Hasierako orrialdeaBideoakDoinutegiaArgazkiakPrentsaEuskal Herriko Trikitixa Elkartea

HIZTEGIA

Abaro, Gregorio

    Soinujole bizkaitarra, Bermeon sortua 1869an.

    Hauxe da ezagutzen dugun soinujolerik zaharrena.

Abarka

    Gure jatorkeriaren ikurretako bat, dantza arrotzen galbidean sartzea eragozten diguna.

    Ikus Brusa

Patxiko abarkaduna

Afinazioa

    Tonu berdineko lengueten arteko irekiera.

    Trikitilaria, zabala izanik, irikiera estukoa da: Bossa Nova ere hala sortu zen, "desafinando". Eta rocka? Horiek gu baino okerragoak dira!

Lenguetak

Agirre, Joxe Manuel

    Pandero egile tolosarra. Panderoez gain atalbalak, danbolinak eta dultzainak ere egiten ditu.

Aingeru guardakoa

    Inor dantza lotuko piezaren bat jotzen hasten bazen, han azalduko zen isilaraztera, alguazil jantzian.

Aire, aire!

    Trikitixan egiten den aldarria, jendea animatzeko. Eta entzuleak hankalotuak, maiz.

Aizpurutxo

    Erromeri tokia, Gipuzkoako Azkoitian, Urretxuko mugan.

    Bertan egon zen erretore Julen Lekuona (1938-2003), hauspoa ez baina kitarra besotan ibiltzen zen kantaria.

Julen Lekuona

Euskal musika berri

Leku onian

Akordeoiaren aztia edo “Mago del acordeón

    Zegamako Joxemiel Ormazabali (Zumarragako Trikitixa) esaten zioten.

Joxemiel Ormazabal

Alboka

    Soinujoleek egindako bekatu handi eta ugarien artean, alboka baztertzearena ez da makalenetakoa.

    Ikus Dultzaina

Alboka hauspo-soinuak baztertu

Altaboza

    Ozengailua, edo hotsa zabaltzeko asmakizun elektrikoa.

    Alegia, kantaera zaharraren akabera.

Altaboza

Altavoces Eguía

Andrakasko Errementaria

    Rufino Arrola (1909-1996), omenaldirik nahi ez zuen soinujolea, omenaldiak heriotza omen zekarrelako.

Rufino Arrola

Soinuaren Liburutegia

Datorren urtean

Apaiza

    Apaiz-ohi, ateo, bertsolari, diputatu, ezkongabeko guraso, filologo, gerrilari, gerrillari, idazle, kantari, kitarrajole, konspiratzaile, langile, marxista, pilotari, politiko, txistulari... zer ez da izan euskal apaiza! Trikitilari, horixe ez da izan: ez ote daki ba infernuarena asmazio hutsa dela?

Arin-arin

    Dantzarako erritmo binarioa.

    Sasoiko egotea eskatzen duen dantza bizia.

Oroimenez (Arin-arina). Laja eta Berastegi, 1970

Arizterrazu

    Erromeria tokia, Gipuzkoako Aian.

    Bertan dago trikitilariaren omenezko eskultura.

    Lehen dantzaldi latzak egiten zituen jendeak.

Aizterrazuko eskultura

Arrate

    Erromeri lekua, Gipuzkoako Eibarren. Eibartarrak erromerrian gauza onik ez...

    Ikus Erromeria

Arrate Irratia

    Trikitixari arreta berezia egin izan dion irratia, Eibarren.

    Ikus "Sutondoko erromeria"

    Ikus Loiola Irratia

Arrateko Ama

    Trikitilariok, nonbait, ez genekien txistulariek ere joera berezia zutela hona: 1927an bildu ziren hemen, beren Elkartea sortzeko!

    Ezjakintasun horretan patroi izendatu genuen Arrateko Ama handik mende erdira edo, eta soinu bat jarri genion aldamenean, opari eta ikur gisa. Astebete iraun zuen. Ez dugu uste txistulariak izan zirenik.

Arrateko Ama

Arséguel

    30 urtetik gora daramatza Leridan egiten den Arségueleko trobadak. Imanol Iturbide panderista azken 25 urteetan izan da bertan, hasieran Epelderekin eta azken urteetan Lajarekin.

Azpillaga, Jon

    Panderoa joz bat-bateko koplak kantatzeko gai izan den bertsolari bakarra. Soinuari motelxeago eraginda, jakina.

Lazkao Txiki panderojole

Azkue, Resurreccion Maria

    Abade lekeitiarra (1864-1951), euskal kulturaren inguruko beste lan askoren artean Cancionero Popular Vasco bilduma handia argitaratu zuen, herriarenganako irainez eta mesprezuz betea. Soinua ere ez zuen maite, "antipatikoa" egiten zitzaion.

Invasión

Bajuak

    Ezkerreko eskua, akonpañamentua egiteko: "jundata jundata" sekula etorri ez!

Bajuak

Baltseoa

    Lotuan dantza egitea.

    Lehen debekatua zen eta izugarri egiten zen, gaur libre da eta inork ez du egiten.

Dantza lotuan

Neska gazte batzuei

Baltseo txikia

    Urola aldean sortutako dantza, debekuak gainditzeko: trikitian, kantatzeko puntuan, bikoteari heldu egin behar zitzaion. Gero segi sueltoan.

Banda

    Trikitixa modernoaren garaiko terminoa, taldea adierazteko.

    Garai batean hiriko eta zenbait herritako dantzarako musika taldea. Zuzendaria, askotan, errepertorio sortzaile eta trikitilarien errepertorio irakaslea izaten zen.

