es | fr | en

"Biografiak" atala

Aza 30 2018

Eleuterio bera zen festa

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

EGILEA: JOXEAN AGIRRE ODRIOZOLA

LIBURU+DISKOA

Trikitilariei eskainitako neure podium partikularrean Elgeta zegoen lehen postuan eta, oso gutxi ezagutzen nuen arren, Eleuterio Tapiak okupatzen zuen bigarren lekua, trikitia eta herri kirolak aldi berean uztartu zituelako. Bi arlo berezi izango zirela pentsatzen nuen, baina gerturatzen hasi orduko ohartu ginen soinua, dantza, indarra, sasiora eta apustuak… dena nahasian zeudela, mundu bakar bat osatzen zutela.

Eleuterio Tapiak bete-betean bizi izan zuen mendiko erromerien garaia, baina irratiak eta txapelketak etorri eta soinu txikia kultura molde modernoetan sartzen hasi zenean, egoera berrira egokitzen jakin zuen eta, ez hori bakarrik, zenbait arlotan aitzindari izaten asmatu zuen, irakaskuntzan esate baterako, bera izan baitzen Elgetaren ondotik ikasleei ierakusten hasi zena, etxean jendea hartuz lehenik eta Usurbilen lokala zabalduz ondoren.

Zertzelada jakingarri horien gainetik, ordea, bere izaera, inguruan festa jartzeko zuen dohaina, bizitza apustu gisa ikusteko zuen joera eta veste hainbat ezaugarrik egiten dute erakargarri, egiten dute handi Eleuterio Tapia, bere azken urteetako gertakari makurrak ahastu Gabe, Intxaurrondo kuartelean basaki torturatu baitzuten, epailearen Aurrera joan eta libre gelditzeko.

 

Aza 20 2017

Iturbide, igitai jolea

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

EGILEA: AMAGOIA GURRUTXAGA URANGA

LIBURU+DISKOA

Urrestilan jendaurrean lehendabiziko aldiz jo eta gero, igitaiarekin jarduten nuen arbi sororako bidean, jaiko piez buruan nuela. Horrek ez dauka, baina, inolako meriturik.

Igitaiak oso terreno txikia zeukan, eta baliteke nire pandero jotzeak, tarte txikian soinu ugari ateratzeko gaitasunak, zerikusia izatea horrekin. Nik, izan ere, ez dut mugimendua eskumuturretik egiten, hatzekin baizik.

Eta haize pixka bat sartu zitzaidanez, hurrengo, Nuarbeko Trinidade festetara joan nintzen. Osintxuar bat joaten zen hara piano soinuarekin, Periko zuen izena, eta, igitaiarekin entsaiatu ondoren, hurbildu nintzen. Soinujoleek beti eramaten zuten pandero bat lagun egin ziezaien, eta han ere eskaini zidaten. Nik jo egin nuen.

Uzt 14 2017

Pobrearen Pianoa

… Osaba Mikelen soinu gorriak hotsa berezia ateratzen zuen, pianoko soinu txiki hark Larrinaga zuen izena. Urrutira entzuten zen, nola erakartzen ninduen marru zoragarri hark!

Osabak berak kontatu zidan zergatia: soinu etxera joan omen zen Donostiara eta bertan Martzelino Larrinagari eskaera egin omen zion ea trikitixaren hotsa jartzerik ba ote zegoen soinu hari. Baita jarri ere, ez zen ingeniari makala Larrinaga zaharra. Eibarkoa izan behar zuen Martzelinok, erlojeroa ofizioz. …

… Osaba Eluterioren soinuek eragiten zidaten zirrararik handiena: bi Larrinaga-Guerrini zituen, bata marroixka tekladu beltzarekin Do tonuan afinatua, errejistro batekoa. Bestea berdea, eskuinean bi botoi gehiago zituena, baina hotsik ateratzen ez zutenak, edertzeko jarriak. Hau izan omen zen Eleuterioren lehenengo soinua, eta Do tonuan omen zegoen afinatua hasieran. Liluratua egoten nintzen osabari begira. Tresna haiek margotzen nituen nire eskolako kaieretan. Nola gustatzen zitzaizkidan Larrinaga zahar haiek… (Joseba Tapia Usabiaga)

