztijak bat egiñik: atzera dantza barri ta nahastubak". 'Baltzio' hitza erabili zuen fraideak, gainera, arbuiatu beharreko dantza hari deitzeko. Baltseoa Mungian "aspalditik" agertua zela dio, zehazki esanda. Aingeru Berguicesek trikitilari zaharrenak zentsatu dituen zonaldeko dantza ohiturak publikoki arbuiatu zituen Baertel fraideak 1886ko garagarrilaren 24 hartan.