Zumarragako Banda

Bandoneoia

    Argentinan erabiltzen den soinua, kromatikoa edo diatonikoa izan liteke. Tangoak jotzeko ohizko soinu tresna.

Bandoneoia

Baroja, Pio

    1906an “Paradox Rey” nobelan “Elogio sentimental del acordeón” testua idatzi zuen. Bertan, Kantauri Kostaldeko marinelen eskuetan jartzen zuen esku soinua.

Behetarra

    Fandangoa edo arin-arina, Donostialdekoek eskatzen zituzten piezak. Lajak argitzen digu zergatia: "Bizkaian gehiago jotzen da trikitixa, hemen fandangoa. Horregatik, guk, Bizkaitik gertu gaudenez gero, gazteak ginenean, fandangoa eskatzerakoan behetarra esaten genuen, Donostia aldekoa alegia. Horregatik Azkoitian trikitixa edota behetarra eskatzen genuen: behetarra fandangoa edo arin-arina izango zen".

Donostiako Konstituzio Plazan

Beobate

    Gipuzkoako Aiako trikitilaria, pasadizo xelebre honen protagonista gerraostean: Athletiken ereserkia jo eta jendeak dantza lotuan egin. Jakin du autoritateak, eta hogeita bost pezetako isuna (pieza debekatua jo eta eskandalua jarri gainera!). Dantzari batzuk atxilotu eta kartzelara eraman zituzten. Abokatuak beste 25 pezeta kendu zien, aholkuagatik.

Beraiazarratarrak

    Santiago eta Kepa aita-semeak, soinu-konpontzaileak.

    Gaur Gernikan dauka atelierra Kepak.

Bergara, Jose Maria

    Loiola Irratiko arduraduna, Urolako trikitilariak magnetofoian grabatzen hasi zen apaiz jesuita... Ez garela kontradikziorik gabe bizi!

    Ikus Loiola Irratia

Berguices, Aingeru

    Bizkaiko trikitixari buruzko lan sakona egin duen ikerlaria, Kepa Perez Urrazagarekin batera. Ez da oraindik argitaratu.

    Ikus Perez Urraza, Kepa

Bermeosolo, Felisa

    Trikitixari lotutako lehen emakume panderojolea, Bizkaiko Ereñon jaioa 1899an.

Bigira

    Neska-mutilek lana amaituta egiten zuten bilera dantzarako, eta dantza aitzakian elkar ezagutzeko. Han gertatzen zena ikusita "turkoak eurak be lotsatuko litzatekez", omen. Nekazarien saraua zen bigira.

    Ikus Saraua

Cer dirian biguiraac

Birekua

    "Bidekoa", noski.

    Ikus Biribilketa

Biribilketa

    Kalejira, azkeneko pieza, etxera joateko abisua.

    Txapelketa eta Jaialdietan oholtza gainera igotzerakoan jo beharrekoa.

Urruti nere menditik (Biribilketa). Sakabi eta Egañazpi.

Birtuosismoa

    Atzo jardunean, gaur atzamarretan.

Bisonoroa

    Botoi bera zapalduz hauspoa irekitzen eta ixten soinu ezberdina egiten duenean.

BITE

    Bizkaiko Trikitixa Elkartea. 2004ean sortu zen.

Bizkai-dantza

    Trikiti dantzei esateko modua Huitzin, Orixek dioenez.

Blasco, Arthur

    Berari zor zaio soinu txikia berreskuratu izana Katalunian.

Arthur Blasco

Bolumena

    Lehen besoekin lortzen zen hauspoari eraginez, orain batioen botoiari emanda.

Botila

    Perkusio tresna, hutsa dagoenean.

    Beteta ez da soinu onik ateratzen ahal.

Nazioarteko Jaialdian

Brusa

    Inoizko baserritar jantzia. Gaur ezinbestekoa dugu trikitilariok.

    Txistulariek ordea, kultuago, kaikua jantziko dute.

    Ikus Abarka

    Ikus Euskal Jaiak

Trikitilariak brusarekin

Caja de ritmos

    Izugarrizko “txolloa” zen soinu joleentzat, bateri joleak beti kexan egoten omen ziren, ordu bete jo eta erromeria noiz bukatuko zen galdezka. “Caja de ritmos”-a ez zen sekula kexatzen. Jendeari dantzarako lagundu egiten zion eta soinua ere jantzi egiten zuela iruditzen zitzaien soinu joleei.

Casa Carrion

    Gasteizeko musika denda. Bertan erosten ziren lehendabiziko altabozak eta "caja de ritmos"-ak.

Cengotita

    Soinugile edo hauspogin ospetsua Bilbon, Tenderia kalean.

Soinugileak

Columbia

    Donostian zegoen kokaturik Columbia etxe angloamerikarraren lantegia. Bertan diskoez gain gramofonoak ere egiten ziren.

Concertina

    Irlandan erabiltzen den soinua diatonikoa edo kromatikoa izan liteke.

Concertina

Danbolina

    Iztuetak eta beste jakintsu askok diotenez, panderoa --gero danbolina izango zena-- askoz lehenagokoa da txistua baino. Horregatik esan izan zaio txistu eta danbolinaren bikoteari, eta baita txistulariari berari ere, "danbolina".

    Trikitixa azaldu aurretik, danbolina zen deabruaren tresna.

    Ikus Txanbolin

La tradición del tamboril

Dantza

    Pertsonen harremanetarako eta elkar ukitzeko parada egokia.

