es | fr | en

Dantza

Iztuetak 1824an argitaratutako "Guipuzcoaco dantza gogoangarrien condaira edo historia. Beren soñu zar, eta itz-neurtu" liburuan "fandangoa" esaten du, eta Gipuzkoara Bizkai aldetik sartzen ari dela azpimarratzen du: "Gipuzkoan ezta usatzen gizon dantza egin ondoan, ez fandangorik, eta ez Bizkai dantzarik egitea. Egia da orain asi diradena zenbait erritan, bañan nere gazte denboran, dantza beakurtsu edo respetable aietan, etzan bein ere egiten, danza mota oienik". Iztuetak aipatzen duen Bizkai dantza, arin-arina da. Arin-arina 2/4 erritmokoa eta kasu honetan, kopla kantatuz gero guk "porrusalda" deitzen diogu.

Trikitixa dantzari loturik ezagutu dugu betidanik, sueltoari eta lotuari. Sueltoa soka dantzaren amaierako zati bat zen. Ordenaturiko dantza batzuen ondoren kaotiko bat zetorren.

Trikitixaren errepertorioa dantzarako piezekin lotu behar da derrigorrez. Suelto edo loturako, azken mendeko erromerietako elementu garrantzitsu izan da soinu txikia. Trikitixak arrakasta izan bazuen ez zen izan jadanik ohiko musika tresnak jotzen zituzten piezak kopiatu zituelako baizik eta dantza lotuari, baltseoari esker, lorturiko errepertorioari esker. Dantza sueltoa bazegoen, dantza lotuarekin izan zuen arrakasta soinu txikiak. Trikitixaren errepertorioaren hiru iturri ere aipa daitezke: karlistadek utzitako musika, musika bandak eta ohikoak ziren instrumentuen errepertorioa.

Dantzak neska mutilen arteko harremanak bideratzeko zuen garrantzia ere azpimarratu behar da. Dantzarekin bazegoen kripto hizkuntza bat harremanak egin al izateko. Hortik zetozen neska laguntzeak eta horregatik zegoen gaizki ikusia.