… Langile guztiek behar izaten dituzte erremintarik egokienak beraien lana txukun burutzeko. Trikitilariek ere, soinean eramaten dituzten lanabesak direnik eta preziatuenak izaten dira, altxor baten modura zaintzen dituzte. Hari horri tiraka, trikitixaren munduan altxor preziatuenak izan dira Marcelino Larrinagaren eta Florentino Guerriniren eskuetatik sortutako soinuak. Liburu honetan tokia egin nahi izan diegu etxeetan gordeta dauden egurrezko bitxi horiei.

Euskal Herrian zehar trikitixa ugari aurkitu ditugu molde honetakoak. Kepa Gonzalez argazkilariaren proposamenez etxez etxe joan gara soinu hauek dauden ingurunean bertan argazkiak ateratzera, soinu bakoitzari bere tokia errespetatuz. Soinuen jabeek beraien etxeetako ateak ireki dizkigute eta Kepak etxeko tokirik egokienak aukeratu ditu argazkiak burutzeko, ondoren estudioan mimo handiz landu dituelarik. … (EHTE)

Aza 28 2016

Laja, trikitixaren zubia

EGILEA: JOXEMARI IRIONDO UNANUE

LIBURUA + DISKOA

Elgetaren jakituria, Sakabiren soinua jotzeko zehaztasuna –notak garbi markatzea gustatzen zitzaion Lasturkoari– eta Joxe Mari Altuna musikalari azpeitiarraren trebezia ikasi eta ondu zituen, lehengo trikitilari zaharretatik abiatu eta oraingo trikitilari gazte ondo hezietara zubia egiteko. Eta aurrekoen eredua jarraituz, ate-joka etorri zaizkion gazteei bere jakituria transmititzen saiatzen da, aurrerantz ere iraun dezan trikitixak sendo eta indartsu. Nekez izango da Gipuzkoan herri eta auzorik inoiz edo behin Laja soinua jotzen izan ez denik. Hasi Gorostietako saletxe ondoko erromeriatik eta Kataluniako Arsèguelera, plaza txiki eta handi asko ezagutu du bere ibilbide luze eta oparoan. Azkenengo urte hauetan, berriz, Bizkaian, Nafarroan eta Iparraldean ere ezaguna da Lajaren irribarre gozoa eta lanerako gogoa. “Soinua ondo jo ez ezik, inportantea da herriarekin elkartzen jakitea, bat egitea -zioen-. Eskatutakoa ematen saiatzen bazara, berriz ere itzuliko zara herri horretara. Maila ona eman behar da, jendearekin ondo konektatu, eta eskatzen dizuna ematen ahalegindu”, esaten du.

maiatza 16 2016

Zuriak eta beltzak jotakoak

EGILEA: EUSKAL HERRIKO TRIKITIXA ELKARTEA

Argazki zaharren liburua

… Trikitiari eskainitako monografiko hau, teknologia digitala agertu artean, etxe guztietan eduki izan ditugun eta gure bizitzako une bereziak betikotzeko balio izan duten erretratu album horietakoen gisako argitalpen grafiko bat dugu. Eserialdi batean hasieratik bukaerara gainbegiratzeko modukoa, edo tarteka, arasatik hartu eta zatika ikustekoa… (Agurtzane Elustondo Plazaola)

… Liburu honen arrazoia azken mendeko trikitiaren eta trikitilarien irudien dokumentu grafikoa izatea da. Dudarik gabe ez dira XX. mendeko jotzaile guztiak ageri, batez ere azken hamarkadei erreparatzen badiegu… (EHTE)

Aza 2 2015

Arizterrazu, mandioko (azken) erromeria

EGILEA: Joxemari Iriondo

Liburua + Diskoa

… festa honen arima eta bizia diren Martxel Ansa, Joan Mari Azkue eta Joxe Alkain lankideari eman nien hitza egunen batean idatziko nuela zerbait erromeria horri buruz, oso bitxia eta harrigarria iruditu baitzitzaidan Aia barreneko txoko horretan egiten den festa ederra.