Dantza lotuan

Kristiandadearen lotsagarri

Zangurruaren atzapar luzeak

Debekua

    Soinua azaldu zenetik Euskal Herriko botere faktikoek areagotu egin zuten erromeriak kontrolatzeko eta galerazteko politika.

Debekuak

Debekatuak indarra hartu

Diatonikoa

    Eskala mota bati esaten zaio, solfeo jakin behar da ulertzeko.

    Soinu txikia tresna "diatonikoa" dugu hizkera dotorean. Botika izena ematen du.

Diskoa

    Euskal musikak geroz eta gutxiago saltzen duen produktua.

    Hasiera batean arbelezkoa izan zen, ondoren binilozkoa, gero plastikozkoa. Orain gogorra dela besterik ez dakigu.

Baile Vasco diskoa

Dultzaina

    Nafarroako tresna nazionala.

    Trikitixak baino buila handiagoa ateratzen du. Baina hauspoa jotzaileak berak jarri behar du, eskastasun horixe dauka.

    Ikus Alboka

Eibar

    Arrate azpain dagoen hiri koskor industriala, tradizio sozialista duena, eta euskaldun petoa izan arren sobera argizarijalea izan ez dena. Eibarren ezin izan zituen Elizak ez dantza lotuak ez dantzaleku itxiak debekatu.

Eibarko Petra

    "Petratxarri" esaten zitzaion lilitegiko madama, Elgeta soinujolea kontratu zuena bere etxeko "pianista" bezala. Petraren eta Elgetaren talentuari esker bihurtu zen soinu txikia saloiko, eta baltseorako gauza.

Petratxarrirenean

Elgeta

    Jazinto Rivas (1905-1964), gure aita-pontekoa.

    Berak lotu zuen gerraurrekoa gerraondokoarekin, eta errepertorioa berritu.

    Euskal soinu txikia, 23 botoikoa, berak "asmatu" zuen.

Elgeta, Sakabi eta Auntxa

Soinuaren Liburutegia

Elgetaren musika Iker Goenagak entzunda

Fandagoa

Elkar

    Binilozko diskoen azken epoka edo aldian Elkar etxea izan zen trikiti diskoen argitaratzaile nagusia Joxe Mari Goikoetxea izan zelarik arduradun nagusia. 90eko hamarkadan Triki azpi zigilua sortu zuen.

Eresbil

    Musikaren euskal artxiboa. Errenterian kokatzen den artxibo honetan aurkitzen dira trikitixa grabazio zaharrenak.

Ermita

    Erromeri tokia.

    Ikus Urkiola

Erromeria Ibiñarrietan, 1949an

Madariagako ermita, Azkoitian

Santa Marinako ermita, Asteasun

Errefreskua

    Ezkondu behar zuen neskari egiten zitzaion festa, despedidakoa.

Manuel Gelatxo - Errefreskua

Errematea

    Enkantea, soinujoleek plaza alokatzeko egin behar izaten zuten lehia.

Erromeria

    Erlijioarekin lotutako festa.

    Eta santu edo santaren aitzakian, dantza-festa mendian: eskandalo hutsa. Egin dezagun kontu eibartarrak, esaterako, "Arratetikoak" direla, haurrak Arratetik datozela Eibarren...

    Ikus Arrate

Erromeriak

Antzinakoa

Erromeria

Cer dirian erromedijac

A Loyola

Lehengo erromerian

Esku pianoa

    Eskua tartean dabilen guztia bezala, arriskutsua.

    Trikitixari adinako gorrotoa zioten tresna honi nazionalistek.

Orfeón Euskeria Gallartan

Eskuineko eskua

    Melodia jotzeko erabiltzen dena, atzamarren azkartasuna eta trebetasuna neurtzeko aldea. Erne, kamera hori!

Eskuineko eskua

Etxaniz, Nemesio

    Apaiz azkoitiarra (1899-1982), Donostian bizi izan zena eta, besteak beste, jazpanek ospetsu bihurtuko zuten Antoni eta Anton kantaren sortzailea.

Kantagintza

Itz bi

Euskal Jaiak

    Brusa janztea beharrezkoa den festa folklorizatua.

    Trikitia ez da urruti ibiliko.

    Ikus Brusa

Donostiako 1932ko Euskal Jaiak

Donostiako 1979ko Euskal Jaiak

Faborez

    Neska dantzara ateratzeko eskaera. Eta hala ere...

Fandangoa

    Erritmo ternarioan, kantatu gabeko jota.

    Zorabiatzeko arriskua dago entrenatu ezean.

Fantasia

    Inprobisazioa egiten zenean, bazen.

Farfisa

    Trikitilariek lehenengo erabili zuten anplifikadore marka.

Farfisa

Farrea

    Trikitixari esateko modua Busturialdean.

Fila

    Soinu txikiaren eskuineko eskua, bakarreko, biko edo hiruko lerroz osatua, diatonikoa izan arren.

Filarmonika

    Gurean, "pillarmonika". Italierazko hitza, "fisarmonica" zen hasieran.

    Hauspoz jotzen zen oro zen filarmonika.

Itxaromendi

Folk

    Jazz edo rock ez bezala, hitz hau disketxeek asmatu zuten, helburu komertziala zeukan eta dauka. Jaialdi folk asko daude, baina ez dago folk mugimendurik. Are gehiago, folkaren funtsa ez-mugitzea omen da, zenbaiten iritziz.

Folklorea

    Zientzia bezala hasi zen, eta orain ez dakigu zer den ere.

