Hasierako orrialdeaBideoakDoinutegiaArgazkiakPrentsaEuskal Herriko Trikitixa Elkartea

 

KOPLARI BURUZ

 

        Kopla, nagusiki, arte apal edo behe mailakotzat hartu izan zen urteetan.

        Bi edo hiru errima besterik ez du behar, eta bertsolariek, santa-eskeetan eta horrelako festa berezi batzuetan izan ezik, lau errimako zortzikoetan eman izan dituzte beren bertsoak. Eta bertsolari onenek bost puntukoa erabili izan zuten maiz, beren maisutza erakusteko. Edo bederatzi puntukoa. Alabaina, gure kantutegiko kantarik ederren eta zaharrenetariko bat, Bereterretxen Kantorea (XVII. mendekoa), koplatan emana da, kopla zaharra esaten zaion horretan: hiru erremina lau lerrotan AABA, 8/8/10/8 silabatan. Tradizio ahantzi hori jasorik, Gabriel Arestik kopla molde hau indarberritu zuen 1964an, Harri eta Herri liburuan ageri diren Egun da Santimamiña eta Apur dezagun katea poemetan. Eta dena esatera, kopla zaharrek hartu zuten arnasa Mikel Laboak ere emana dute, bi poema horiek musikaturik. Geroztik, kopla molde honek bide luzea egin du gure kantagintzan.

        Manuel Lekuonak aztertu zituen koplak lehenengoz, 1935ean argitaratu zuen Literatura Oral Euskérica lanean. Hartan, kopla zaharren teknika eta egitura ezin hobeki azaldu zuen. Kopla zaharra terminoak esan nahi/behar luke "kopla berria" ere bazela. Hala zen, baina ez zitzaien izen hori eman, beste hauek baizik: trikiti-kopla, pandero-kopla.

        Kopla mota hau are xumeagoa da kopla zaharra baino, ABCB rima dauka oinarrian, 7/6 silabatan, zortziko txiki erdi bat balitz bezala.

        Hala ere, badute trikiti koplek maiz, kopla zaharrek bezala, bi osagarri formalen arteko kontrasteak sortzen duen osotasun poetiko indartsu hori: lehen zatian kantariak ikusten edo gogoratzen duen naturaren elementu bat hartzen du ahotan; bigarren zatian bere sentimendua adierazten du, edo mezu zuzenagoa:

 

                Erreka bazterreko

                lirio lorea...

                Enaz ederra baina

                bai eder zalea

 

        Trikiti edo pandero-koplen ezaugarri nagusia, ordea, kopla zaharrekin eta oro har bertsolaritzarekin alderatuta ageri da: haiek ez daukaten askatasuna ageri dute gauzak izendatzeko (alegoriaz edo zuzenean: porrua, baratza, potroak, buztana...), eta ez da harritzekoa, beraz, lotsa gutxikoak direla esan izana, edo gordinak.

        Kopla xume hauek hartu zituzten gisa guztietako zentsurek paperetatik uxatutako gaiak eta moduak, debeku guztien azpitik.

        Horregatik heldu dira ahoz aho egundaino.

        Ez da harritzekoa beraz kopla beraren bi eta hiru aldaera aurkitzea. Autoretza ere, anonimoa izan zen askotan. Beharko.

 

                Koplen zerrenda

                Kopla lohien ondare ugaria

                Trikitiak

                A proposito de los versos