… aldian behingo tarte libreetan orri batzuk zirriborratu nituen ahal nuen tokietatik hau eta hori bilduz, baten eta bestearen kontakizunak entzun eta jasoz. Arizterrazuko Azkue familiak, Joxe Alkainek, Laja eta Landakandak, Agurtzane Elustondok, Koro Lertxundik eta abarrek emandako laguntasunaz gainera, inguru horretan aurkitu dudan informazioa metatzen ahalegindu naiz, esker oneko lore-sorta baten antzera eskaintzeko liburuxka hau Andatza Erromeria Elkarteari eta hor biltzeko ohitura duten euskal erromeriazale guztiei, galtzen edo eraldatzen doan ohituraren historia zati baten lekuko antzera geldi dadin, esperantzari leiho bat irekiz gerora begira.

Aza 24 2014

Zendoia, pozaren mezularia

EGILEA: Laxaro Azkune Sudupe

Liburua + Diskoa

Imanol Arregi “Iturbidek” esana:

“Tomas Zendoiak asko estimatu izan du ondoan panderoa jotzen duena izatea. Dezentetan tokatu izan zait berarekin erromeria edo bodaren batean. Behin baino gehiagotan esan izan dut, Tomasen dohainik handiena besteak pozik ikusten gozatzea dela, eta zoragarria, horretan jartzen duen enpeinua ikustea. Fraide bati entzun nion behin, orain 40 urte inguru: “Noiz hasiko gara besteak pozik ikusi eta gu poza sentitzen?”. Zendoiak horixe egin du bizi guztian.

Tomas oso eskuzabala izan da. Plazara joandako bakoitzean, zuen guztia emantera joaten zen, gehiegitan estuegi, presa gehiegirekin bezala. Izan ere, iritsi orduko hasiko zen, entxufe bila, hau edo hura, beti estu, lanean hasi arteko onik ez. Gero soinua jotzen hasitakoan, hura ez zen nekatzen, ez zen aspertzen”.

Aza 25 2012

Maltzeta, soinu bete bihotz

EGILEA: JUAN LUIS ZABALA

Liburua + Diskoa

Aizpurutxo, Elosua, Gorla, Pol Pol, Irukurutzeta, Zargoate, Madarixa, Aingeru Guarda, Urrategi, Martitte, Oleta, Agiñeta eta berriro Aizpurutxo, “kapitala”. Erromeria leku ezagunen zirkuitu opari horri buelta osoa emanez gero, erdian geratuko liratekeen baserrietako bat zen Maltzeta Etxetxo, Juanito Garateren jaiotetxea.

Aita eta osabak dultzaineroak izanik, handia zen kutsatzeko arriskua, eta bai gozo kutsatu ere Juanito mutil koxkorra, bereziki Gelatxo Irukurutzetan jotzen ikusi eta gero.

Afizioak, Elgeta eta Sakabiren bultzadarekin, zirkulu hori gainditu eta Aia eta Asteasu aldera eraman zuen lehenik, ezin konta ahala bazterretara gero. Erromerien bete-beteko garai hartan, soinu jotzailerik estimatuenetakoa izateaz gain, herriak bereganatutako hainbat piezaren egile izateko meritua eta ohorea izan zuen.

Ustegabeko berrikuntza ekarri zuen gero, alaba Mamen, artean neska koxkorra zela, laguntzaile hartu zuenean, pandero jotzen eta “aupa aitatxo!” oihu adore-emaileen artean kantatzen. Neska koxkor baten bizipoza txertatuz, freskatu estimagarria eman zion trikitixa zaharrari.

Bere bizitzako azken urteetan, Azkoititik Hondarribira aldatuta, jotzeari eta pieza berriak sortzeari inoiz utzi gabe, lan asko egin zuen irakasle eta trikitixaren zabaltzaile moduan.

—————————-

DISKOA: * Ikur honekin adierazitako piezek Maltzetaren moldaketak dituzte, eta hitzak ere Juanito Garate Maltzetak berak sortutakoak dira.