Hitzaldiak

Frai Bartolo

    Fraile karmeldar txoroa (1768-1836), dantzen persegitzaile sutsua. Euscal errijetaco olgueeta ta dantzeen neurrizco gatz-ozpinduba liburu barregarria idatzi zuen. Bertan ageri dituen kezkak benetakoak bazituen, pasatu zuen kalentura ederrik!

    Oraindik hor jarraitzen du euskal literaturaren historietan aipatua, Frai Bartolome de Santa Teresa izenarekin.

    Ikus Mendiburu, Sebastian

Frai Bartolo

Garizuma

    Auntxaren esanetan “Garizuman ez zidaten jotzen uzten gurasoek eta garizumako lehen egunean soinua giltzapean gordetzen zen gure etxean. Garizuma bukatu artean nik ez nuen soinua ukitzen. Zazpi aste ziren, baina niretzat zazpi urte ziren”.

Gelatxo

    Manuel eta Pedro aita-semeak, trikitilari ospetsuak.

Manuel Gelatxo

Pedro Gelatxo

Soinuaren Liburutegia

Soinujoleak

Guerra, Juan Carlos

    XIX. mendeko historialari honi zor zaio soinuaren lehen aipamena, 1889an egindako artikulu batean.

Novísimo acordeón

"Gure erromeriak"

    Joxe Mari Iriondok Loiola Irratian sortu lehen trikitixa saioa, 1962an. Ostegunero emititzen zen, 21:30etan, alegia, prime time orduan...

    Ikus Loiola Irratia

    Ikus "Saski-Naski"

    Ikus "Soinu gozoa"

    Ikus "Sutondoko erromeria"

    Ikus "Triki not dead"

    Ikus "Zaharrak berri"

Goilarak

    Perkusio tresna, trikitixa laguntzeko erabilia.

Gose

    Trikitixa, elektronika eta sexua batzen dituen musika taldea.

Goseren lehen diskoa

Grazia

    "Horrek graziyakin jotzeik".

    Non ikasten ote da?

Hauspo-soinu

    Soinu hauspodunei eman izan zaien izena.

Poza, edonun

Hauspoa

    Garai batean burdinoletan zeukaten tresna handia, suari putz egiteko.

    Soinu txikiaren eskuineko eta ezkerreko eskua lotzen dituen atala, soinuak arnasa hartzeko balio duena.

Hauspoa

Hauspodun

    Soinujole, garai bateko hizkeran.

Hauspozen

    "Hauspo-ozen", R. M. Azkue hiztegigile ospetsuak proposatu zuen hitza, "akordeoi" edo "pillarmonika" ez esateko.

Herri-Gogoa

    70eko hamarkadak ekarri zuen nobedade bat Herri Gogoa zigiluaren sorrera izan zen. Hamarkada bat iraun zuen Iñaki Beobideren zuzendaritzapean trikitixa disko mordoxka bat kaleratu zituelarik.

Honner

    Munduan gehien zabaldu den soinu diatoniko marka alemana. Tex-mex, vallenato eta Europako hainbat erritmoetan ezinbesteko bihurtu den soinu fabrikatzailea.

Hugo, Victor

    Idazle frantses handia (1802-1885) Gipuzkoako Pasaian zenbait egun eder eman zituena 1843an. Apaizei ez bezala, duintasun handiz iruditu zitzaion dantzatzen zuela populu xeheak herriko plazan.

Eder, noble, grazios

Iburreta

    Etxesa-Korta Argentinara joan zenean Zumarragako taberna honetan egin zioten despedida.

Inpernuko hauspoa

    Apaizek soinu txikiari emandako izena.

    Egoki emana ere: hauspoak putz egiten du, eta jakina da haize emanda sua pizten dela...

    Ikus Txerren-hauspoa

    Ikus Maketo-antzea

Inpernuko Poza

    Trikitixa Elkarteak 2002az geroztik antolatzen duen jarduanaldien izena.

    Bekatuari eta bekatariei buruz aritzeko aitzakia, mendeku polita kondenatu nahi gintuztenen gainean.

Kartela

Iriondo, Joxe Mari

    Lehenengo trikiti irratsaioen sortzailea (1962), eta gerra osteko txapelketen bultzatzailea.

    Ikus Loiola Irratia

Joxe Mari Iriondo

Irrintzia

    Txapelketan puntuak lortzeko ezinbestekoa.

Irrintzilaria

Irrintzia

Iurreta

    Bizkaiako trikitilari zaharrei omenaldia urteetan antolatu den herria.

Iztueta, Juan Inazio

    Gipuzkoako dantzak eta doinu zaharrak bildu, liburuan argitaratu eta plazan irakatsi zituen gizon xelebrea (1767-1845). Kartzelan ere sartu zuten, baina ez dantzan egiteagatik, batzuek nahiko zuketen moduan.

    Ikus Frai Bartolo

Jaialdia

    Lehen, dirua biltzeko asmazioa.

    Gaur galdu egiten omen da gehienetan.

Nazioarteko Jaialdia 2004

Jazpana

    Bateria, musikakoa alegia.

    Bateria daukan formazioa, taldea.

    Lehenengo bateriak etorri zirenean marka honetakoak ziren (Jazz Band), eta markaren izena erabili zen izen generiko bezala.

Gelatxoren Jazpana

Kaxiano, taldearekin

Horiek bai multikultural eta multietnikoak

Juliana Esnaola

    Manuel Gelatxoren emazte eta pandero laguna, dantzari fina.

