es | fr | en

Kopla

Trikitixaren genero literarioa, kopla

Iztuetak 1824an argitaratutako "Guipuzcoaco dantza gogoangarrien condaira edo historia. Beren soñu zar, eta itz-neurtu" liburuan "fandangoa" esaten du, eta Gipuzkoara Bizkai aldetik sartzen ari dela azpimarratzen du: "Gipuzkoan ezta usatzen gizon dantza egin ondoan, ez fandangorik, eta ez Bizkai dantzarik egitea. Egia da orain asi diradena zenbait erritan, bañan nere gazte denboran, dantza beakurtsu edo respetable aietan, etzan bein ere egiten, danza mota oienik". Iztuetak aipatzen duen Bizkai dantza, arin-arina da. Arin-arina 2/4 erritmokoa eta kasu honetan, kopla kantatuz gero guk "porrusalda" deitzen diogu.

Azken urteetan trikiti bikoteak ezagutu ditugu, soinu txikia panderoarekin uztarturik jo izan da. Lehen panderistak emakumeak izan omen ziren eta ba omen zen ohitura bitxirik, emakume panderista horietariko batzuek senargaiaren irudia marrazten zuten panderoan. Kopla kantariak ziren. Kopla hauek dantzarakoak, erromeriakoak izaten ziren. Pandero soilez laguntzen ziren hasieran, gerora alboka, dultzaina, bibolina, soinua nahiz beste perkusioren bat ere erabili izan den.

Koplaren testuak zati errepikatuak ditu, dantza berak dituen bueltak bezala. Koplak testu laburrak izaten ziren, puntu biko edo hirukoak, gehienez eta bi erritmo nagusi erabili ohi ziren: binarioa (porrusalda; testu laburrak), eta ternarioa (trikitia, testu luzeagoak). Kopla bakoitzak bere osotasun indibiduala dauka. Bakoitza pieza ale independentea da. Beharbada, noizbehinka, pare bat kopla izan daitezke elkarren osagarri, baina hori salbuespen arraroa da. Kopla bakoitza ale independentea denez, koplariak nahi dituen erara ordena ditzake, zentzurik galdu gabe. Ez dago sortaren garapenik. Dantzarako baliagarriak izatea da hauen funtzioa eta ez istorioak edo diskurtsoak garatzea.

Koplaren ezaugarririk behinena laburtasuna da. Koplen testua laburra denez, elipsi asko eta lotura gramatikalen ekonomia handia dago. Ez dago tokirik betegarrietarako, ezta beste generoetan erabili ohi diren zubi sintaktikoetarako ere. Testu hauek aztertzerakoan sarritan koplak ilogikoak edo inkoherenteak direla badirudi  ere logika bisuala da diskurtsiboa baino gehiago.