Disko honetako lehen lau piezak, Maltzetak eta Izerrek Arrate Irratian 1963 urte inguruan grabatutakoak dira. Garai beretsukoak dira Maltzetak Landakandarekin grabatutakoak ere. Maltzetaren moldaketak dituzten piezetan, hainbat trikitilarik sortutako zatiez gain, berak sortutakoak topatuko dituzue. Maltzeta anaien eta aita-alaben grabazioak, Juanito Garateren etxean jasotakoak dira, tartean, etxean bertan grabatutakoak. Audioaren kalitateari baino, pieza hauek duten balio historikoari eman diogu garrantzia.

Maltzeta eta Tomas Arrizabalaga “Izer”:

  • Fandangoa. Maltzeta[audio:Maltzeta 01.mp3]
  • Arin arina. Maltzeta[audio:Maltzeta 02.mp3]
  • Arin arina. Txistulariena[audio:Maltzeta 03.mp3]
  • Kalejira*[audio:Maltzeta 04.mp3]

Maltzeta eta Landakanda

  • Fandangoa. Herrikoia[audio:Maltzeta 05.mp3]
  • Arin arina. Txistulariena*[audio:Maltzeta 06.mp3]

Maltzeta anaiak

  • Kalejira*[audio:Maltzeta 07.mp3]
  • Gazte alai. Fandangoa. Maltzeta[audio:Maltzeta 08.mp3]
  • Arin arina. Herrikoia[audio:Maltzeta 09.mp3]
  • Trikitixa*[audio:Maltzeta 10.mp3]
  • Porrusalda*[audio:Maltzeta 11.mp3]
  • Fandangoa. Herrikoia[audio:Maltzeta 12.mp3]
  • Fandangoa. Herrikoia[audio:Maltzeta 13.mp3]
  • Fandangoa. Maltzeta[audio:Maltzeta 14.mp3]
  • Trikitixa*[audio:Maltzeta 15.mp3]
  • Porrusalda*[audio:Maltzeta 16.mp3]
  • Trikitixa*[audio:Maltzeta 17.mp3]
  • Kalejira*[audio:Maltzeta 18.mp3]

Maltzeta aita-alabak

  • Trikitixa*[audio:Maltzeta 19.mp3]
  • Arin arina-Porrusalda*[audio:Maltzeta 20.mp3]
  • Trikitixa*[audio:Maltzeta 21.mp3]
  • Porrusalda*[audio:Maltzeta 22.mp3]
  • Kalejira. Maltzeta[audio:Maltzeta 23.mp3]

2012 / Soinuaren Liburutegia, 9

Urr 25 2011

Landakanda, panderoaren erregea

EGILEA: MIEL A. ELUSTONDO

Liburua + Diskoa

“Izena ezagutu arren, haren izanik ez nuen ezagutzen. Liburua eginez ezagutu dut, eta ez dut dudarik izan izenburuan “Panderoaren erregea” jartzeko. Lehendik ere titulu hori jasoa da Landakanda. 1998an, omenaldia egin ziotenean Azpeitian, “Panderoaren erregearen atsedena” idatzi zuen Felix Ibargutxi kazetariak egunkarian. Landakandarekin hizketan, berriz, jakin dut sasoi batean Azkoitian egin zen festibal batean ere halaxe jarri zutela afixan: “El rey del pandero”. Ramoni ez zaio askorik gustatzen “errege” kontu hori, neu ere ez naiz erregezalea batere, baina, Landakanda artista hutsa dela adierazteko modua da. Bestela, “Panderoaren artista” ere ez legoke txarki. Errege, ez errege… artista da Ramon”.

—————————-

DISKOA: Lehenengo pieza 1963. urte inguruan Landakandak Maltzetarekin grabatutakoa da. Hurrengo biak berriz, Eleuterio Tapiarekin jotakoak dira. Gainerakoetan, Laja eta Landakanda entzungo dituzue, 1979tik 2005era bitarteko grabazioetan. Disko honetako azken hiru piezetan Zabaleta eta Txetxu Urrutia dituzte lagun.