Juliana Esnaola dantzan

Juradua

    Epaile taldea, txapelketan lehenengo postua lortzen duenarentzako jatorra.

    Epaileak jende jantzia izan ohi dira: solfeoa dakite, gutxienez.

Kalejira

    Eskutik lotu eta elkarren atzean dantza egitekoa.

    Lehen, neska mutilen artean elkar ez ukitzeko, paineluak jartzen ziren.

Kalejira Deban

Karneta

    Trikitilariek ez zuten azterketa pasa behar plazan jo ahal izateko, gainerako musikariek bezala. Dirua ordainduta eskuratzen zuten. "Egunen batean trikitilariok ere karneta izango duzue, eta soinua jotzetik biziko zarete", esan zion Elgetak Zialtzetari.

Juan Garateren karneta

Kaxiano

    Kaxiano Ibarguren (1933-2002), Lizartzako Itsua, soinu handia jotzen zuen trikitilaria eta bertsolaria.

Bertsolariekin

Soinujoleak

Kontzientzia politikoa

    Izan ote dugu inoiz guk horrelakorik?

18 de Julio

Kopla zaharra

    Lau lerroko estrofa, 8/8/10/8 silabatan egituratua, AABA errimekin, antzinako lirikan oso erabilia, eta urteetan baztertua egon zena.

Koplari buruz

Koplen zerrenda

Kopla

    Gehienetan 7/6 silabako bertso mota izaten da, bi edo hiru puntukoa, azken errepika batekin.

    Trikitixak asko indartu du bertso mota hau. Hainbesteraino, non, idazle askok, hiru puntukoaren azken errepika errima berri bat egiteko baliatuz, zortziko txikia egiten duten kopla tradizionalaren ordez, baina tituluan beti "koplak" direla ongi adieraziz. Horretan laguntzaile dauzkate bertsolariak berak, ematen duenez errazkeriatzat abandonatua baitaukate orain zortziko bizia, alegia, txikia. Esan liteke, beraz, zortziko txikia ere kopla dela, baina ez beti: gaiak eta tonuak badute zer ikusia...

    Ikus Pandero-kopla

Koplen zerrenda

Koplari buruz

Korroa

    Soinujoleak jotzeko eta kobrantzarako zeukan dantza eremua.

Korroa

Kromatikoa

    Eskala mota bat, diatonikoaren aldean osatuagoa.

    Elgetak lortu zuen, bi sostenido gehiago erantsita, eskala kromatikoa osatzea, nolabait.

    Handia beti handi: soinu txikiak ez du hartzen handiak daukan eremu sonoroa.

    Ezta handiak txikiarena ere: txikia beti gaizto.

Kromatikoa, soinu handia

Donostiako Atotxan

Kursaal

    Nazioarteko Trikitixa Jaialdia bertan egiten da.

Larrinaga

    Soinugile edo hauspogin ospetsua, Donostiako Egia auzoan.

Soinugileak

Larrinaga-Guerrini

    Estimazio handiko soinuak, 1920-30 ingurukoak.

    Bi soinugile hauek elkartu zirenean lortu zituzten tresnarik onenak.

Soinugileak

Larrinaga-Guerrini

Lastur

    Erromeri toki garrantzitsua, Gipuzkoa "sakonean".

    Halako parajetan dabil beti soinu txikia, Inpernuko sarreraren bila.

Launeddas

    Sardinian musika tradizionala egiteko erabiltzen den albokaren familiako haizezko tresna, 2005eko Nazioarteko Trikitixa Jaialdian soinu diatonikoarekin batera ikusi ahal izan genuen

Launeddas

Lengueta

    Bibrazioaren bitartez eragiten den altzairu zatia, soinua sortzeko.

Lengueta

Loiola

    Jesuitak eta trikitilariak batera bizi izan diren tokia, zerua eta inpernua batera.

    Donostiako auzoa, ibai bazterrean, erromeri toki garrantzitsua XIX. mendean. Hantxe esan zioten Bilintxi "Ni zurekin? Ja-jai!"

    Ikus Urola

Jesuiten indar beltza

Loiolako porrusalda

A Loyola

Loiola Irratia

    Joxe Mari Iriondoren eskutik trikitixari leku berezia eskaini zion irratia, jesuitena.

    Ikus "Gure erromeriak"

    Ikus Bergara, Jose Maria

    Ikus Arrate Irratia

Lehenengo grabazioak Loiolan

Lotuan

    Helduta dantzan egiteari esaten zaio.

    Handia dela gero: askatasunik ez lotzeko!

Dantza lotuan

Dantza lotua

Magnetofoia

    Beste trikitilarien piezak kopiatzeko tresna.

Magnetofoia bertsotan

Mahaia

    Urteetan, mahaia izan zen trikitilarien jokalekua edo, politikoek dioten moduan, eskenategia. Hori galdu egin zen "tranpaldoa" etorri zenean.

Maketo-antzea

    Urretxindorra bertsolari handiak (1878-1942) soinuari ezarritako kondena.

    Ikus Inpernuko hauspoa

    Ikus Txerren-hauspoa

Urretxindorra

Txerren-auspoa

Markonesia

    Pantxike Zubizarreta, Manuel Sodupe Gelatxo-rekin panderoa jotzen zuen emakumea. Bere senarrak, Gregorio Alberdi Markoni, bi ilerako soinua jotzen zuen.

Markonesia

Martitte

    Trikitilari edo dultzainero bana omen zeukaten Azkoitiko auzo honetako baserriek.

Martitte

Maurizia

    Zeberioko kantari eta panderojole izugarria.

