es | fr | en

Uzt 14 2017

Pobrearen Pianoa

… Osaba Mikelen soinu gorriak hotsa berezia ateratzen zuen, pianoko soinu txiki hark Larrinaga zuen izena. Urrutira entzuten zen, nola erakartzen ninduen marru zoragarri hark!

Osabak berak kontatu zidan zergatia: soinu etxera joan omen zen Donostiara eta bertan Martzelino Larrinagari eskaera egin omen zion ea trikitixaren hotsa jartzerik ba ote zegoen soinu hari. Baita jarri ere, ez zen ingeniari makala Larrinaga zaharra. Eibarkoa izan behar zuen Martzelinok, erlojeroa ofizioz. …

… Osaba Eluterioren soinuek eragiten zidaten zirrararik handiena: bi Larrinaga-Guerrini zituen, bata marroixka tekladu beltzarekin Do tonuan afinatua, errejistro batekoa. Bestea berdea, eskuinean bi botoi gehiago zituena, baina hotsik ateratzen ez zutenak, edertzeko jarriak. Hau izan omen zen Eleuterioren lehenengo soinua, eta Do tonuan omen zegoen afinatua hasieran. Liluratua egoten nintzen osabari begira. Tresna haiek margotzen nituen nire eskolako kaieretan. Nola gustatzen zitzaizkidan Larrinaga zahar haiek… (Joseba Tapia Usabiaga)

… Langile guztiek behar izaten dituzte erremintarik egokienak beraien lana txukun burutzeko. Trikitilariek ere, soinean eramaten dituzten lanabesak direnik eta preziatuenak izaten dira, altxor baten modura zaintzen dituzte. Hari horri tiraka, trikitixaren munduan altxor preziatuenak izan dira Marcelino Larrinagaren eta Florentino Guerriniren eskuetatik sortutako soinuak. Liburu honetan tokia egin nahi izan diegu etxeetan gordeta dauden egurrezko bitxi horiei.

Euskal Herrian zehar trikitixa ugari aurkitu ditugu molde honetakoak. Kepa Gonzalez argazkilariaren proposamenez etxez etxe joan gara soinu hauek dauden ingurunean bertan argazkiak ateratzera, soinu bakoitzari bere tokia errespetatuz. Soinuen jabeek beraien etxeetako ateak ireki dizkigute eta Kepak etxeko tokirik egokienak aukeratu ditu argazkiak burutzeko, ondoren estudioan mimo handiz landu dituelarik. … (EHTE)