  • Trikitixa[audio:Landakanda 01.mp3]
  • Loiolari. Trikitixa. 1973[audio:Landakanda 02.mp3]
  • Oraingo gazteak. Porrusalda. 1973[audio:Landakanda 03.mp3]
  • Fandangoa. Euskadiko Trikitixa Txapelketa. 1979[audio:Landakanda 04.mp3]
  • Trikitixa. Euskadiko Trikitixa Txapelketa. 1982[audio:Landakanda 05.mp3]
  • Porrusalda. Euskadiko Trikitixa Txapelketa. 1982[audio:Landakanda 06.mp3]
  • Ama nik neska nahi det. Kalejira. 1986[audio:Landakanda 07.mp3]
  • Trikitilariak gera. Trikitixa. 1986[audio:Landakanda 08.mp3]
  • Moda berrian. Porrusalda. 1986[audio:Landakanda 09.mp3]
  • Kalejira. 1986[audio:Landakanda 10.mp3]
  • Donostiako hiru damatxo – Ez dut galdu esperantza. Balsa. Zumarraga, 1988[audio:Landakanda 11.mp3]
  • Arin arina. Zumarraga, 1990[audio:Landakanda 12.mp3]
  • Eutsi lagun. Balsa. Zumarraga, 1992[audio:Landakanda 13.mp3]
  • Euskal gazteak dantzan. Fandangoa. “Inpernuko Poza” jardunaldiak. 2005[audio:Landakanda 14.mp3]
  • Gora zazpiak bat. Arin arina. “Inpernuko Poza” jardunaldiak. 2005[audio:Landakanda 15.mp3]
  • Zazpi Euskal Herriek. Kalejira. “Inpernuko Poza” jardunaldiak. 2005[audio:Landakanda 16.mp3]

2011 / Soinuaren Liburutegia, 8

Api 26 2006

Urrestillako Trikitixa, Auntxa eta Iturbidetarrak

EGILEA: JOXEMARI IRIONDO UNANUE

Liburua + Diskoa

“Artean haurra edo oso mutiko nintzela ezagutu nuen Auntxa, zortzi edo bederatzi urte nituela, gutxi gorabehera . Izan ere, haren anaia zaharragoa, Juan (Auntxa zaharra izengoitia ematen genion guk), Arizumarraga-goikoako Mª Inazia Kerejetarekin ezkonduta zegoen, eta guretik (Arizumarraga-azpikoatik) gora joaten ikusi nuen behin baino gehiagotan, San Isidro jaietan-eta, anaiaren familiakoak bisitatu eta zaindariaren jaia haiekin ospatzeko, jaietan gonbidatuak egiteko ohitura baitzen orduan.Auntxaren ezagutza horrez gainera, eskusoinua edo soinu txikia (orain trikitixa deitua) zerbait harrigarria zen niretzat orduan, Aratz-errekan, Kizkitzan, Belokin, Oletan, Pagotxetan eta inguruko erromerietan umetan ikusi nuenez gero. Ahoa bete hortz egon ohi nintzen soinua jotzen zuenari begirik kendu gabe, harriduraz . Hauspoaren itxi-irekian ateratzen zuen soinuaren hotsa hezur-muinetaraino sartzen zitzaidan niri orduan; eta hamaika amets egin nuen gure amonak kontatu ohi zidan ipuinetako soinu-jotzaile bekatari haren istorioak entzuten nituenean. Soinu-jolea mutilzaharra omen zela esaten zidan, eta Elgeta zenari buruz ari ote zen pentsatu izan dut geroztik askotan.…txundituta, liluratuta, harri eta zur utzi ohi nindutela soinu-joleek, benetan . Izan ere, eskusoinua hala jotzen zuten gizonak , supergizonak-edo zirela pentsatu ohi nuen, ez zirela besteak bezalako gizon arruntak, alegia . Eta halaxe pentsatu izan ez banu, saiatuko nintzen, agian, nonbaitetik eskusoinu xahar bat inguratu eta ikasten, Xaxurrek egindako dultzaina ikaragarri zail harekin saiatu ohi ginen bezalaxe, fita (dultzainaren puntakoa) noiz puskatuko beldurrez, berria erosteko dirurik ez genuen-eta”.