Maurizia

Fasiorekin txapelketan

Mendiburu, Sebastian

    Jesuita sermoilari beldurgarria eta obseso sexual handia (1708-1782).

    Hain amorratua zegoen gizajo hau dantzen kontra, non bere erakundeko buruek zentsuratu behar izan baitzizkioten zenbait liburu.

    Oraindik ez dute kendu euskal literaturaren historietatik, eta egundoko monumentua dauka oiartzunen.

    Ikus Frai Bartolo

Misioak

Setoso charra

Dantzak Iparraldean

Dantzak Iruñan

Meza

    Erromeria egingo bazen hartu beharreko mitina.

Mikrofonoa

    Trikitilarien eta bertsolarien kantaera zeharo aldatu zuen tresna modernoa.

Mikroa

Muga

    Erromeriak bezala, hortxe ibili da beti trikitilaria, debekuaren eta baimenaren artean, dantzaren eta musikaren artean. Mendian gehienbat, kaleko itotasunaren ihesi. Alabaina, kalean omen zegoen aurrerazaletasuna, menditarrak omen ziren atzerakoiak.

Han libre zelako

Multa

    Lotuko piezak jotzeagatik etortzen zena.

    Lotuan dantzatzeagatik etortzen zena.

    Elizak, isunak jartzeko legezko aginterik ez zeukanez, patroien bitartez egiten zuen multagintza hainbat tokitan, igandean halako erromerian dantza lotuan aritzeagatik langilea zigortuz. Horrek esan nahi du ez zirela txibatoak edo salatariak faltako, baina halakoei ez diegu sarrerik eman gure hiztegian.

Bertso berriak kapitalisten kontra

Mundua

    Gauza zabala eta bazter ugarikoa da mundua, baina nonahi daude soinujoleak: harrigarria da gure tresnaren hedadura.

Musika Eskola

    Kontserbatorio zaharren izen berria, trikitixak lekua hartu duen toki instituzionala.

Musikene

    Trikitixaren eta musika tradizionalaren ikasketek goren maila hartu duten Eusko Jaurlaritzaren musika eskola.

Nahastea

    Lotuan dantza egiteak zekarrena. Nahaste, borraste, hor haste.

Nazioarteko Trikitixa Jaialdia

    Trikitixa Elkarteak 2002an antolatzen hasia.

Nazioarteko Jaialdia 2002

Neska-laguntzea

    Kotxerik ez zen garaian eta baserri munduak etorkizuna baratzean eta ikuiluan zuenean, erromeria ondorenean mutilek neska laguntzen zuten gauez etxera.

    Sasiartean apaizak zelatan.

Dantziaren despeidaan

Neska-soinua edo nesken soinua

    Pandero handia izango da, seguru asko, Frai Bartolok dakarrenez: "Ezda emen ecer esaten, erromedija eguna domeequia, edo jaiosua bada, egun à videetan, ta vertan guizon, ta emacume naaste dantzan chilibituen, pandereten, trompeen, edo nesqueen soinubagaz iragotia gaiti."

Oilasko biltzea

    Baserriz baserri herriko gazteek soinuaren eta bertsolarien laguntzarekin egiten duten eske-modukoa. Astiasaran soinujoleak negarrez eta odoletan ere alde egin izan du aste osoa oilasko biltzen ibilita.

Oilasko biltzen

Omenaldia

    Trikitilari zaharrei egiten zaien errekonozimendua.

    Ikus Andrakasko Errementaria

Organista

    Soinujoleen irakaslea, apaiza ez izatera.

Oria

    Zumarragako Trikitixa esan izan zaion familiaren deitura.

Zumarragako Trikitixa

Oromiño

    Bizileku zuen auzoaren izenarekin deitzen zioten Serafin Arantzeta soinujole bizkaitarrari.

Panderoa

    Soinu txikia laguntzeko erabili izan den larruzko perkusio tresna.

    Soinua azaldu baino askoz lehenagokoa da gure artean, eta hutsik ere jotzen zen.

Panderos de gran vuelo

Carlo Rizzoren iritzia

Pandero-kopla

    Trikitiak erabiltzen duen kopla moldea.

    Ikus Kopla

Pasodoblea

    Lotuko dantza Euskal Herrian.

    Espainiatik etorritako influentzia, militar kutsukoa.

Perez Urraza, Kepa

    Bizkaiko trikitixari buruzko lan sakona egin duen ikerlaria, Aingeru Berguicesekin batera. Ez da oraindik argitaratu.

    Ikus Berguices, Aingeru

Perladura

    Kopla erreska edo sailari deitzen zaio. Jabier Kaltzakortaren ustez “perlaz perla perladura osatzen joaten ziren, eta baldarkeriarik handiena eta gauzari finena perladura berean biltzen zituzten”.

Perrone, Marc

    Italian jaio bazen ere Frantzian bizi da eta Frantzian garatu du bere ibilbide profesional zabala. Soinu diatonikoa jotzen du eta mundu osoan erreferentzia da, 2005eko Nazioarteko Trikitixa Jaialdian gonbidatu moduan izan zen Marie-Odile Chantran-ekin.

Marc Perrone

Piamonte

    Alpeetako mendi multzoen hegalean kokaturiko lurralde ederra, Italiako estatuaren mugapean. Bertakoak izan ziren XIX. mendean Gipuzkoako trenbideko tunelak zulatzera etorritako langile adituak, soinu txikia ekarri zutenak. Sekulako indarra dauka bertan soinuak gaur egun ere, eta han erosten edo handik ekartzen ditugu soinuak.

Plaza

    Soinujoleek "erosten" zuten bertan erromeriak egiteko, eta bildutako dirua eurentzat izaten zen.

    Ikus Txartela

Pobrearen pianoa

    "Le piano du pauvre" esaten zaio soinuari.

    Txikia denean, zer mesprezu ez ote du merezi?

Le piano du pauvre

Porrusalda

    Arin-arin kantatua.

Prestigioa

    Xabier Amurizak aipatu zuenez Inpernuko Poza jardunaldietan “soinularia oso prestigiatua zen, bertsolariak baino prestigio handiagoa zuen”.

Prexkantoni

    Frantziska Antonia Irizar panderojolea, Zumarragako Trikitixaren sortzailea izan zen Joxe Oriaren ama zen.

Primi

    Panderojole eta irrintzilari ospetsua.

Elgetarekin

1973an

Irrintzia

Rocka

    Trikitixa ez dena, gauza txarra eta kanpotarra adierazteko. Kanpotik etorri, eta orain gu bertakoenak!

Sakabi

    Faustino Azpiazu soinujolea (1916-1995), Elgeta-ren ikasle gorenetakoa.

Egañazpirekin

1972ko omenaldia Usurbilen

Soinuaren Liburutegia

Anttoni, Antton (Baltsea)

Elgetarengana

Salon Teatro eta Salon Cruceta

    50 dantzaldi eman zituen bi areto hauetan Elgeta soinujoleak 1907an.

Santa Eufemi

    Erromeri tokia izen bereko ermitaren inguruan, Urregarai mendian, Bizkaiko Aulesti eta Markina herrien arteko mugan.

Erromeriak

Abadiñoko Karmentxu

Saraua

    Bigira nekazarien saraua den moduan, handikien bigiria da saraua, alegia, etxe oneko neska-mutilek gauez egiten zituzten bilera eta dantzaldi arima-galgarriak. Hala bigiretan nola sarauetan, "lujuriak mahaia prest dauka janari ugariagaz, baina sarauan hobeto gisaua".

    Ikus Bigira

Cer dirian saraubac

Sasi-soinua

    Trikitirako kopla esateko modua Oiartzunen, Manuel Lekuonak dioenez. Eta denok uler dezagun, "música espúrea" esan nahi omen du.

"Saski-Naski"

    Joxe Mari Iriondok Donostiako Herri Irratian sortutako euskal kanten inguruko saioa, bertan trikitixak ere presentzia nabaria zuen, 1964ko irailean, 10:00etatik 12:00etara, igandero.

    Ikus "Gure erromeriak"

    Ikus "Soinu gozoa"

    Ikus "Sutondoko erromeria"

    Ikus "Triki not dead"

    Ikus "Zaharrak berri"

Sermoia

    Dantzan egiten zutenak salatzeko aldarria, dantza lotuan egiten ez bazuten ere.

    Ikus Frai Bartolo

    Ikus Mendiburu, Sebastian

Sermoia Urkiolan

Soinu handia

    Soinu kromatikoari esaten zaio, "kordiona" handiari.

    Gehiago kobratzen zuten ezkontzetan.

Handia eta txikia

"Soinu gozoa"

    Maixa Lizarribarrek Euskadi Irratian sortutako trikitixa saioa, asterokoa 1996-2000 bitartean.

    Ikus "Gure erromeriak"

    Ikus "Saski-Naski"

    Ikus "Sutondoko erromeria"

    Ikus "Triki not dead"

    Ikus "Zaharrak berri"

Soinu txikia

    Handiak baino soinu handiagoa ateratzen du ordea!

Soinu Txikirako Kantak

    Adolfo Jainagak eta Iñaki Zabaletak trikitixa ikasleentzat argitaratutako bilduma, lau aletan.

Soinu Txikirako Kantak

Soniera

    Somierra, trikitixaren ahotsak jartzeko zurezko ohea.

Sostenidoa

    Notak falta zituela eta Elgetak soinuari erantsi zizkion 4 nota.

"Sutondoko erromeria"

    Esteban Larrañagak Arrate Irratian sortutako trikitixa saioa.

    Ikus "Gure erromeriak"

    Ikus "Saski-Naski"

    Ikus "Soinu gozoa"

    Ikus "Triki not dead"

    Ikus "Zaharrak berri"

uztarria.com

Tangoa

    Euskaldun jator batek inoiz egoki dantzatuko ez duen doinu arrotza.

Les voix profondes de la terre

Tierra

    Tierra egiteko, kablea galtzerdian sartzen omen zuten soinujoleek. Hankazikinak...!

Tiliño

    Joxe Jabier Abasolo, urteetan Iurretan trikitilari zaharrei omenaldia antolatzen aritutakoa.

Tradizioa

    Beti arazoak dakartza, bakoitzak komeni zaion adiera ematen dio hitz honi. Batzuek uste dute tradizioa ez dela mugitzen, gaur tradizioa izan dena ez dela inoiz berria eta ez-tradizionala izan.

Guk aldatuko dugu

Trena

    Alpeetako langileek trenbidea egitera etorri zirenean ekarri zuten soinu txikia Gipuzkoara, itxuraz.

    Alegia, tresnarik euskalena "trenak ekarritakoa" dugula, kanpotar belarrimotza.

    Honek ez du argitzen nola heldu zen Bizkaiara, dauzkagun aipamen eta albiste guztien arabera han lehenago jotzen baitzen.

Trena Euskal Herrian

Trenbidean lanean

Nola heldu zen trikitixa Euskal Herrira

Triki

    Edo hobeto esanda, "la triki".

    Zigulu komertzialek eragindako terminoa: triki-folk, triki-rock, triki-punk... Gero zernahitarako erabili da, "triki-bertsoa" eta "triki-poteoa" ere badago, nork daki laster ez ote dugun "triki-jatea" edukiko, Triki ostatua ere badagoenez, Baiona Ttipian.

"Triki-bertso"

    Bilboko musika promotora batek sortutako formula komertziala. Kontuz gisa guztietako antolatzaileok: izenak jabe du, erregistratua dago marka eta patenteen erakundean.

Triki-pop

    90eko hamarkadan trikitixa pop doinuekin nahastu izanaren ondorioz bataiaturiko estiloa. Hamarkada bateko arrakasta izan zuen.

Triki Punk

    "Rock radical vasco" delakoaren garaian irulez jantzita azaltzen ziren bi musikari, emakumezkoak.

Triki Punk

Trikikrisia

    2004ko jardunaldietan Josu Zabala musikariak (Hertzainak) ekarri eta kazetariak txoratzen jarri zituen hitz polita, zer edo zer adierazten duena.

Etengabe bilatu

Triki-triki

    Eusko Ikaskuntzako jakintsuek Bergaran deskubritu zuten dantza mota, guk inori bazenik ere entzun ez dioguna.

Se bailaba el triki-triki

"Triki not dead"

    Jabi Nabarrok Egin Irratian sortutako trikitixa saioa, 1996-1998.

    Ikus "Gure erromeriak"

    Ikus "Saski-Naski"

    Ikus "Soinu gozoa"

    Ikus "Sutondoko erromeria"

    Ikus "Zaharrak berri"

Trikitilaria

    Euskal musikari ofiziala bihurtua den behialako baserritar musikabakoa.

Trikitixa

    Fandango kantatua.

    Soinu txikiaz eta panderoz osatutako formazioa.

    Gaur egun soinu txikiari berari ere esaten zaio.

    Euskalki batek Euskal Herri osora hedaturiko hitzik nabarmenena.

Trinitateko Plaza

    Gerra osteko lehenengo txapelketak antolatzen ziren Donostiako plaza.

    Gero jazzlariak heldu ziren.

Jaialdia Trinitateko Plazan 1974an

Txanbolin

    Danbolinaren pertsonifikazioa.

    Garai batean, danbolina zen deabruaren tresna. baina soinu berriek baztertuta geratu zenean, biktima bihurtu zuten (berriz) kondenatu egiten zuten haiek berek, baina alegia edo eredu moduan: euskaltzaletasunaren irudia zen, arrotzek etxetik bidalia...

    Ikus Danbolina

Txanbolin

Txapelketa

    Trikitilarien arteko norgehiagoka, 80. hamarkadan arrakasta handia eduki zuena, hainbat ekitalditan.

Txapelketak

Txartela

    Erromerietan kobratu ondoren paparrean jartzen zuten ikurtxoa.

    Ikus Plaza

Txarteltxoak

Txerren-hauspoa

    Deabruaren musikatresna, alegia. Logikoa, inpernukoa baldin bazen.

    Ikus Maketo-antzea

    Ikus Inpernuko hauspoa

Txerren-auspoa

Txistua

    Musika tresna zahar-modernoa, soinua sortzen ez duena, baizik eta txistua.

    Txapelketetan puntu gutxi jasotzen zituztenei egiten zitzaiena.

Uhala

    "Uela" / "Ubela"

    Ezkerreko eskua bajuetara sartzeko eta soinua gorputzean jartzeko larruzko lokarriak.

Ubela

"Urkiko Aztia" edo "Mago de Urki"

    Bergarako Migel Sagastumeri esaten zioten. Kuban ibili zen soinujole profesional gisara.

Urkiola

    Erromeri lekua, ermita ez baina basilika egon arren. Mañaritik gora dago, Bizkaiko eta Arabako mugan.

    Bertan kokatua da soinuaren lehenengo erreferentzia.

Erromeria Urkiolan

Urkiolara joan

Urkiolako erromeria

Urola

    Trikitixa Gipuzkoan lehenik sartu zen harana, Bizkai aldetik, eta sendoen sustraitu den ingurua.

    Ikus Loiola

Urolako trikiti altxorra

Vallenato

    Soinu diatonikoarekin Colonbian sortu zen musika estiloa. “Nato del valle” esalditik dator izena, alegia, han ere soinua baserritarrek jotzen zutela.

Xirria

    Erromerian eta dantzan zita egin ondoren neska-mutilek etxerakoan saiatzen zutena. Bidea toki ilunetatik egiten bazen hobe!

"Zaharrak berri"

    Miel Anjel Haranak Euskadi Irratian sortutako trikitixa saioa, 1984an.

    Ikus "Gure erromeriak"

    Ikus "Saski-Naski"

    Ikus "Soinu gozoa"

    Ikus "Sutondoko erromeria"

    Ikus "Triki not dead"

Zapatak

    Quebec-en ikasitako perkutsio modu berria. Ikusia zegoen abarka eta apretekin ez genuela bide luzerik egingo...

Zero-sette

    XX. mende amaierako soinu ekoizle garrantzitsuena. Euskal Herrian gehien zabaldu den soinu marka.

Zortzikoa

    Zenbait jakintsuren iritziz, benetako euskal doinuak ordezkatu dituen 5/8 erritmo italiar aspergarria.

Esos zortzikos